Martintxo Mantxo
Zor Ekologiko Batzordea

Labaka erail zuteneko 30. urtemugan, oraindik Yasuniko biztanleen alde

30 urteren ondoren, arazo berberak hor dirau: herri indigenak estutuago daude, itotzeko zorian, bizitzeko behar dituzten eremuak (ehiza egiteko, fruituak jasotzeko) murrizten doaz arin, eta honekin batera kutsatzen ere bai.

Abuztuan bete ziren Alejandro Labakaren erailketatik 30 urte. Euskal Herrian urtemuga ez da nabaritu. Ekuadorren eta batez ere Amazonian, bai, ordea. Kitotik Kokarainoko ibilaldi bat eta bestelako jarduerak antolatu ziren Labaka gogoratzeko. Haren lankide eta laguna izan zen Miguel Angel Cabodevillaren hitzetan, «ahaztearen 30 urte betetzen dira». Hemen urrun geratzen zaigun Beizamatik (Gipuzkoa) Ekuadorrera joan zen apaiz honen istorioa. Haren garaian, berriz, erailketak oihartzun handia izan zuen, indigenek eraila izan zelako, lantzaz josita, orduan jibaroak izan zirela ustez. Edonorentzako ondorioa izan zitekeen norbaiten lurraldean sartzeagatik edo haiek kristau bihurtzeko nahi izateagatik. Baina ez zen horregatik izan, eta horregatik, bereziki, 30 urte igaro eta gero, Alejandro Labaka gogora ekarri behar dugu.

Ez ziren jibaroak izan, shuar (edo atxuar) herria baizik eta tagaeriak, huaorani herriaren adar bat. Huaoraniak duela gutxi arte antzina bezala bizi ziren. Herri ehiztari eta biltzailea da. Biluzik zihoazen (gizonak gerrian soka bat baino ez zuten) eta beren hizkuntza ez dago besteekin lotuta. 1956 arte ez zuten gizarte kapitalistarekin harremanik izan. Bueno, bai, izan zuten, baina erabat bortitza: sarraskiak jasaten zituzten eta bizirik irauten zutenak esklabo gisa geratzen ziren plantazioetan.

Ebanjelistak iritsi zirenean haiek eskaintzen zituzten erreserbak bizirik irauteko aukera bat ziren askorentzat. Baina beste batzuek, Labaka erail zutenek bezala, edo gero tagaeriek bezala, nahiago zuten beren bizimoduari eutsi. Hauek, taromenaneak bezala (beste izen batzuk badaude, eta Perun beste herri batzuk ere bai), «borondatez isolatutako herriak» bezala ezagutzen dira, nahita harremanik ez baitute. «Oparotasun gizarteak» bezala ezagutzen dira, erabat sostengarriak direlako (edo zirelako, petrolio konpainiek eta bestelakoek haien lur eta baliabideak murriztu arte).

Labaka 1976an iritsi zen Ekuadorrera eta hasieratik indigenekin maitemindu zen; agian, euskalduna zen aldetik, haiekin gauza asko zeuzkalako amankomunean, kultura bezala bizirik irauteko zailtasunak, oztopoak, eta horrekin batera haren nortasun eta aberastasunaren lilura. Labakarentzat huaoraniak «erlikia» bat ziren, babestu behar zen ondare preziatu bat. Horregatik eskatu zituen horrenbeste aldiz haientzako babes neurriak, gero gobernuak onartu zituenak. Berak haien hizkuntza ikasi zuen, eta biluzi ere egin zen. Eta esan dezakegu onartua zela.

Labakaren garaian huaoraniak ez ziren gizarte kapitalistan erabat sartuak. Orduan petrolio konpainien presioa hasita zegoen. Indigenak eta, batez ere, huaorani borrokalariak, oztopo ziren haientzat. Erreserbak egokiak ziren haiek batzeko eta paretik kentzeko. Han haien kultura ukatzen zitzaien. 

1987an Ekuadorreko Gobernuak Braspetrol brasildarrari (egungo Petrobras) 17. Blokea ustiatzeko baimena eman zion, Amazoniako Yasunin. Enpresa hau hasteko irrikan zegoen, eta Labakak bazekien harremanik gabeko huaoraniak bizi zirela han. Instituzio desberdinekin harremanetan jarri zen. Hilabeteak pasatu ziren erantzunik gabe (hiru baino gehiago bai behintzat). Eta orduan erabaki zuen komunitatea bisitatzea mehatxuaz ohartarazteko. Biluzik joan zen, Ines Arango mojarekin. Biak erail zituzten 1987eko uztailean, dirudienez indigenak dagoeneko presioagatik urdurituak omen zeudelako.

2010ean Ekuadorreko gobernuak ez zion Petrobrasi kontratua berritu eta bertatik atera behar izan zuen. Bere gaizki egiteagatik kanporatua suertatu zen Petrobras. Egun, bloke horretan Txinako Petro Oriental (Andes Petroleum Ecuador) aritzen da.

Dena den, 30 urteren ondoren, arazo berberak hor dirau: herri indigenak estutuago daude, itotzeko zorian, bizitzeko behar dituzten eremuak (ehiza egiteko, fruituak jasotzeko) murrizten doaz arin, eta honekin batera kutsatzen ere bai, petrolio esplotazioaren zaratekin, petrolio eta formazio uren isurketarekin (metal astun asko daukana). Bereziki Ekuadorreko gobernuak Yasunin ustiatu gabe geratzen ziren blokeetan (43. blokea edo ITT eta 31.a) ustiapena baimentzea  erabaki zuenetik, 2013eko urriaren 3tik. Petrolioaren ustiapenaren eraginak aztertu zituen beste euskaldun batek ere, Labakaren lankide Manuel Amunarrizek. Haren izena darama Komunitate Osasun eta Epidemiologia Institutuak, besteak beste, arlo honetan erreferentzia den “Yana Curi” txostena burutu zuenak.

Egoera honek eragin du indigenen indarkeria sortzea, eta gatazka. Azken urteotan gainera, beraien arteko gatazka areagotu egin da, gizartean sartu direnen eta harremanik gabekoen artekoa. Alde batetik, lurraldeagatik borrokatzen ari dira, baina era berean, harremana onartu dutenak besteen begietan traidoreak dira, edo behintzat egoera horren erruduntzat hartzen dituzte. Horretaz gain, beren sinesmenei eusteko eta justizia lortzeko era dugu hau, mendekuan oinarrituak, baina baita akabatu behar diren espiritu gaiztoen sinesmenean.

Bai, gatazkak jarraitu egiten du, eta areagotzen ari da. Gaur jakin dugu Brasilen ere beste sarraski bat gertatu dela; harremanik gabeko 10 bat lagun erail dituzte meatzari batzuek. Perun ere 6 shipibo indigena erail dituzte,  lurra kendu nahi dietelako.

Guzti honen ondorioz, Labakarekin batera lan egin zuen kaputxinoa, –indigenen memoriak bizirik irauteko Labaka Fundazioa eta CICAME museoa (Ekuadortar Amazoniako Kultur-ikerketen Zentroa) sortu zituena– Ekuadorretik alde egitera behartua izan zen.

Han jarraitu zuen, berriz, Labakarekin batera joan zen eta haren gorpua jaso zuen Jose Miguel Goldaraz nafarrak. Hau ere Labaka bezala, kitxuekin bizi izan zen eta, bere txapela kendu gabe, haien bizimoduan parte hartzen du. Beti ere indigenen eskubideen alde aritu da, eta azken urteetan Yasunin ez ustiatzea eskatzen zuen YasUNIDOS erakundean parte hartu zuen.

Bitxia da ere Yasuniko azken blokeetan ustiapena baimentzeko, gobernuak harremanik gabekoen existentzia ukatu egin zuela. Zeren gobernu horrek berak, 2008an onartutako konstituzio berrian, harremanik gabeko indigenak babesten zituen, horien bizitza edozein proiekturen aurretik lehenetsiz (57. artikulua). Hau, Yasunin ez ustiatzeko gobernu honen erabakia bezala, hauteskundeetarako plataforman parte hartu zuten gizarte mugimenduen ekarpena izan zen. Gobernuak ez zituen promesa asko bete, Zorren eraginez, berriro petrolioa izan zen gobernuaren irtenbidea, bertako herrien eta ingurumenaren aurretik. Ekimen horiek bultzatu zituztenei, ingurumenaz eta oihanaz kezkatzen direnei, herri horien biziraupenaren alde daudenei, adi egotea geratzen zaigu, gehiegikeriak salatuz, transnazionalei arretaz jarraituz eta petrolioan oinarritutako eredu hau gaindituz. Labakaren ekarpenak eta aldarrikapenak oraindik betetzeko daude.

Bilatu