Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Memoriaz, etikaz eta politikaz

Aurtengo azaroaren 10ean, etikoki eta politikoki hain labainkorra den Memoriaren Eguna modu berezian bizitzea tokatu zait. Legebiltzarkide gisa, Alderdi Popularrekoak ez beste guztiekin batera memoriari alegoria bat egitera hurbildu gara, lore zuri bana ipinita. Bakartxo Tejeriak berba egin du barrura iritsi ez zaizkidan hitzekin, hutsalak iruditu zaizkidanekin.

Bi minutuko isilunean ezinbestean nire arreta legebiltzarkideen aurpegietara joan da. Han dago PSEko Rafi, azken urteetan ezagutu dudana, seguruenera bere herriko eta alderdikide izan zuen hura buruan, edota Podemos-eko Pili, anaia gogoan. Enpatizatu dut haiekin. Gutako askok dugu iraganarekin lotura egiterik eta negar egiteko motiborik. Sufrimenduak gaina hartzerik. Eta sufritu duenak badu besteen sufrimendua ulertzeko barne mekanismorik.

Burua horretan dudala, barka biezadate guztiek nire gogoa ehun metro harantzago dauden zapi txuridun lagunengana joan bazait. Horien iragana ez da kapritxo etikoengatik aitortua izan (ez dezala inork ahaztu etika bakarrik ez dagoela); guk minutu batzuk lehenago eman izan ez bagenie ez legoke lore txuririk haientzat, ez telebistarik. Haientzat ez dago parlamentuko lehendakariaren hitz hutsalik. Ez justiziarik, ez egiarik, ez errekonozimendurik. Ezer ez. Zapi txuri horiek baina, ez dituzte iraganean dispertsioak eragindako hamasei hildakoak soilik ordezkatzen, egungo sufrimendua ordezkatzen dute. Eta sufrimendu hari bizkar emanda esan ditu Bakartxok bere hitzak, hari bizkar emanda ezarri dira loreak, hari bizkar emanda egin dugu isilunea. Sufrimendua iraganeko kontu selektibo bat baino ez balitz bezala.

Zenbat kilometro egin ditu zapi txuriak biltzen duen lepo bakoitzak… eta zenbat geratzen zaizkio? Egindakoak hor daude, baina eta kapaz bagina gizarte bezala lepo horiek kilometro gehiago egitea eragozteko? Iragandako sufrimendutik etorkizuna baldintzatzeko? Banoa neu ere neure/geure memoria norbanako eta kolektibo honetan murgiltzera. Asteburua: bixita eguna. Ez dago etenik. Maitek semeak ikusiko ditu, Intzak aita, Nagorek anaia, Josuk maitalea: ehunka kilometrotara. Irteera data dutenen kasuan ezik epe mugarik gabe. Horrela izango da aste batez eta hurrengoz. Sufrikario errutinazko horretan. Gogoan ditut kotxea hartu eta alaba atzean lo zelarik, burua erortzen zitzaionean edo botaka egiten zuenean sentitzen nuen barne ziztada hura egoera hartan munduratzeagatik. Eta horregatik imajina ditzaket espetxeetan dauden ama eta aitak maitasunaren eta sufrimenduaren arteko dantza zorabiatsu hartan gaur egun oraindik. Gogoan dut joateko bidaiaren zirrara eta itzulerakoaren nekea. Maite duzun hori nola dagoen ez jakitea, egunerokotasuna galtzea. Kartzelari umorea ateratzea. Zure baitan sartu eta ez kontatu, «ez laguntzarik eskatu, ahal duzu» konbentzimenduzko hori. Anormalitatea ohiko bihurtzeko saiakera antzua. Bakardade partekatua. Ezin jakin zer izan daitekeen sufrikario hori barruan duzun hori gaixotasunagatik ondo ez badago, baina bider mila bat jarriko nioke. Nik zortez iraganeko aditzez hitz egin dezaket eta aitortu behar dizuet iraganak eskuzabaltasuna eman diezazukeela, erlatibismo moral punttu bat, ze arraio, hala bada.

Halere, han daude, ni lehen bezalakoak, zuetako asko bezalakoak zapi txuriekin guztioi gogorarazteko hori ez zela iraganean geratu, egun horrela dela eta gaia ez badugu erdigunean jartzen horrela izaten jarraituko duela gu denoi gogorarazteko. Gogorapen mingarria. Memoria egin etorkizuna eraikitzeko, mahai gainean dauden aferei lehentasuna emanez. Hain sinplea dirudiena eta hain konplexua. Zergatik ez da Rafi gerturatu, zergatik ez du Pilik horixe bera egin? Eta Bakartxok? Ez dute besteen sufrimenduarekin enpatizatu? Ala alderdi interesak gailendu dira? Inprobisaziorako espaziorik ez al dago egungo zirku politikoan? Eta ze interes izan dezake alderdi batek egungo testuinguruan, parekoak bakea eraikitzeko ahalegin guztiak egiten diharduenean, arerioa umiliatzeko helburuz ez bada?

Amorrua datorkit berriro. Erlatibismo morala aplikatu dezadan eta izan nadin eraikitzailea. Esplikatu ditzagun enegarrenez bi kontu herri honetan norbait jabetu ez bada: bata, dispertsioak hil egiten duela eta presoen senide eta lagunek ez dutela zertan zigorrik jasan helburu politikoengatik ez bada, mendeku goseagatik ez bada. Esplikatu dezagun enegarrenez, dispertsioaren kostu ekonomikoa, haurrengan duen eragina, nekea, sentimena, aspektu praktiko guztiak. Abixu eman dezagun dramatismorik gabe, baina arriskuaz kontziente, hildako gehiago jarri daitezkeela mahai gainean dispertsioa amaitzen ez bada, preso gaixoak kaleratzen ez badira; eta nabarmena dela, bakea nahi bada, hildako gehiago ezin dela egon.
Bigarrena: ez da bakerik inongo lurraldetan motibazio politikoko preso eta iheslariak dauden bitartean. Denak etxeratuta aplikatu beharreko justizia trantsizional eta protokolo guztiekin, baina etxeratuta herri honek osotasunean irabazten du.

Une honetan halere, klase politikoa ez dago horretan, korrekzio politiko batean baino ez. Ze ez al da korrektoa edo are hipokrita iraganeko minari adjektiboak eta aukeraketak egiten aritu eta orain aurrean dugun sufrimenduari begietara so egin eta begi horiekin sufrimendua amaitzeko konpromisoa hartzen ez duten horiena? Ez al da a posteriori etsaiari politikoki irabazteko modu krudel bat beroni damu balorazio moralak eskatzen aritzea? Eta krudelkeria berarekin aho txikiz arerio horri bere-bereak dituen sufrimendu horiek ulertzen dituela esatea behatz bakar bat mugitu gabe?

«Presoak zuenak dira» esaten digute batzuek, «zeuen arazo dira». Preso politikoak egotea arazo politiko bat behar lukeenean izan, alderdiek alkandoretako maukak altxa eta lanean jarduteko moduko lehen mailako arazo bat. Bitartean, guri dagokigu konpondu beharreko auzi hau, presoak gureak direla sentitzen ditugun milaka pertsonok antolatu eta agenda politikoan lehen lerroan jartzea.

Bitartean ere, azaroaren 10a joana, aurtengo abenduaren 10a iritsiko da, Giza Eskubideen Nazioarteko eguna, eta egunak, ehunka kilometrotara dagoen kartzela batean bizi osoa borrokan daraman eta asko maite dudan lagun bati bisitan harrapatuko nau. Zer esango diot giza eskubideen egunean giza eskubideak berataz beti ahaztu diren pertsona bati. Bere irribarre sosegatuak gure ezintasun, amorru eta min kolektiboak baretzen ditu, konbentzimenduaren lasaitasunetik, patxada borrokalaritik egiten baitu. Halere, baietz, hemen segitzen dugula esango diot, geureak direla eta ateratzeko gogor borrokatuko garela, bakearen etsai eta bakezale korrekto ez-koherente guztien gainetik. Derrotismo, frustrazio, itxaropen-ez eta perezak gainetik kendu eta egoera honi amaiera jartzeko lan egitera konprometituko garela esango diot, lehentasunetan lehenen jarriz. Haiei zor diegulako eta herri bezala behar dugulako. Ea legegintzaldi honen azken azaroaren 10ean zapi txuridun leporik ez dagoen pankarta baten atzean jarri beharrik herri honetako ordezkariek bizkar emanik. Hori baita memoria egun inklusibo eta justu baterako ezinbesteko premisetako bat.

P.D.: Artikulua idazten ari nintzela Urkulluren adierazpenak irakurri ditut. Ez goaz inora, herri honetako lehendakari batek Ertzaintzak egindako erailketa, tortura, exekuzio sumario eta mota guztietako gehiegikeriekiko darabilen zinismoari eusten badio. Legegintzaldiko azken memoriaren egunerako baduzue zuek ere ariketa indibidual eta kolektibo sakona egin beharra, herritarrei iruzurra egiteko tentaldi oro alboratuz. Memoria kaskagogorra baita eta egundaino ez dugu ahazten.

Bilatu