Sara Bujanda
Arabako Emakumeen Asanblada

Irudiek baino gehiago esaten duten hitzak

Arabako talde feminista gehienek Arabako Aldundiaren “Tolerantzia 0” izeneko kanpaina publikoki errefusatu dute eta honek PP gogaitu egin du, batez ere Gizarte Zerbitzuen diputatua den Marta Alaña, gure jarrera adierazteko hainbatetan eskatu diguna.

Kanpaina hau samingarritzat jotzeko arrazoiak azalduko ditugu, enegarren aldiz, ondorengo lerroetan zehar:

Fanatismoa salatzeko, PPk Niqab erabiltzen duten emakume ”basati” horien erretratua egiten du: euren senar, kultura eta erlijioaren kontra ez egiteagatik estigmatizatzen ditu eta, aldi berean, autobus batean sartzeko debekuaren bidez, babesten omen ditu. Aitzitik, ez zaie bururatu ere egiten abitu osoa janzten duten mojak erretratatzea. Ezbairik gabe, zenbait doktrinek aldarrikatutako beloa eta mendetasuna eztabaidatu beharreko gaiak dira, baina beti ere emakumeen ahalduntzetik eta Mendebaldetik ezarritako errezetarik gabe. Emakumeen aurka egindako Koranaren interpretazioak eta emakume musulmanen eskubideak defendatzen dituen feminismo islamiar bat existitzen da. Paradoxikoki, ez dago jabekuntza hau bultzatzen duen foru-proiekturik, ez jatorrizko herrialdeetan ezta hemen ere, eta horrek adierazten du ezin hobeto euren benetako interesa jatorri desberdinetako emakume gasteiztarren eskubideen defentsan. Izan ere, legegintzaldi honetan immigrazio eta kulturartekotasunerako aurrekontua %78 murriztu egin da, foru-aurrekontuaren %0,01 bat baino ez izatera iritsi arte.

Ablazioa krimena da, zalantzarik gabe. Aldundiaren jakinarazpenak adierazten duen moduan, Araban oraingoz arazo handia ez bada ere, etorkizunean izan daiteke, jatorri jakinetako etorkinen hazkundea dela eta. Hori manipulazio xenofoboaren adibide bat da, desberdina eta ezezaguna denarekiko beldurra sustatzen baitu. Are gehiago, irudiak erlijio jakin bat seinalatzen du asmo txarrez –neska belo islamiarra jantzita agertzen da–, ohitura hau gehiengo kristaua duten herrialdeetan - Etiopian, kasu- mantentzen bada ere. Horrez gain, kontrajarritako irudiak ez du islatzen gaiari heltzeko modurik eraginkorrena, hau da: kultur tradizioak babestu, baina nesken bizitzari eraso egiten dion alderdia ezabatuta. Alabaina, ezin da gehiago eskatu, azken lau urteotan kooperaziorako aurrekontua %54,5 jaitsi baita, %0,03 lotsagarri batera iritsi arte.

Homofobiari dagokionez, a zer hipokrisia parez pare jartzea urruneko urkatzeak eta mendebaldeko bikote zoriontsuak! Batez ere kontuan hartuta PPko gobernuak oso gutxitan ematen diela asilo politikoa arrazoi horiek direla eta euren herrialdeetatik ihes egin behar dutenei. Gainera, irudiak bi errealitate ezkutatzen ditu: hemen ere homofobia existitzen da –PP sekula zentsuratzen ez duen eliza katolikoak horren adibide onak eman ohi ditu– eta agintaldi honetan Aldundiak ez du ezer egin arazoari aurre egiteko. Aitzitik, homofobiaren aurka borrokatzeko aurrekontua %100ean murriztu du, 0€tan utziz, beraz.

Aldundiko organo parte-hartzailean bertan hartutako gomendioak alde batera utzita, indarkeria matxista kondenatzeko odola eta ubelduren irudiak nabarmentzen dituzte, biolentzia horri aurre egiten dioten emakumeak indartzen dituzten tresnak islatu beharrean. Horrez gain, parez pare bikote zoriontsu heterosexualaren irudia jartzen dute, biolentzia matxistaren arrazoietako bat maitasun erromantikoa dela jakin badakigu ere. Baina, berriz ere, datuek -eta ez irudiek- Aldundiak berdintasunarekiko duen benetako konpromisoaren berri ematen dute: legegintzaldi honetan berdintasunera zuzendutako aurrekontua %30,6 murriztu dute, %0,02 penagarri batera heldu arte.

Azkenik, tratu txarrei buruzko argazkiek emakumeak behin eta berriro kokatzen dituzte familia esparruko zaintzaile-eginkizunetan, zaintzak lan bereziki femenino eta pribatu gisa naturalizatuz. Jarrera hori matxista izateaz gain, hipokrisiaren mukurua da: bai hemen bai estatu osoan, PPk Mendekotasunaren Legean eskandaluzko murrizketak egin ditu eta, ondorioz, emakume asko etxeko esparrura itzularazi ditu nagusiak eta umeak zaintzera, baita hamaika pertsonari dagozkien diru-laguntzak ukatu ere. Hori bai tratu txarra.

Laburbilduz, irudi xenofobo eta matxistak izateaz gaiz, Aldundiak berak eskainitako datuekin alderatuz gero, agerian uzten dute zein puntutaraino diren hipokrita eta oportunistak. Zenbaitetan, irudiek ez dute hitzek baino gehiago esaten.

Bilatu