Alex Aspe

Helduagoak al gara?

Agian orokorregia, baina benetan interesgarria aurrean daukagun galdera. Erantzun espektroa oso zabala dela iruditzen zait, erantzunak hainbat esparruetako adibideekin bete ditzakegulako aldeko eta kontrako argumentu ugari aurkeztuz, baina tira saiatuko naiz ahalik eta iritzi zehatzena emoten.

Oso gainetik aztertuta, hausnarketa sakonik gabe, erraza da esatea baietz, helduagoak garela. Azken batean nork ukatu aurrerapenak ugariak izan direla, gure mundu aseezin honetan gutxienez. Badirudi emakumeen rola egon behar den lekura itzultzen ari dela nahi baino astiroago bada ere, bazter batean izkutatuta zegoen LGTB kolektiboak ahotsa hartu duela, Estatu Batuetatik ekaitza datorren arren demokraziak aurrera pausuak eman dituela...

Talde ezberdinek martxan jarritako azpiegitura humanitarioak edo gobernuz kanpoko erakundeak ere txalotzekoak dira benetan eta gizarte osasuntsu baten seinale izan daitezke.

Baina pixka bat sakonduz, norainokoa da heldutasunaren alorrean egindako aurrerapausua?

Erosotasuna da gaur egun bilatzen duguna kosta ala kosta, eta moralki ondo sentiarazten gaituzten ekintza pare bat burutu ostean nahikoa dugu, ase sentitzen gara, atzo guretzako ezinbestekotzat hartzen genuen hura, gaur, alde batera utziz.

Ulergarria izan daiteke, izan ere, oso bizitza azkarreko mundu batean bizi gara, eta askotan nahikoa izaten dugu lanetik ekarritako edo etxean bertan ditugun ardurekin, beste batzuk gainean erortzen uzteko, gainera moraltasunarekin lotuak, hau da buruhaustea!

Erosotasunaren bilaketa horretan, aitzakiak soberan agertu ohi dira eta gure ingurua eta ingurukoak salbu dauden bitartean ez dugu hatzamar bat ere mugituko. Ez hori bakarrik norbaitek gure ekintzak (edo ekintza ezak) kritikatzen badizkigu lehen aipatutako aurrerapenen aterkia ireki eta pasibitateari bide zabala eskeintzen diogu nahieran korrika egin ahal izateko.

Ez naiz ni, hamazazpi urteko ikaslea, izango gizartea guztiz heldugabea dela esango duena salbuespenak egon badaudelako, baina helduak garela onartu ahal izateko bidea daukagu egiteko oraindik, pasibitate amaigabea albotik kentzetik hasita.

Bilatu