Joseba Garmendia
EHU-ko irakaslea

Independentziarako helize hirukoitza

Kultura eta praxi independentistaren koordenatu nagusiak elkar osatzen duten eta tokiaren eta subjektuen arabera moldatu daitezkeen hiru erpinetan jar daitezke: demokrazian sakondu; gizarte eta ekonomia eredu aurreratu propioa eraiki; gure kultura eta hizkuntza sendotu

Politikaren inguruko eztabaida intelektuala katramilatua ikus daiteke sarri. Eragiketa metodologiko kamutsetan zangotrabatzen dira zehaztasun eta zintzotasun zientifikoak. Hausnarketa eta ideien trukaketa lasai eta aberasgarrirako espazioak erein eta zaindu ordez, norberaren posizioa irmotzea xede duen produkzio mesianikoa edota jarrera sektarioak ugalduz doaz.

Zenbait plazatan, kontzeptu marxisten erabilerak metodo marxista ordezkatu ohi du. Beste batzuetan, ardatz bakarrean edo bitan zedarritzen da analisia. Konplexutasuna interpretatzera baino sinplekeriak karikatura baldarretara eramaten du hausnarketa. Bikote xinple antagoniko ez-dialektikoetan edota totem bilakatutako kontzeptuetan eraikitzen dira teorizazioak. Publiko/pribatu; mugimendu sozialak/instituzioak; aldebakar/aldebiko; akordioa/konfrontazioa; giza-eskubideak/eduki edo izaera politikoa; Maltzaga/bloke subiranista; erreforma/iraultza dikotomia antagoniko zurrunak bilakatzen dira, aukeren espazioa agortuko balute bezala maneiatuak, posizioen gerrari oxigenoa ukatuz.

Pentsatzeko modu honek dakartzan emaitza okerren artean «pendulu efektu» bezala ezaguna den zorabio politikoa dago, sarritan bertutea den orekan asmatu ordez. Okerra ere bada azterketaren objektua aldeztu nahi den hipotesira makurtzea eta tolestea, edota erreferentziazko autoreak zein historiako gertakizunak maltzurki erabiltzea, edukiz hustuz eta desfiguratuz.

Aje hauen artean mugitzen den hausnarketetako bat, dikotomia antagonikoetara biribiltzeko joera hartu duena, kulturan oinarritutako nazio etniko eta nahimenean oinarritutako nazio zibikoaren artekoa da, edota, nahi bada, abertzaletasun eta independentismoaren artekoa.

Oinarri pare bat hasteko. Aske izan nahi duen nazioa garelako independentzia helburutzat baino, xede unibertsal Euskal Herriratu batzuk lortzeko independentzia bitarteko bezala kontsideratzea abiapuntua litzateke. Bigarrenik, subiranotasuna continuum gisan kontsideratzen bada, non mutur batean egungo egoera autonomikoa jar daitekeen eta bestean Nazio Batuetan eseriko den Estatua, aukera dago eskuduntza maila altua jasotzen zuten proposamen historikoak (KAS, Ibarretxe, Loiola…) posizioen gerra horretan erabiltzeko, karta bakarrera jokatu ordez. Historiak erakutsitakoaren arabera, egingarriagoa izan daiteke Estatu independentea, gure arazoei eta potentzialtasunei erantzungo dien eskuduntza maila altuko Estatutu bat lortzea baino. Dena den, bi bideek elkar elikatzen dute, Kataluniakoa adibide.

Kultura, diskurtso eta praxi independentistaren koordenatu nagusiak hiru erpin edo helizeetan jar daitezke, elkar osatzen dutenak eta tokiaren eta subjektuen arabera moldatu daitezkeenak. Nolabait izendatzearren helizeak hauek lirateke: a) demokrazian sakondu; b) gizarte eta ekonomia eredu aurreratu propioa eraiki; eta c) gure kultura eta hizkuntza sendotu. Neurri batean, “zergatik independentzia” galderarentzako erantzun multzoak biltzen dira erpin bakoitzean, eta hobetzeko aspirazioa duen gizarte bati norabideak eskaintzearekin estuki lotuta daude. Erpin bakoitzean ideia unibertsalak daude, nazioarteko hainbat itunetan ikus ditzakegunak. Baita gure gizartean antzematen diren arazo, muga, erronka eta nahi partekatuei begirako edukiak ere. Eduki edo ildo hauetako askotan, egungo statu quoari ispilatuz, egitura juridiko politikoen mugak eta mendekotasun kostuak azalarazteko aukera emankorrak landu daitezke.

Demokraziaren kalitatean sakontzeko esparruan, erreferentziatzat Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (Nazio Batuen Erakundea, 1948) eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena (NBE, 1966) har daitezke. Ildo zehatzak ugariak dira: gizartearen ahalduntzea, erabakitzeko eskubidea, errepublika, ustelkeria mugatzea, justizia sistema hobetzea, diskriminazio ezberdinak ezabatzea…

Ongizate maila altuko jendarte eta ekonomia eredua eraikitzeko esparruan, ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen Nazioarteko Hitzarmena (NBE, 1966) zein nazioarteko beste erakunde batzuetan jorratutako proposamenak erreferentziatzat har daitezke. Biltzen dituzten gaiak ugariak dira, gure lurraldean mamitu daitezkeenak krisiaren eraginei eta aterabideei begira. Hala nola: lan duina; gurera egokitutako lan merkatuen arautzea; errenta eta lan banaketa bidezkoa; gizarte-babes maila aurreratua; genero berdintasuna; beste herriekiko elkartasuna eta garapenerako laguntza; gizartearen zerbitzura jarritako ekonomiaren kudeaketa; balio erantsi altuko sare produktiboa; sare produktibo eta gizartearen mesederako finantzak; iraunkortasun irizpideak; kalitatezko osasun zerbitzu eta hezkuntza…

Gure kultura, euskara eta identitate komunitarioa sendotzeko esparruari dagokionez, erreferentziatzat aipatutako batzuez gain Hizkuntza-eskubideen Nazioarteko Aldarrikapena (NBE, 1966) har daiteke. Ezin ahaztu, ardatz honen bitartez marrazten direla pitxerraren muga geopolitikoak. Barnean biltzen dituen ildoetako batzuk hauek dira: euskararen diglosia-egoerarekin amaitu; gure historia berreskuratu eta zabaldu; euskal kultura sendotu, hizkuntza eta kultur dibertsitatea zaindu bitartean; herri/nazio identitate irekia sustatu, herri/nazio ezberdinekiko identitate aukera bermatuz; globalizaziok eragindako kultur pobretzeari aurre egin…

Hiru multzootan bildutako erronketan aspaldidanik ari da lanean gure gizartea. Horretarako baldintzak eta horren erakusle lirateke kultura demokratiko garatua, baldintza material eta indar korrelazio nahikoa, komunitate-identitate sendoa eta gizateriari eskaintzeko kultura eta hizkuntza izatea. Hala ere, hiru ikuspegiek ez dute zertan bat egin nonahi eta une oro.

Aniztasunaren onarpenak, bestalde, hiru esparruak era osagarrian eta ez kontrajarrian funtziona dezaketela ulertzea errazten du. Esparru hauen artean intersekzio eremuak existitzen direlako, lotura-puntuak biderkatzen dituztenak. Esate baterako, esparru sozioekonomikoan, demokraziaren dimentsioa sendotzeak (a-b) ekonomia soziala, solidarioa edota kooperatibismoa indartzea dakar, eta positiboki eragin dezake gizartearen behar eta interesak identifikatzeko gaitasunean, enpresa eredu eraginkorragoan, lan-baldintzen hobetzean, berrikuntza sozialean edota negoziaketa kolektibo eta kontzertazio sozialean. Bestalde, kultura-identitate sendoa izateak edo kultura bereko elementuak partekatzeak ekonomian eta lurralde garapen eta berrikuntzan elementu klabetzat jotzen den kapital soziala elikatzen dute (b-c), baita gizarte-kohesioa, baliabide endogenoak balioztatzea eta lurralde-gaitasunak (ikuspegi estrategikoa, akordioak, berrikuntza, jokaera proaktiboak…) indartzen lagundu ere. Azkenik, identitate komunitario, eredu demokratiko eta kohesio sozial/politikoaren arteko elikatze efektuak nabarmenak dira (a-c), dibertsitatearen onarpena eta zainketak demokraziarengan dakarren onura kasu. Literatura ugari dago intersekzio efektu hauen inguruan.

Eraldaketa prozesurako helburuak (behar, erronka eta nahien araberakoak), mugak, oztopoak, indarrak, palankak eta baldintzak identifikatzeko baliagarria izateaz gain, hiru helize ezberdin eta interkonektatutako elementuen inguruan diskurtsoak eta praktikak artikulatu daitezke. Emaitza sinergikoa, kolektibitate edo komunitate batekiko kidetza sentimendua hauspotzea litzateke, partaidetza multiformeak konbinatzeko gaitasunaren arabera. Ohiko identitate kulturalaz gain edo ondoan, aurrerabide-egitasmo batekiko atxikimendu-partaidetza identitateak (soziala zein politikoa) sortuz edota indartuz, alegia.

Bilatu