Karlos Apeztegia Jaka
Preso ohia

Iraganaren itzulera

Hau Aljeriako istorioa da, herrialde arabiar horretan gertatu baitzen, baina hau ez da mila eta bat gauetako ipuin zoragarri horietakoa, oso bestelakoa baizik.

Hau Aljerren gertatu zen, 1957ko martxoaren 3an. Gau horretan Frantziako Armadako hogei paraxutista inguru kashbako jauregi txiki batean sartu ziren, Moulay sendiaren etxean hain zuzen ere. Soldadu frantziarren buru egiten zuena gizon handia, indartsua eta ilehoria zen. Jean-Marie Le Pen zuen izena eta soldaduek «mon lieutenant» esaten zioten.

Etxe horretako nagusiak Ahmed Moulay zuen izena eta berrogeita bi urte zituen. Paraxutista frantziarrek etxeko nagusia hartu eta torturapean jarri zuten, gau osoan, bere sei seme-alaben eta emazte gaztearen aurrean. Garai hartan tortura saioak  atxilotuen etxeetan burutzea («La torture à domicile») oso ohiko kontua zen Aljerren. Hortaz, Ahmed Moulayri ura lehertu arte edanarazi zioten eta gorputzaren atal guztiak argindarrarekin zigortu zizkioten, besteak beste. Gau osoan zehar. FLNko (Front de Libération Nationale) egitura zehatz bat osatzen zutenen izenak atera nahi zizkioten, baina ez zuen ezer esan. Eta torturapean hil zen.

Egunsentian Le Penek etxea utzi zuen, bertan hilotza utzirik, baina sastakai bat ahaztu zitzaion. Ahmed Moulayren seme gazteenetako batek Le Penen sastakaia hartu eta gorde egin zuen. Hamabi urteko mutikoa  zen eta Mohamed zuen izena. Zergatik egin zuen hori berak ere ez zekien ongi, baina egin zuen.

Hurrengo egunean Jean-Marie Le Pen eta bere soldaduak Moulay sendiaren etxera itzuli ziren, sastakaiaren bila. Etxea nahaspilatu zuten guztiz, baina ez zuten deus ere aurkitu. Ez omen zitzaien aski iruditu eta hurrengo egunean ere sastakaiaren bila itzuli ziren berriz, baina etxea nahaspilatu ondoren ere ezer aurkitu gabe alde egin behar izan zuten.
Mohamed Moulay mutiko gaztea zen eta, bere etxean bertan, aita paraxutista frantziarrek torturapean nola erail zuten ikustea izugarri gogorra izan zen hamabi urte eskaseko mutikoarentzat. Beraz, etxetik alde egin eta mendira jo zuen FLNko borrokalarien bila, zapaltzaile atzerritarren aurka borrokatzeko. Mohamed Moulay FLNko borrokalaririk gazteena bilakatu zen, eta 1962an Aljeriak independentzia erdietsi arte borrokan aritu zen.

Le Peni etxean ahaztu zitzaion sastakaia ia berrogeita bost urtez gorde zuen Mohamedek; aitaren hiltzailearena izandako sastakaia. Hala ere, gerla bukatu eta gero, Mohamedek ez zuen inoiz ere gorrotorik izan Frantziarekiko.

Le Pen ere Frantziara itzuli zen, bere sastakaia Aljerian betiko galdurik, baina Frantzian ez zuten inoiz auzipetu, ez zuten inoiz epaitu eta ez zuten inoiz espetxeratu. Aitzitik, urteek aurrera egin ahala, Front National eskuin muturreko alderdia sortu zuen Frantzian, eta alderdi horretako arduradun nagusia bihurtu zen.
Eta 2002. urtean Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeak burutu zirenean, Jean-Marie Le Pen bera izan zen Front Nationaleko hautagaia. Lehenbiziko itzulia burutu eta gero, soilik bi hautagaik lortu zuten aitzina egitea, Jacques Chiracek, alde batetik, eta Jean-Marie Le Penek bestetik. Beraz, bigarren itzulian lehendakaritza aukeratzeko frantziarrek bi hautagairen artean bozkatu behar zuten: Jacques Chirac eta Jean-Marie Le Pen.

Aljerian Mohamed Moulayk bere aitaren hiltzaileak Frantziako lehendakaritza eskuratu nahi zuela jakin zuen, eta egoera guztiz larria zela iruditu zitzaion. «Eskuak odolez zikindu dituen gizon bat ezin da L’Elysée jauregian sartu». Horixe izan zen bere pentsamoldea. Eta 1957ko martxoaren 3an bere gurasoen etxean gertatu zena “Le Monde” egunkariari jakinarazi behar ziola erabaki zuen. Hala, lehendakaritza aukeratzeko bigarren itzuliaren bezperan, “Le Monde” egunkariak Mohamed Moulayren istorioa argitaratu zuen.

Albiste larriaren berri izan zuenean, Le Pen asaldatu egin zen guztiz, eta dena gezurra zela esan zuen, bere izena zikintzeko azpikeria hutsa besterik ez zela. “Le Monde” egunkariaren aurkako salaketa ere jarri zuen, bere izena lohitzeagatik. Salaketaren ondorioz epaiketa deitu zen eta Le Penek erraz asko irabaziko zuela uste zuen. Baina hara non agertzen den epaiketan Le Pen berari berrogeita bost urte lehenago Moulay sendiaren etxean ahaztu zitzaion sastakaia, kazetariek froga moduan erakutsi zutena.
Sastakaia Alemanian egina zegoen, Ruhr aldean, 1930eko hamarkadan, eta Hitlerren gazteria osatzen zuten nazi gazteek erabiltzen zuten. Eta sastakaiaren zorroan hauxe irakurtzen zen: “JMLePen Ier Rep”.

Jean-Marie Le Penek hain gogoko zuen sastakaia urte asko igaro eta gero berriz ere agertu zen, 1957ko martxoaren 3an galdu zuen sastakaia. Ez zuen uste sastakaia berriz ere ikusiko zuenik, baina iragana ustekabean itzuli zitzaion, Aljerian zertan aritu zen argi eta garbi adierazteko. Eta, jakina, Le Penek epaiketa galdu zuen.

Aljeriako «gertakariak» zirela eta, Frantziako agintariek Aljerian «baketzea» («pacification» hitza aipatzen zuten) lortu beharreko helburua zela erabaki zuten, eta. horretarako. Le Penen moduko «jendea» beharrezkoa zen. Aljeriako borrokalariak torturapean hiltzea, atxilotuak desagerraraztea, emakumeak bortxatzea, herriak suntsitzea... horixe zen baketze horren funtsa. Eta Le Pen «zeregin garrantzitsu» horretan bereziki nabarmendu zen, Frantziaren ohorea eta handitasuna arriskuan omen zeudelako.

Mohamed Moulay 2012ko apirilaren 28an hil zen Aljerren, hirurogeita zazpi urte zituela. Bakean beude bai bera bai bere aita, eta hiltzailea lehenago edo beranduago infernuan ustel dadila.

Bilatu