Laura Mintegi
GAUR8

Josi eta josi, almazuela osatu arte

Kolpe, kolpe, kolpeka, josi eta josi» abesten zuten gure umeek Joxemari zapatariaren lana imitatu nahian, «haria hartu argizaria, orratzean zatz! korapilo bat, korapilo bat!». Bilduk udal hauteskundeetarako erabaki duen leloak ere badu zerikusirik jostearekin.

Aurreko hauteskundeetan koloretako hari mataza trinkoa aurkeztu bazuen ere, oraingoan hari mutur bat askatzen da eta “(h)ari gara” kanpaina-leloaren letrak josten hasten da saltari.

Gure Esku Dagok ere jostun bihurtu nahi gaitu herritar guztiak, eta hasi zaigu ehunak, hariak eta jostorratzak ematen oihalezko Euskal Herri berria ehundu dezagun.

Jostearenak badu bere grazia. Batetik, tradizionalki emakumeek egindako lanari egiten diolako dei. Etxearen eremukoa da, barne-espazio bat, pribatua, emakumeen esku egon izan dena, eta emakume gazteen sozializaziorako aukera paregabea eman zuena, josten ari ziren emakumeak inoiz ez baitziren isilik egoten. Eskuen artean zuten lanari buruz mintzatzeaz gain, hari eta orratzaren artean gazteenek kolektiboaren kosmogonia bereganatzen zuten, txutxumutxuka, barre eta iseken artean.

Bestetik josteak batzea esan nahi du, estu lotzea, bitik bat egitea, puskak bildu eta gauza bakarra egitea.

Josteko guneak espazio itxiak izan ohi dira, leihorik apenas zutenak. Baina joste lana espazio zabalean ere egin izan da, portuko moilan, esaterako, edo ziberespazioan. Lehen kasuan, sareinak ditugu, sareak erreparatzen dituzten emakume sendoak, urradura josteko sare zulatua behatzarekin tenkatzen dutenak. Bigarren kasuan, Sareinak ditugu, kritika literario feminista egiten duten egile adituak, ekarpen ikaragarri handia (eta ez beti behar beste ezagutua) aletzen ari direnak, han-hemenka sakabanatuta dauden emakumeen testuei buruzko kritikak batzen eta sortzen.

Josi eta josi ipiniko gaitu Gure Esku Dagok epe laburrean. Nork bere oihal zatarra eskuan hartuta, beste eskuan haria eta orratza, oihal erraldoia egiteko asmo onaz. Eta zati biltze horri patchwork-a deitu izan zaio, agian jakin gabe Euskal Herrian badugula berezko hitzik esateko oihal zatiez jositako ehuna, gaur egun Errioxa aldean oraindik ere barra-barra erabiltzen dena, Cameros aldean.

Almazuela esaten zaio «almusallak» elkarri josita lortzen zen manta edo edredoi zabalari, eta euskaldunok almusallak batu eta aprobetxatu genituen musulmanek penintsulatik alde egin zuten garaitik, atzean utzi baitzituzten otoi egiteko erabiltzen zituzten alfonbra txikiak edo «almusallak», dozenaka utzi ere.

Almazuela hitza mila urtez erabili da Euskal Herrian, X. mendetik gutxienez, eta testuetan ere azaltzen da Gaztelan XVII. mendean.

Jostea ekimen kolektiboa izan da euskal etxeetan, barnean zein kaian egin izan den jarduna. Almazuela egiten denean oihal ezberdinak batzen dira, pega-pega eginda, zati askotatik pieza bakarra ateratzeko. Euskal Herriaren alegoria perfektua da, oihal zati bakoitzak bere kolore eta testura mantentzen baititu, eta asmoa ez da oihal osoa kolorebakarra izatea edo zatitxoek historia bera edukitzea. Helburua da, nork bere irudia, historia, sorrera eta ezaugarria mantenduta, manta bakarra osatzea zati askoren batuketaren bidez.

Eskerrak eman nahi dizkiet Mariori eta Zelairi. Baten ekarpenaz, bestearen bultzadaz eta hiruron artean artikulu hau josi dugulako, hitzezko almazuela osatu arte. Etorriko diren almazuela askoren aurrekari.

Bilatu