Xabier Lasa
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari nagusia

Kohesioa polarizazioaren aurrean Nafarroan

Nafarroako toki erreformak planteatu duen printzipio nagusietako bat «lurralde kohesioa» da. Ez da ateraldi bat, Europar Batasunak 2020ko ikusmugan bere jarduteko lehentasunen artean markatzen duen zutabeetako bat baizik (ik. "Territorial Agenda of the European Union"). Garatu ahal izateko bi galderei erantzun beharko zaie: zer ulertzen dugun «lurralde kohesioaz» mintzo garelarik, eta nola konkretatzen den printzipio horren aplikazioa Nafarroako toki antolakuntzan. Bi galdera horiei erantzutea da gaur egun burutzen ari den parte-hartze prozesuak hartu duen lanetako bat, hainbat ondorio sutsu bezain interesgarri sorrarazi duena. Gure herrialdea eskualdeetan banatu ala ez, besteak beste.

«Lurralde kohesioa» kontzeptua, kohesio soziala lurraldeari aplikatzea bezala uler genezake. Eta kohesio soziala integrazio gizarte bat, bazterketarik gabea, erdiesteko ekimenen multzoa dela sinesten badugu, non pertsona guztiek beren garapen pertsonal eta kolektiborako beharrezkoak diren zerbitzu publikoak partekatzen dituzten, orduan «lurralde kohesioa» kontzeptu horiek espazio fisikoaren aldagaiari aplikatzean datzala sinetsiko dugu; erran nahi baita, toki batean edo bestean bizitzeak ez duela desberdintasunik ekarri behar, ez lukeela bazterketarik suposatuko eta zonalde batean bizi diren pertsonak ez direla behartuak izanen bizitokia uztera, ezta hiriburuaren inguruetara aldatzera ere zerbitzu publikoen maila onargarri bat jaso ahal izateko. Laburbilduz, gaur egun Nafarroako zonaldeen artean dagoen polarizaziorako eta desberdintasunerako joera haustea litzateke.

Ideal hori konkretatzeko administrazio publikoak, bere tokiko plantaren barrenean, lurralde aldagaien arabera antolatzeko eta kohesioa bideratzeko egitura bat prestatu behar du. Arrazoi horri erantzun nahi dio «eskualdea» deitzen diogun egitura berri honen sorrerak. Toki gobernurako egitura berri bat da, tokiko mailaren eta foru komunitatearen mailaren arteko eskalan kokatua, lurralde egonkortasuna bermatzen duena, erran nahi baita, udalerri berberez osatua dagoela beti, Nafarroako zonalde guztietara oinarrizko zerbitzu batzuk parekotasunean eskaintzera derrigortua. Eta, horretaz gain, bere jurisdikzioan dauden udal guztiei laguntza eraginkorra emateko ahalmenarekin, udal horiek libreki delegatuko dizkioten zerbitzu edo eskumenak gauzatzean. Eskualdeak, beraz, udalerrien artean lurralde oreka, kooperazioa eta elkartasuna errazteko tresna bat izateko baliabideak ditu. Halaber, toki erreformak emaitzak ekarri beharko lituzke erraztasuna, arrazionaltasuna eta koherentzia ezartzeko helburuan, eta horretarako zerbitzu publikoak antolatzen dituzten entitateen kopurua murriztuko litzateke.

Nafarroan, hala ere, badaude udalez gaindiko izaera duten beste erakunde batzuk, anitz urteetan zehar osatuak eta nahiko errotuak: mankomunitateak eta zerbitzu administratiboen bilguneak dira horiek, neurriz gainekoak kopuruan eta emaitza bestelakoak eman dituztenak. Badira bi desberdintasun funtsezkoak mankomunitatearen eta eskualdearen artean: lehena da mankomunitateak ez direla pentsatu lurralde orekarako irizpide batez, baizik eta udalek banaka eskaini ezin dituzten edo oso zail duten zerbitzuak batera eskaintzeko. Horrek –guztiz legitimoa bada ere– kopuruz oso ugaria izatera behartzen du, bai eta udal bakoitza hiru edo lau mankomunitate diferenteko kide izatera ere, ematen duten zerbitzuaren arabera eta osaketa desberdin batez kasu bakoitzean. Erran genezake mankomunitateen izateko arrazoia funtzionala dela esklusiboki: zerbitzu on bat ematea zerbitzu publikoen sektore konkretu batean, eta kohesioa eta lurralde oreka ez zaizkiela sobera inporta, ez zirelako horretarako pentsatuak izan.

Nafarroako Gobernuko eskumen delegatuak jasotzeko mankomunitateen ezintasunean datza bigarren desberdintasun handia. Burutzen ari garen erreformak tokiko boterea indartu nahi du eta, horretarako, eskualdeari gaur egun Iruñetik zentralizatuak gauzatzen diren eskumen batzuk eman. Ez da posible asmo hori gauzatzea erantzukizun eta baliabideen aldaketa beren barrenean lurralde osoa hartzen ez duten eta beren osaketa egun batetik bestera alda dezaketen erakundeen eskuetara pasatzen badugu.

Toki erreformak gaur egungo mankomunitateak eskualde berrietan integratzea planteatzen duenean, ez du baloratzen erakunde horiek orain arte egin duten lana ona ala txarra izan den ala ez, irizpide funtzional hutsean (zerbitzu konkretuari begira soilik) planteatutako marko instituzional baten aldaketa baizik, kriterio funtzional horiez gain lurraldea irizpide hartzen duen beste marko batez ordezkatzeko, hori bailitzateke eskualdea. Aukera gehiago zabaltzea da helburua lurralde kohesiora progresiboki hurbiltzeko ahaleginean, Nafarroako zonaldeen artean dagoen polarizazio eta desorekarako joera hausteaz batera. Bai despopulazioa bai gehiegizko kontzentrazioa saihestea eta, batez ere, hiri eremuaren eta landa eremuaren artean dauden desberdintasunak gainditzea. Egitura berriak garai berri eta erronka berrietarako.

Toki erreforma burutzen ari den parte-hartze prozesuan erabakiak hartzeko tenorea heldu da. Horregatik beharrezkoa da eztabaidara garbitasunez sartzea, existitzen ez diren mamuak astindu gabe eta populismo errazera jo gabe. Joera horiek, askotan, pribilegioak edo desberdintasunak estaltzeko baizik balio ez dutelako.

Eredu baten ala bestearen alde egiterakoan, eztabaida arrazoiaren bidetik abiatu behar dugu beti, Nafarroa eta bere udalak ikuspegi orokorrez begiratuaz, nork bere interes berezkoen gainetik. Gauza komuna baita hau, beraz gauza serioa.

Bilatu