Jose Manuel Pagoaga Gallastegi, «Peixoto»

Lausotik begirunez

Ostatuek kanpoan dituzten egongietan zer gozamena lagun arteko jarduna, umorearen pindar hondarrak ufatuz, eguneroko nahi eta ezinak beste kolorez ikusi guran... horretan genbiltzala azaldu ziren Euskal Herriko gotzainak.

Batek hau, besteak hura, teologia eta epistola guziak nahiko poliki nahasi genituen, jakina baita, ezjakintasunetik dena argi eta garbi ikusten dela. Beharrik, bagenituen apez izandako bi lagun. Horrelakoetan nor ez da jakitun? Neu ere gutxiago ez izan guran, bota nuen: «Euskal Herriko gotzainek joera berdin samarra dutela ikusiz, garbi dago azkenean Vatikanoak Euskal Herria bere osotasunean hartu duela».

«Hasi zaigu gure misiolaria sermoigintzan».

Horrelakoxe giroan geundela, adar soinua alboratuz, delako apaiz batek honela erantzun zidan: «Elizaren agintaritzak aspalditik hartzen dik Euskal Herria bere osotasunean, hik uste duan baino zehatzago eta zorrotzago ere bai. Ez aspaldi, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian neu ere harritu ninduen zerbait aurkitu nian, bidaliko diat kopia bat».

Kopia eskuratu eta irakurri zidaten bezain laster piztu zitzaidan argitaratzeko grina. Herritar arruntok ez baitugu ahalik, eta sarritan astirik ere ez, Koldo Mitxelena liburutegira joateko. Hego Euskal Herriko biztanle denek gaztelera nahiko poliki dakitela aintzat hartuz, testua eskuratu dudan hizkuntzan ematea hobetsi dut.


Concordato de 1851 con Isabel II. Se llevó a la práctica 10 años más tarde, tras controversia considerable. El Abad de San Millán, junto con su comunidad, le escribió al Ministro de Gracia y de Justicia en 1861: «Teniendo los vascongados obispo de su habla, cabildo y párrocos de su habla... se aferrarán más y más a ella, tratarán de extenderla por los límites de las tres provincias, ganando el terreno perdido y haciendo de ella una lengua nacional. Si a esto se añade la mayor afición que cobran sus tradiciones, costumbres y fueros, se habrá contribuido a forma en España una nacionalidad distinta y una base de separación política para los que más adelante quisieron invocar el principio de las nacionalidades». “País Vasco, Iglesia y Revolución Liberal”, de Francisco Rodríguez de Coro. Vitoria – Fundación Sancho el Sabio, 1978.

Jasaten dugun modu guztietako zigor, iraun eta mespretxu neurrigabea eta garen herri izaera ukatzailearen erroak askotarikoak dira, erro sendo eta biziki sakonak, metroetan ez ezik mendetan neurtu behar den sakonera dutenak. Erroaren sendotasuna eta sakonera itzelaren berri ematea, hauxe da lerro hauen helburu erdi-erdikoa. Euskal Herrian zorionez, aspalditik ia beti izan dugu apaiz multzo polit bat menkoi izaera ezeztatzeko adorea izateaz gainera, euskararen edota Euskal Herriaren alde zerbait egiten saiatu dena. Beraien berezko izaerari zintzo erantzuteagatik, kartzelaldi luzez zigortuak izan dira apaiz horietako asko. Fusilatuak izan direnak ere ez dira gutxi izan. Badirudi Espainiako Jaungoikoa eta Euskal Herrikoa ez direla ondo konpontzen edo bi jaungoiko daudela. Aipatuak ez diren bakan batzuenak izan ezik, apaiz horien izen-abizenak ez daude herritar arrunton oroimenean. Adituek diotenez, sudur punta baino harago ikusteko begia beti erne eduki behar omen da. Hemen azaldu duguna sustraiaren lagin bat da. Esan beharrik ez dagoena idazteak ederto nabarmentzen du ene dohaina, enkasian derradan, lausotik ari natzaizuela.

Bilatu