Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Marjinalitatea hegemonia bihurtu zenekoa: Marotoren lezioa

Marotoren lezio gisa bataiatu dudana Le Pen edota Trumpen lezioa izan zitekeen. Diskurtso komunikatibo-ideologiko baten eraikuntza egokiak, estrategia eraginkor batez lagunduz egiten bada, epe labur batean gizarte mentalitatean eraldaketa handiak eragin ditzake eta ondorioz, eremu politikoan aldaketak eragiteko izan dezakeen gaitasuna itzela da.

Horien isla dira aipatu ditudan politikarien hauteskunde emaitzak, kanpotik ulertezinak egiten zaizkigunak baina kontestu horietan emaitza logikoak diruditenak. Hain zuzen, honen guztiaren adibide eredugarria da Marotok RGI edo DSBEarekin egin duena.

Izan ere, Beatriz Artolazabal andreak aste hauetan egindako DSBEaren erreformarako proposamenaren zehaztasunen gainetik badago beste arlo batzuetara zabalgarria den lezio politiko bat: gutxiengo minimo are marjinal bat izan arren nola eragin daitekeen imajinario kolektiboan eta norbere diskurtsoa hegemoniko bilakatu, jendearen beldurretatik abiatuz, hauei forma emanez eta arerio politikoak zure diskurtsoaren bueltan dantza egitera behartuz. Hau da hain juxtu, PPk egin duena gai honekin.

Zuetako askok gaurkoan RGI edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) inguruko artikulu bat idatzi dudala ikusita asperduraz orria pasatzea erabaki dezake. Badira RGIaren gaiari buelta gehiegi ematen diogula eta arreta gutxiago eskaini beharko geniokeela uste dutenak. Baina badira, eta hauek dira arriskutsuenak, gai hauek boto kopuruarekin erlazionatzen dituztenak eta beraz, gai deserosoen artean kokatzen dituztenak, baztertzeko joera dutenak… edota diskurtso eta kudeaketa politikoa aldatzeko gai diren integritate gutxiko politikariak. Ezker-eskuin gai deserosoa bilakatu da DSBEaren defentsa egitea.

Erpin horri heldu nahi nioke DSBEaren eztabaidari begira erabili den estrategia beste eremu batzuetara guztiz zabalgarri den arriskuaz ohartarazi eta izan ditzakeen aukerez baliatzeko. Eta ofentsiba honi ideologikoki aurre egin behar zaiola aldarrikatzeko, xenofobo, fatxa eta eskuindar klasistek mugarri hau pasatzen badute, urteetako lorpenetan atzera baino ez baitugu egingo eskubide sozialei dagokienez.

Zuetako norbaitek gogoratzen du, bista urte batzuk atzera botatzen badu, RGIaren inguruko polemikarik? Nik ez bederen. Nik oroitzen dudaneraino bazen garai bat non bazegoen kontsentsu politiko eta sozial bat, zeinak DSBEa eskubide funtsezkotzat zeukan. Garai horretan oparotasun ekonomikoan murgilduta zegoen klase ertainak ez zeukan krisi ekonomikoak gaina har ziezagukeenaren kontzientziarik. Ziurgabetasunik ez zegoen eta bizi proiektu osoak eraiki zitzakeen bere lehen aldi baterako soldataren konstantzia hutsarekin. Etxea, kotxea eta txakurra kreditu hipotekario berean lortu eta Baqueirara joateko A6 berriari neguko gurpil aproposak jarri bigarren nominatik aurrera. Ez zeukan immigrazioarekin arazo berezirik ere (arrazismo primarioaz gain noski), utilitatearen mesedetan. Bere adinekoak zaindu eta tabernetan zerbitzatzen zutenak ziren… guk, autoktono klase ertainekook, gure kooperatiba eta enpresetan lanpostu hobeak, ondo ordainduak genituen bitartean. Jendeak ez zuen galdetzen zein zen RGIaren (orduko Oinarrizko Errenta) onuraduna, iruzurrik ba ote zegoen… Ez dut garaiko erreportajerik gogoratzen DSBEaren erabiltzaileenganako susmoak aireratuz.

Krisi ekonomikoak Euskal Herria gogor kolpatzen duenean eta ziurgabetasuna hedatzen denean ordu arteko balio eta paradigmak ezbaian jartzen dira, ordea. Batzuek ez dute arazorik izango krisitik ateratzeko, edota honek ez die eragingo. Gutxi batzuk indartuta eta aberastuta aterako dira baina gizarte sektore zabal batek bere burua ataka larrian aurkituko du eta pobretuta aterako da, beti aipatu ohi dugun bretxa soziala zabalduz. Honelako ezberdintasunak dituen gizarte batek, ordea, ez du kohesiorik eta kohesioa beharrezkoa da bake soziala nahi bada. Neoliberalismoaren kausei begiratu eta tamainako neurriak ezarri beharrean, klase interesak hertsiki defendatzea komeni da.

Testuinguru horrek pobrearen aurkako borroka estrategia ahalbidetzen du. Pobreziari aurre egin beharrean pobrea jarri behar da mehatxupean eta klixe erraz batzuekin diskurtso oso bat joan da hedatzen. «Kanpokoek jasotzen dituzte laguntzak eta bertakoek ez». «Nagikeria sustatzen du; hemen jendeak lan egin behar du». «Etorkin gehiago etorriko dira hemengo laguntzei esker». «Jasotzen dutenek ez dute merezi, iruzur asko dago». Datuek ez dute esaldi hauetako bakar bat babesten baina nork ez ditu prentsan iradokita ikusi? Edo are okerrago dena: Nork ez dizkio esaldi hauek entzun profil ideologiko askotako jendeari, ezkerrekoei barne?  

Marotok sentsazio horiei forma eman eta etorkinen aurkako gurutzadarako diskurtsoa eraikitzen asmatu du. EAE mailan marjinala den indar politikoak bere diskurtsoa hegemoniko bilakatzea lortu du. Marotok herritarrengan zeuden kezka ez arrazionalei bide eman eta beldurrak hauspoz aireratu izana inteligentea bada ere estrategia horrek ez luke arrakastarik izango parean dituen alderdi politikoek euren boto galeren kalkuluez izutu ez eta erantzukizunez jokatu izan balute.

Hor kokatu behar da EAJ eta PSEren jarrera DSBEaren inguruan, eta ez hainbeste PPrekin duten akordio politikoaren eremuan. Beldurrak gaina hartu die eta (zorionez) gaurdaino Marotok modu irekian esan dituen gauza batzuk esatera ausartu ez badira ere, Eusko Jaurlaritzaren bideak argi erakusten du Marotoren diskurtsoa irabazle izan dela ikusi dutela eta ez dutela indarrik eta erantzukizunik horri aurre egiteko. Axolagabekeria politiko handiz sartu dira iruzurraren diskurtsora pobrezia estigmatizatu, topikoez abusatu eta kriminalizazio oldarraldia ekitera. Non eta datuetara etorriz, Beatriz Artolazabal kontseilariak berak %0,8an kokatu duen iruzurra, estatistikoki huskeria den zifra horretan.

Baina jokoan erori dira: Lehenik Gipuzkoako Foru Aldundian zegoen AGIa ezabatzeko plan bat proposatuz, gero DSBEaren zenbatekoaren eguneratze indizeak ez errespetatuz eta orain, hilabete batzuk beranduago, DSBEaren erreforma hau planteatuz. Eusko Jaurlaritza planteatzen ari den erreforma horretan badira proposamen erabat atzerakoiak direnak eta badira neurri batzuk positibotzat balora daitezkeenak, motz gelditu arren norabide onean joan daitezkeelako. Proposamen definitiboa ikusi beharko da zertan geratzen den jakiteko.

Galdera zilegi bat da jakitea ze aurrezki asmo dituen Jaurlaritzak erreforma honekin. Zenbat jende utziko duen kanpoan eta zenbat jenderi pobretuko zaion bizitza. Atzo bertan prentsari eskainitako elkarrizketa batean Artolazabal andrea ez zen galdera hau erantzutera ausartu. DSBEa eskubide subjektibo bat dela eta 500 milioi euroko diru partida zabalgarri bat daukala baino ez dugu irakurri. Ostrukarena egin dio galdera egoki horri.

Baina badago bigarren galdera bat egiterik: aurrezkia ez baldin bada erreforma honen eta azkenaldiko diskurtso marotista horren arrazoi nagusia, ze kalkulu politikok eraman ditu EAJkoak hau egitera. Eta hor, erantzuna garbia da: Marotok artikulatu duen diskurtso horri aurre egiteko ardura politikoa eta ausardia falta izan zaie.

Honen aurrean ezkerreko indarron ardura izan behar da, oldarraldi honek aurrera egin ez dezan konfrontazio ideologikoa egitea eta berriro gizarte babesa herritar izate hutsagatik dagokizun eskubide bat dela eta gizarte babesa instituzioen obligazio nagusietako bat dela aldarrikatzea, Marotoren lezioaren gainetik integritatearen lezioa izan dadin jendartearen mentalitatean txertatzen dena.

Bilatu