Maite Ubiria

Mila hildako aste bakar batean Mediterraneo itsasoan

Izurrite baten kronika etsigarria. Mediterraneo itsasoaren hegoaldean jatorri ofiziala duen eritasunaren behin-behineko balantze ofiziala izan daiteke. Lampedusak aspalditik utzi zion irla bat izateari, Europako hondamendi moralaren lur mutur bilakatuz.

Troikaren doikuntza politikaren kalte-ordainak ordaintzen dituzten hegoaldeko herrialdeek bigarren kondena bat ere pairatzen dute: haustura soziala, pobrezia, injustizia sortzen duen sistemak beraiek baino pobreago direnen amildegiari begira jarri ditu.
 
Neoliberalismoaren logikari men eginez jarduten duten Estatu buruek hegoaldeko herrialdeak hilerriaren zaindari bilakatu dituzte. Italia, Espainia edo Greziako gobernuek hegoaldearen hegoaldea geldirik atxikitzeko papera dute. Harresiaren gainean harresi altuagoak eraikiz, eta nola ez, beharrezkoa izanez gero harresia gainditzeko atrebentzia dutenak jazarriz.

Europar Batasuneko hegoaldeko herrialdeen patua: borreroak ematen duen agindua betetzea. Bruselako bulegoetan erabakitzen diren asilo eta migrazio lege zorrotzak aplikatzeak, finean, horrelako ondorio ez erosoak dakartza: Lampedusa, Rhodas edo Kanariar Uharteetara iritsiko dira heriotzatik ihes eginez itsas zeharkaldi arriskutsutik onik atera direnak. Edo haien zerraldoak.

Mila hildako aste batean. Izurrite baten kronika errepikakorra nioenez. Izan ere, gorpuz bete diren hondartza horietatik begiak kenduz gero seguruenik begirada zabalagoa hartuko genuke. Errelatibizatzea hain da erreza eta ohikoa pobreen aferaz ari garenean!

Heriotza mozkorraldia aspalditik baita Sahara hegoaldeko herrietan, edo Sirian, edo Libian, edo Iraken, edo... eguneroko ogia.

Afrika osoan praktikatzen den muturreko neoliberalismoaren politikek arriskuaren pertzepzioa eraldatu dute. Bertan hiltzea baino errusiar erruletara jokatzea hobe dela pentsatzeraino.
Bruselan bere egoitza nagusia duen NATO erakundeak politika suntsitzailea eraman du aurrera azken urte hauetan Magreb osoan.

Hipokrita samarra da Mediterraneo hegoaldeko itsas-ertza pertsonen trafikatzaileen paradisu bilakatu izanaz orain Europa bera damu agertzea.

Libian, Sirian edo Iraken Mendebaldeak garatu duen gerra estrategiak bere ondorioak utzi ditu. Herrialde horietatik milaka errefuxiatu ihesean dira, Europak izaera hori inoiz aitortuko badie behintzat. Asilo eskubidea, denok dakigunez, zeharo murriztu da azken urtetan. Hori dela eta, bizitza arriskuan jarriz Europako hondartzetara helduko diren gehienak berriro ere bueltan eramango dituzte. Joan-etorri horien kudeaketan jarduten dute itsas ertz bateko zein besteko gobernuek, gurpil zoroak jira-biraka segitzen duen bitartean, pertsonen esperantzak eta bizitzak bere baitan irentsiko dituzte.

Kuoten politikak, itzulera azkarreko prozedurak, aldi-baterako atxikitze zentroak, harresien gaineko hormak, eta zelatatze sistemak, bata bestea baino zorrotzagoak, beraz karioagoak, eta poliziak, poliziak eta poliziak... baten batek aitortuko balu pobreak haien tokian geldi arazteko Europako Batasunak xahutzen duen diruak ez al luke aldatuko perspektiba?

Sistema ekonomikoa, nazioarteko gobernu eredua eta aniztasuna kudeatzeko lanabesen inguruan gogoeta sakona egin gabe ba ote den irtenbiderik ? Berehalako erantzunak bilatzen dituzte Europako agintariek. Iraganean sasi irtenbide asko baliatu dituzte: besteak beste, hegoaldearen hegoaldean jarduten duten diktadoreen poltsikoak betetzearen sistema erabilita, pobreak jatorrian jazar zitzaten, Europako telebistetatik urrun.

Porrot handiaren kronika da. Porrot politiko eta moralaren kronika. AEBtako multinazionalei muga guztiak altxatuko dizkien tratatu berria negoziatzen du Europako Batasunak. Anartean, Bruselako agintariek pertsonen zirkulazio askea murrizteko sistema etengabe zorrotzea dute helburu.

Gizartearen gehiengoaren kontrako politika neoliberalak aurrera eramateak sakrifizio batzuk eskatzen ditu. Europako barne esparruan, doikuntzak ezinegon sozialari erantzuteko errepresio sistemak eguneratzea eskatzen du; kanpoko eremuan, gobernuak eta mapa aldaketek bortizki aldatzeak herritar multzoen mugimendu handiak dakartza. Horiek kontrolpean jartzeko neurri guztiak hartuta ere, iragarritako porrot baten aurrean kokatuko ginateke. Migrazioen tasak kontrolpean izateko jatorrizko herrialdeetan jardun behar dela diotenak oker daude: mundializazioak muga fisiko guztiak eraldatu ditu. Beraz, ekonomia eta geopolitika gidatzen duten botere eremuetan bilatu behar dira erantzunak. Hala ere, fiskalizazioa edo kritika zorrotzena motz geratuko dira. Urrunago joan behar da, espazio horietatik etorri diren errezetak deuseztatu eta alternatibak garatzeko konpromisoak zabaldu behar dira. Mugarik gabe. Eremu guztietan. Aste latz batek utzitako ajea gainditzea baino, itsasoa ispilu duen desesperoaren mapa errotik aldatzea delako erronka. Erronka politikoa eta morala.

Bilatu