Ramon Sola
GAUR8

Gure Nobel saria Ingalaterra eta Sri Lankara joango ote?

Barregarri samarra egiten da noizbehinka entzutea Patxi Lopez «bakearen lehendakaria» izan zela. Prozesu honen historia idazten denean bere izena ez da aipatu ere egingo, munduko lurralde batean eguzki eklipse bat gertatzen denean hango gobernuburu nor den aipatzerik ez dagoen bezala

Tokatu zitzaion eta kito (eta barregarriagoa dena, tokatu zitzaionean Atlantikoz beste aldera alde egin zuen, bakearen ortzimugak hainbeste ordezkari politikorengan eragiten duen izuaren seinale; baina tira, askotan aipatu da jada trenaren pasarte sasikomiko hura). Kontua da inori ez zaiola burutik pasa ere egingo, eguna iristen denean, Euskal Herriko bake prozesuaren Nobel saria Patxi Lopezi ematea.

Horretarako hautagaitza, behintzat, errazago zuen Iñigo Urkulluk, kargua hartu orduko (2012ko abendua) oso heldu zeudelako gauzak, prozesu oso bat abian, gauza zailenak (ia ezinezko ziruditenak) eginak... Ez zuen hasierako posizio txarrik: Aieteko Konferentzian egona zen, alde guztiekin interlokuzio eraginkorra bultzatzeko aukera eta gogoa suposatzen zitzaizkion, kudeaketarako baliabide asko ematen zizkion Jaurlaritzak... Urte eta erdi geroago, ordea, gero eta urrunago du Urkulluk Irlandako prozesuan John Hume (bere akats eta muga guztiekin) izan zena izatera heltzea. Lopezen antzera, aurrez aurre aurkitutako aukeratik ihes egiteari ekin dio Urkulluk, eta orain, gainera, ez da ez-egitearen bidez, egite okerraren bitartez baizik: nazioarteko komunitateak apaindutako Aieteko ibilbide-orria alboratu du; interlokuzio minimorik ez du lortu (Gobernu espainolaren posizioa ez du milimetro bat bera ere aurreratu, eta ezker abertzalearen mugimenduak ez dira preseski lehendakariaren ekimenaren ondorio; areago, Rajoyk ez dio telefonoa hartzen, Powelli eta McGuinnessi bizkarra eman die, Sorturekin ez da biltzen...); eta eskuetan dituen baliabideak ez ditu garatu (Bake Planaren berririk ez da, Legebiltzarreko ponentziak blokeaturik eta geldirik segitzen du...)

Estatuari (estatuei) eta beren indar politikoei begiratuta, argi da Nobel saria ematen duen Osloko batzordeak ez lukeela bere hausnarketan minutu bat bera ere galdu beharko. Lagun harreman eta elkarlan estua izan omen zuten arren, Jose Luis Rodriguez Zapatero ez zen Tony Blair bilakatu, eta bazuen zer bideratu Aieteko egunetik Moncloako jauregia utzi zuen arte. Eta zer esan Mariano Rajoyri buruz? Ez Blair ez John Major ez inor, mundu osoan ez da aurkitzen pareko axolagabekeria pertsonalik, alferkeria intelektualik eta arduragabekeria politikorik. Hala ere, gogora dezagun Irlandako prozesuko Bakearen Nobel sari hura ez zietela britainiarrei eman, irlandarrei baizik. Beraz, David Trimblerik ba al dugu? Unionista ausart eta konprometiturik? Ez dira ba Arantza Quiroga edota Yolanda Barcina izango...

Hona iritsita, desengaina dadila irakurlea. Ezker abertzaleari ez diote Nobel saririk emango, ez IRAri ez Sinn Feini eman ez zieten bezalaxe. Merezimenduak ez dio aurrea hartzen hainbat aurreiritziri. Nahiz eta bake prozesuen gaineko nazioarteko edozein adituk garbi adierazten duen zein den euskal prozesuaren ezaugarri nagusia (aldebakartasuna) eta argi duen non dagoen sari hori eskuetan hartu beharko lukeen aitzindaria (Logroñoko ziega batean). Ez da arazo, ezker abertzaleak ez baitu egoera horrelako aitorpenik lortzeko irauli, Euskal Herriaren eta euskal herritarren askatasuna irabazteko baizik; eta hori erdiestea baino sari hobeagorik ez du izango.

Beraz, eguna iritsita –eta iritsi beharko da, hemengoa Europa Mendebaldeko azkenengo gatazka armatua izan baita–, norentzat Bakearen Nobel saria? Apusturik izatekotan, une honetan Jonathan Powell eta Ram Manikkalingam buruan direla esango nuke; lehena Ingalaterran jaioa, bigarrena Sri Lankan sortua. Marka litzateke.

Bilatu