Joseba Alvarez
Donostiako Libre-Eleak dinamika

Lege arrotzari, desobedientzia

Etxebizitzarako eskubidea errespeta dadin eskatu dugu eta desjabetzeei aurre egitea delitu bihurtu dute. Etorkinen eskubideak babestea eskatu dugu eta Migrazio Politika salatzeko ministerioa inguratzea debekatu dute.

Lanpostu duinak aldarrikatu ditugu eta prekarietate zein langabezia salatzeko greban enplegu bulegoak okupatzea delitu bihurtu dute. Adierazpen askatasuna ber- matu dadin eskatu dugu eta Poliziaren lan zikina grabatzea eta zabaltzea delitu bihurtu dute. Politikari ustelak salatu nahi izan ditugu eta escracheak debekatu dituzte. Ingurumena babestu nahi izan dugu eta energia enpresa kutsatzaileetan pankartak eskegitzea debekatu dute. Politikari eta enpresarien arteko ekitaldiak boikotatu nahi izan ditugu eta hauek oztopatzea delitu bihurtu dute. Herriari hitza eta erabakia eman nahi izan diogu eta aukera hori legez kanpokoa dela esan digute. Presoak etxeratu nahi izan ditugu eta dispertsioa mantenduko dutela esan digute. Bi hitzetan esanda, aldarrikapen sozial eta politikoak legez bermatu beharrean, eskubide hauek zapuzteko indarrean sartu dituzte «mozal legea» eta Kode Penal berria uztailaren 1ean, Estatu espainolean lehenagotik zegoen legeria antierrepresiboaren sare edota mataza zabala indartuz.

Bi lege egitasmo erreakzionario berri hauek ez diote beraz erantzuten inolako aldarrikapen soziali, kontrakoa baizik, egungo eredu kaltegarria mantentzearen alde dauden bankari, enpresari eta kasta politiko zein erlijiosoaren tresna errepresibo berriak dira. Guk, mugimendu sozialok, ez ditugu lege horiek eskatu, ez ditugu nahi eta, nahikoa ez balitz, ez ditugu beharrezkotzat jotzen, lehendik ere Estatu espainolak antolatua zuen sare edota mataza juridiko atzerakoi eta errepresiboarekin nahikoa dugulako. Demokrazian sakondu beharrean, PPk totalitarismorantz jo du berriro.

Baina zergatik eta zertara datoz orduan orain «mozal legea» eta Kode Penal berria? Fernandez Diaz Barne ministroak berak azaldu du arrazoia: azken hamarkada honetan, baina batez ere azken urteotan, Estatu espainolaren krisialdi ekonomikoari aurre egiteko indarrean jarritako troikaren planek, klase politiko nagusiaren ustelkeria kasuek eta lurralde antolaketaren krisialdiek asko indartu dute erantzun soziala Estatu espainol osoan. Horregatik guztiarengatik, datozen azaroko Estatuko hauteskunde orokorretan, udal hauteskundeetan iragar-tzen hasi den eraldaketa indartuko delakoan daudenez, frenoa jartzea erabaki dute. Horretara datoz bi lege egitasmo berriak.

Egungo ereduaren aurkako olatu soziala non-nahi indartzen ari delako sortu ditu korrika PPk «mozal legea» eta Kode Penal berria. Lehen monarkiaren erreleboarekin Estatu monarkikoa salbatzen saiatu ziren moduan, lege hauekin Estatuaren eredu atzerakoia salbatu nahi dute. Ladran, luego cabalgamos esaten da gaztelaniaz, eta zakurrak zaunkaka nola dabiltzan ikusita, aurrera abiadura bizian goazela zalantzarik ez dago.

Estatu espainolaren eraldaketa prozesua martxan dagoelako, geraezina delako, beldurtu ditugu. PPk badoala badaki, eta datozenek badakite benetako aldaketak bideratu ezean, jendartea aurrean zutik izango dutela. Estatuak bere burua salbatu nahi du. Dena ondo lotuta utzi nahi dute alde egin aurretik.

Baina «mozal legea» hain da   atzerakoia, non Europar Kontseiluak berak ere alarma jo behar izan duen, PPren eskutik eskubide zibil eta politikoen eremuan izugarrizko atzerakada eman delako, dagoeneko eskasa zen demokrazia espainolari beste ostiko bat emanez. Europako ordezkariek ere argi ikusten dute kritika politikoa eta disidentzia soziala suntsitu nahi direla «mozal legea» eta Kode Penal berriaren bidez, demokraziaren kaltean.

Eta horretarako ad hoc legea egin dute. Lehen txarra zena, orain okerragoa bihurtu dute. Lehendik zigortzen zena, orain gogorrago zigortuko dute, beste bidetik bada ere. Hori da planteatzen duten bidea. Eta gogor lan egin dute, 45 zigor mota zehaztu baitituzte: 17 zigor arin eta 24 zigor larri eta lau zigor oso larri… 100 eurorekin hasi eta 100.000 eurorekin bukatu arte; kartzela urte batekin hasi eta seirekin bukatu arte... Eta 45 zigor mota horiek mugimendu sozialok erabili izan ohi ditugun 45 ekintza motatara zuzendu dituzte: mobilizazioak, escracheak, okupazioak, erresistentzia pasiboak, desobedientzia zibila, mozorrotzeak, ekitaldi instituzionalak oztopatzea, polizia filmatzea eta irudiak zabaltzea, poliziarekin ez kolaboratzea, herri harresiak egitea… Dena oso gogor zigortuko dute hemendik aurrera, batez ere, disidenteak, etorkinak, langabeak, gazteak… izango dira zigortuko dituztenak, baina guztiok izango gara susmagarriak.

Baina alfer-alferrik dabiltza. Guk ez dugu atzera egingo eta beraien eraso berriek milaka disidente berri sortuko dituztela pentsatzen dugu. Eraldaketa martxan dago Estatu osoan, Katalunian eta Euskal Herrian ere bai. Gure kasuan, Nafarroatik hasi da eraldaketa… Askatasuna badator, aurrera goaz, lortuko dugu. Desobedientziak egingo gaitu libre.

Bilatu