Afrika Jimenez Varela eta Juanma Elexpe Galarreta
Steilas eta ESK

Laneko osasuna gero eta kaskarrago, prekarietatearen ondorioz

Apirilaren 28a dugu laneko osasunaren eta segurtasunaren nazioarteko eguna; horren harira, Euskal Herriko lan-osasunaren egoera berrikusi beharra dago. Laneko Arriskuen Prebentziorako Legea onartu zenez geroztik 2 hamarkada joan zaizkigun honetan, argi dago fruitu eskasak eman dituela eta, sarri, ez duela inongo fruiturik eman.

Egia da: instituzioei eta beste enpresa batzuei begira egiaztagiriak behar dituzten lantoki handiek hainbat prebentzio-neurri ezartzen dituzte. Era berean, lantoki horietan egon ohi dira sindikatuetako ordezkari gehien eta, hein handi batean, gai honi heltzen dioten pertsona gehien ere. Lantoki horietan maiz aztertzen dira arriskuak, hainbat alor neurtzen dira, derrigor egin behar dituzte auditoritzak eta ondorioz kontrol-mekanismo handienak ere bertan daude.

Masiboa ez den praktika horren beste muturrean daude lantoki txikiak, eraikuntzako eta industriako azpi-kontratak, etxeko langileak eta autonomo faltsuak, gero eta gehiago direnak. Gainera, ezin dugu ahaztu adinduen eta beharrak dauzkaten pertsonen arretarako zerbitzuak pribatizatzen ari direla, eta, ondorioz, kontratatzen dituzten pertsonen osasun-maila nahiko eskasa dela.

Zerbitzu publikoen harira, Osakidetza/Osasunbideak eta hezkuntza-sailak, hala EAEn nola Nafarroan, laneko arriskuak prebenitzeko zerbitzu propioak dauzkate; hala ere, horrek ez du bermatzen bertako langileen osasuna behar den moduan zaintzen denik. Zerbitzu publikoak etengabe murrizten ari diren honetan, osasuna sekula ez da lehentasun, eta, beraz, langileek gero eta baldintza estresagarriagoen pean lan egin behar dute, baliabiderik gabe, eta, ondorioz, herritarrei emandako arreta eta osasuna bera kaltetzen dira.

2015ean, Hego Euskal Herrian, 58 lagun hil ziren lan-istripuen ondorioz; horietatik 15 Nafarroan. Datuak xehe-xehe aztertuta, ikus dezakegu zer alorretan hedatzen den batez ere orbain sozial hau. Istripu gehienak azpi-kontratazioetan eta prekariotasun handieneko esparruetan gertatzen dira. 2016an 16 lagun hil dira jada, orotara, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.

Krisi ekonomikoarekin batera, kapitalak eta industria-indar handiek are gehiago aldatu dituzte ekoizpen-sistemak eta prekarietatea da beren aliaturik minena, etekin handiak biltzen jarraitzeko. Aldi baterako kontratuak puri-purian daude: hilabetekoak, astekoak, egunekoak eta baita ordukoak ere. Lehiakortasunaren mehatxua dela bide, gero eta pertsona gehiagoren eskubideak murrizten dira, lan-erreforma ezin txarrago baten ondorioz. Gainera, Damoklesen ezpata daukate lepotik gertu, kaleratzeko arriskuaren ezpata, gaur egun aise egin baitaiteke, eta, ondorioz, langileek lanpostuan iraun behar dute txintik esan gabe, eskubiderik oinarrizkoenak kendu dizkieten arren.

Lanaren beraren baldintza bortitzek mehatxu egiten zioten laneko osasunari; orain, ez horrek bakarrik, baizik eta beste elementu batzuek ere astintzen dute laneko osasuna: malgutasunak, kontratuen prekarietateak, enpresen krisiak… Pertsonak gero eta zaurgarriago daude, bertan jaiotakoen kasuan, noski, izan ere, bai baitago beste azpi-mundu bat, non aipatutako penuria horiez gain, beste hainbat pairamen ere batzen baitira: migrantea izan eta paperik ez edukitze, jatorrizko herrialdera itzultzera derrigortzeko arriskua, arrazakeria intolerantea, eta abar. Eta, dudarik gabe, emakumeak daude okerren; sarri, beraiek eusten diote familiari, baina ekoizpeneko zenbait sektoretan ez zaie lan egiteko aukerarik ematen, eta etxeko lanetara bueltatu behar dira, derrigorrean, edo, bestela, garbiketa eta zaintzako azpi-kontratetan soldata penagarriak onartu behar dituzte.  

Laneko osasunaren etsaiak hazten ari dira, mutualitateek kudeatzen dituzte ohiko gaixotasunen ondoriozko ABEak, eta horretaz guztiaz gain, orain, gobernuak funtzio gehiago esleitu dizkie, etenik gabeko prozesu batean, osasun-arreta eta pentsioak pribatizatzera bidean.  

Sindikatuok askoz zorrotzago eta oldarkorrago jardun behar genuke, ez genuke eskubideen gabetze eta sarritan eskubideen gabezia hau ez onartu ez baimendu behar. Sindikatu askori gehiago axola zaizkie lanpostuak eta ordezkarien lanorduak, benetan prebentzio-lana egitea baino.

EAE eta Nafarroako gobernuek bermatu behar dute langile guztiek beren eskubideak eduki eta gauzatu ahal izatea; hala ere, praktikan hori ez da gertatzen, eta, adibidez, lan-ikuskatzailetzetarako ez dago nahikoa langilerik, eta urratutako eskubideak ez dira lehentasun. Enpresak goresten dira lana sortzen dutelako baina gaitzak ez dira zigortzen, adibidez, prekarietate-baldintzek, laneko segurtasunik ezak eta laneko osasunik ezak bere horretan diraute.

Gaur egun, prebentzioaren eta laneko osasunaren aldeko borrokak prekarietateari eta zerbitzu publikoen murrizketei ere egin behar die aurre, oinarrizkoak baitira herritar guztien ongizatea bermatzeko.

Bilatu