Iñaki Altuna
GAUR8

Historia aurrera doa, eta politikak esan behar du nora

Abuztu hondarrean gaude eta urte politiko berria hortxe dugu, ate joka. Euskal prozesu politikoarentzat urte garrantzitsua izango dugu. «Eta zer urte ez da izan garrantzitsu?», galde dezake edonork. Halaxe da, ez dugu besterik gabeko urterik ezagutu, baina bai guztien artean bereziak edo mugarri izan direnak.

2011 izan genuen, ezbairik gabe, azkenekoetan aipagarriena. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeak (Bildu fenomenoaren sorrera eta arrakasta ekarri zutenak, Auzitegi Konstituzionalak koalizioa legeztatu ostean), Aieteko Konferentzia, ETAk borroka armatua uzteko erabakia (urte berean su-eten iraunkor eta orokorra indarrean jarri eta gero) eta Espainiako hauteskunde orokorrak (PP iritsi zen Gobernura) izan genituen bata bestearen atzean.

Ate joka den urte politikoan hauteskunde ziklo berri bat abiatuko da primaderako bozketekin. Nonahi aurki daitezke arreta guneak, gori-gori. Nafarroan, eskuina kaltetu duen krisi instituzional sakonak eta PSN kasik hondoratu duen nora ezak inoiz ezagutu ez bezalako aukerak sortu dituzte aldaketak eragiteko, sikiera gogoz saiatzeko. Inkestek hala diote. Datu kezkagarriak boterearen ingurumarian ibili direnentzat. Argitzeko dituzte hautagaiak eta aliantzak. Gainerako indarrak gai izango ote dira gehiengoa lortzeko eta, segidan, elkarrekin konpontzeko? Erantzukizun handia dute, norberak bere buruari begiratzea baino haragokoa. Kontuan hartu behar da, gainera, bloke horretan aldaketak gerta daitezkeela, funtsean –betiere, inkestek diotenaren arabera– Podemos aurkezten bada, indartsu sartuko litzatekeelako eta Geroa Baik pisua gal dezakeelako.

Euskal Herria Bilduren garapena izango da beste arreta gai bat, aurreko hauteskundeetan sekulako arrakasta izan ostean; maila handi batean, ezker abertzaleak konponbide prozesuaren alde egindako ahaleginaren saria jaso baitzuen. Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia eskuratzea arrakasta horren adierazle esanguratsuenak izan ziren. Bi erronka ditu ezker abertzaleak hurrengo hitzordurako: abiarazitako prozesu politikoak aurrerabidea izan dezan indarrak batzea, alde batetik, eta, bestetik, erakundeen kudeaketan egindakoaren balioa baieztatzea.

Hauteskunde zikloa hasteak konponbide prozesuak behar dituen harremanak zail ditzake. Hala dio esperientziak, zoritxarrez. Kalkulu elektoralek maiz kaltetzen dituzte bestelako ekinbide politikoak. EAJk izango duen jokabidea faktore garrantzitsua izan daiteke. Azkenaldian, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin jarrera ausarta izan ostean, nabarmen egin dute atzera Iñigo Urkulluk eta bere Gobernuak –presoekin Erkorekak egindako adierazpenek egiaztatu zutenez–. Lehendakari kargua egokia litzateke alderdien gainetik aritzeko, baina ez da hala izaten ari, Urkulluren soslaia dela-eta. Horren faltan, EAJk hartu al dezake protagonismorik prozesuan gehiago inplikatzeko? Hauteskunde interesek itsututa, urtea politikoki hiltzen uztea arduragabekeria litzateke.

Hauteskundeak gorabehera, erabakitzeko eskubidearen arrastotik aurrera egiteko aukerak hortxe daude. Joan den ekainean Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza kateak erreferentzia garbia utzi zuen, herri babesaren adierazle, eta oso denbora gutxian tamaina handiko gertaerak izango dira nazioartean: Eskoziako erreferenduma eta Kataluniako prozesua.

Gatazkaren ondorioak izango ditugu beste funtsezko eremu bat. Presoen Euskal Herriratze edota kaleratzeek (ez dira derrigorrean bata bestearen ondoko sekuentziatzat hartu behar, kaleratzea baita beti desiragarri) bataila politiko, sozial eta juridiko berriak ekarriko dituzte. Antza, Estatu frantsesean egindako urteak kontuan hartzen badira, preso talde bat libre geratzeko aukera dago. Zailtasunak izango dira, nolanahi ere; arma zenbatze eta zigilatzean, egiaztatzaileei eginiko presioa dela-eta, izango diren bezalaxe. Halere, ez da mugituko ez den eremurik izango. Historia, denbora bezalaxe, ez baita gelditzen. Politikaren ardura da garapena egokia izatea.

Bilatu