Sébastien CASTET- Euskal Konfederazioa

Lege proiektu bat, galdera anitz...

François Hollandek iragarri berri du gobernuak lege proiektu bat prestatuko duela Frantziak Hizkuntza gutituen aldeko Ituna berretsi ahal izateko. Adierazpen horren ondotik, lurralde hizkuntzen aldeko parlamentariek hitza hartu dute, « testua marmolan idatziko zela » poztuz eta "batzuek frantsesa Errepublikaren hizkuntza bakarra izatea nahi dutela" deitoratuz.

Bainan zertan oinarrituko da Kongresuan eztabaidatua izan beharko lukeen lege proiektu hau? 2014ko urtarrilean diputatuek gehiengoz onartu 53-3 artikuluaren formulazioan? Garaian Euskal Konfederazioak eta beste lurralde hizkuntzen alde ari diren herri mugimenduek diputatuei gutun bat luzatu zieten, eta besteak beste lege proposamen horren bultzatzaile zen Jean-Jacques Urvoas Bretainiako PSeko diputatuari, artikulu horren deklarapen interpretagarriaren mehatxuaz ohartarazteko. Izan ere, 53-3 artikuluak dio "frantsesaren erabilera zuzenbide publikoko pertsona moralei eta zerbitzu publikoko misioa betetzen duten zuzenbide pribatuko pertsonei inposatzen da, baita ere herritarrei administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan".

Lege proiektu horren prestatzeko formulazioa den bezala berriz hartuko balitz, onuragarria litzateke marmolan idatzia izatea frantsesaren erabilera denei inposatzen zaiela? Orain arte zenbat aldiz erabilia izan da Konstituzioaren 2. artikulua euskara bezalako hizkuntzen aldeko garatze ekimenak oztopatzeko? Aldiz, horrelako formulazio batekin pertsona publikoekiko eta zerbitzu publikoetako kudeatzaileekiko harremanetan frantsesa hizkuntza bakarra izatea nahi dutenak loriatuko lirateke.

Ipar Euskal Herri mailan, zer ondorio? EEP bezalako egitura publikoek frantses hutsean funtzionatu beharko lukete? Azken hamabost urte hauetan herriko etxeetan, herri elkargoetan, zerbitzu publikoetan euskararen alde eraman urratsak (langileen formakuntza, dokumentu eta seinaletika elebidunak, herritarrei euskarazko harrera...) deuseztatuko lirateke? Formulazioaren interpretazio murritzailea eginez gero, arriskua hor litzateke...

Bainan termino horietan idatzitako lege proiektuak ekar litzazkeen kalteetaz aparte, agian beste lehentasunak badira lurralde hizkuntzen aldeko hizkuntza politiketan hats berri bat eman nahi bada. Okzitanian, badirudi okzitanieraren aldeko erakunde publikoa laster sortuko dela okzitanieraren aldeko ekimenak hobeto egituratu eta koordinatzeko. Ipar Euskal Herrian, Lurralde kontratuaren prestaketa dela eta, Hautetsien Kontseiluak Euskararen aldeko Ituna landu du 2014ko urte bukaeran. Itun horretan proposatzen da, besteak beste, Hezkunde Ministeritzarekin negoziatzea lehentasunezko orientabideak hartzeko eta gauzatzeko, formakuntza profesionalerako fondo amankomuna osatzea eta Euskararen Erakunde Publikoaren aurrekontua bikoiztea. Gaur egungo egoeran, ez da dudarik Hautetsien Kontseiluak egiten dituen proposamen horiek kontuan hartzeak euskarari gehiago ekarriko liokeela Kongresuan eztabaida bortitz eta agian antzuak hasteak baino, sekulan lege proiektua ez balitz onartua edo lurralde hizkuntzen kontra itzultzen ahalko litzatekeen testua onartuko balitz. Bestalde, frantses Estatuak eta haren zerbitzuek eskakizun horiek gauzatuko balituzte, gobernuaren partez keinu politiko baikor gisa hartuko genuke... 

Bilatu