Iratxe eta Esther Urrutikoetxea
Igor Urrutikoetxearen arrebak

Igor Urrutikoetxea: Isildu ez den ahotsa

Kaixo Igor. Urtebete pasatu denean oraindik ez dugu indarrik, ez dugu indarrik zuri esan beharreko, eskertu beharreko guztia adierazteko. Zure izena behin eta berriro oihukatzeaz batera, etxera ekarri nahi zaitugu, bueltan.

2013ko urriko egun batean etxetik joan zinen, beste hainbestetan egiten zenuen bezala, behin eta berriro irakurri dugun elkarrizketa egin berri, dena prest utzi ondoren. Abisatu egin gintuzun, «zuen urtebetetze egunetan ez naiz hemen egongo, baina zoriondu egingo zaituztet»; eta hala egin ere. Hain urruneko lurraldeetatik, etxekoenganako oroitzapen eta itxaropen onak erakutsi zenizkigun beste behin. Eskerrik asko.


Askotan galdetu diogu geure buruari zer egiten zenuen han Igor, zertan ari zinen. Eta momentuan etortzen zaizkigu gogora zure aurpegi alaia, zure irribarrea eta zure bizi nahiak. Lezaman jaio zinen baina gogor zapalduz igaro zara mundutik. Txikitatik igartzen genizun, irakurtzen ikasi zenuenetik, ekin eta ekin ibili zara, liburu horietako lerroen artean aurkitutako justiziaren aldeko borroka bizian.


Gaur esan behar dizugu inoiz baino presenteago zaudela, ez bakarrik familia eta lagunen artean, zuk bezala askatasuna eta justiziaren aldeko borroka inoiz baino biziago sentitzen dugun guztion artean ere. Esaten zenuen moduan, «ulertezina da, munduan lur zati txiki bat erein gabe geratzen den bitartean, jatekorik ahora eramateko ez duten gizakiak egotea; ulertezin, osasun tratamendurik ez duten haurtxoak izatea; ulertezin, idazten-irakurtzen ez dakiten gizon-emakumeak egotea…». Bidegabekerien kontra egin duzu lan Igor, eta horrexegatik miresten zaitugu eta miresten zaituzte, zuk hain hur sentitu dituzun lurralde urrun –eta guretzat ezezagun– horietako pertsonak.


Sarritan aipatzen zenuen lider baten esanetan «zuek lapur bat epaitzen duzuenean, epaileok, ez diozue galdetzen zenbat denbora daraman lanik gabe, zenbat seme-alaba dituen, astean zenbat egunetan jaten duen; ez zarete bere inguruko giza-baldintzez arduratzen; espetxeratu egiten duzue eta kitto. Hara (espetxera) ez dira joaten aseguru-polizak kobratzeko biltegi eta dendak erretzen dituztenak, nahiz eta sutean gizakiak ere erre, abokatuak ordaintzeko eta epaileak erosteko beste badutelako.


«Gosez hiltzen ari den gizagaixo hori kartzelatzen duzue, baina herriei dirutza eta bizitzak lapurtu dizkietenak, horiek ez dira inoiz espetxeratuak izaten». Zuk horien guztien alde borrokatu zenuen, langile eta herrien alde.


Gizabanakook buruan ideal bera daramagunean, ez dago ezer isilduko gaituenik. Oroitzapen, arima, ideia, kontzientzia… berberak izateak, duintasuna ematen dio herriari, zuk ondotxo dakizun bezala. Hainbeste maite duzun Euskal Herritik, hitza eta lana horrantz bideratu dituzu beti munduan barrena.


Mundua txiki geratu zaizu Igor, zu handia zarelako eta zure arrastoa sakonegia delako. Aztarna erraldoia utzi duzu hitzez zapaldu dituzun lur horietan guztietan eta hitzez ukitu dituzun bihotz bizietan. Zure bizipen paregabe horren lekuko gara; harro gaude eta horrela sentitu nahi dugu, zutaz harro.


Hitz hauek «kaixo» esanez hasi ditugu, eta horrela agurtu nahi genituzke zurekin hainbestetan konpartitu duten pertsonak, lagun eta irakurle guztiak.


Besarkada handi bat eurentzat ere zure partez, gure partez… Eskerrik asko Igorren partez, ixildu ez den ahotsaren partez.

Bilatu