Txerra Bolinaga eta Garazi Arrula Ruiz
Eleak mugimendua

Mozal legea indarrean

Gaur, 2015eko uztailaren 1ean, Herritarren Segurtasunerako Legea, herri mugimenduak hain modu aproposean «mozal legea» deitu duena, indarrean jarri dute Espainiako Estatuan. Baita, gaur bertan, Zigor Kode berria ere.

Egun beltza, eskubide zibil eta politikoen defentsan ari garenontzat. Egun beltza, herritar guztiontzat, guztion eskubideez ari baikara. Orain arte genuena ontzat edo onargarritzat jotzeko inongo asmorik gabe, herritarrei otzantasuna eta obedientzia inposatzeko jauzi kualitatibo berri baten aurrean gaudela esan genezake.

Zigor Kodearen erreformak faltak desagerrarazten ditu, alegia, bide judizialak epaitu arren, penalak ez ziren lege urraketa arin horiek (desobedientziak, desordenak, irainak…). «Hutsune» hori betetzeko-edo, bide administratibotik Herritarren Segurtasunerako Legea garatu du Estatuak, eta bide penaletik, berriz, zigor kodea gogortu du.

Herritarren Segurtasunerako Legeak babesgabetasuna sustatzen du. Prozedura administratiboa izanik, poliziaren hitzak balio frogagarria izanen du legez, eta legeak zigortzen dituen jarrera askoren indefinizio maila onartezina da. Errepresio zuriaren eremuan kokatzen gara gainera. Atxiloketarik edo epaiketarik behar ez duen zigorra, gutun bidez etxera helduko zaiguna. Inor espetxera bidaliko ez duena –ordaintzeko aukera badu–, baina etxean geratzeko tentazioa eragin dezakeena, pobretze garai hauetan poltsikoari egiten baitio zuzenean eraso. Ikusarazten zailagoa den zigorra, salaketa eta elkartasuna antolatzea nekezago eginen diguna, segur aski.

Herritarren Segurtasunerako Legeak zigorraren langa are gorago kokatzen du. Batetik, aurreikusten diren isunak epaiketa baten ondorioz jasoko genituzkeenak baino nabarmen altuagoak dira. Hiru arau-hauste mota bereizten ditu legeak: oso larrientzako zigorra 30.001 eta 600.000 euro artekoa izanen da; larrien kasuan, 601 eta 30.000 euro artekoa; arau-hauste arinen zenbatekoa, azkenik, 100 eta 600 euro artekoa. Orotara, 45 arau-hauste jaso ditu, lau oso larriak, 24 larri eta 17 arin.

Bestetik, orain arte zigortzen ez zituzten portaera edo jarrera ugari kriminalizatzen ditu lege berriak. Are gehiago: borroka modu horietako asko nork eta epaileek, non eta epaitegietan, zilegitzat hartu izan dituzte azken urteotan, escracheak eta etxe-desjabetzeen aurkako mobilizazioak, kasurako. Pentsa.

Hori da, hain zuzen ere, lege honen bereizgarri nagusia eskubide zibil eta politikoen ikuspuntutik. Azken urteotan Estatu osoan herri mugimendu askotarikoek garatu dituzten borroka modu berri eta eragingarrienak banan-banan jaso eta zigortzen ditu legeak. Besteak beste, erakunde eta instituzioen aurrean egindako elkarretaratzeak, lurren edo etxebizitzen desjabetzeak ekiditeko mobilizazioak, sare sozialen erabilera deialdiak edo mezu kritikoak zabaltzeko, Poliziaren oldarraldien argazkiak/bideoak egin eta zabaltzea, poliziaren aginduak desobeditzea eta identifikatzeari uko egitea.

Finean, oraindik ere aurreproiektu zenean adierazi genuen bezala, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen ukazioa handituko du lege honek; Poliziari are botere, eskumen eta zigorgabetasun handiagoak emango dizkio; delitu berriak nahieran ezarriko ditu; horiek zehatz definitu gabe utzi eta erabateko babesgabetasuna sortuko du; gogorrago baina ezkutuan zigortuko du. Disidentzia ororen aurkako arma hedakor eta trinko bat; kalean, lehen lerroan eta egunero nahi adina erabiltzeko diseinatua. Gure borroka moldeak eta jendarte eraikuntza guztiz baldintzatzeko egindakoa.

Zigor Kode berria eta Herritarren Segurtasunerako Legea elkarren osagarri dira. Luze-laburrak direla eta, ezin dugu hemen horretan sakondu, baina esan dezagun, behintzat, orain arteko Zigor Kodearen erreforma guztiak bezala, azken hau ere aurrekoa baino zigortzaileagoa dela. Zigor Estatuaren logikan sakontzen du oro har, izan espetxealdi iraunkor berrikusgarria deitutakoarekin, izan desordena publiko edo erresistentzia moduko delitu txikiak gogortzearekin.

Bilakaera kuriosoa, gero, gure eskubide zibil eta politikoena: hamarkadetan salbuespenezko arkitektura oso bat garatu zuen Estatuak Euskal Herriari begira. Horren beharra justifikatzen zuen aitzakia borroka armatua zen. Administrazioetatik ez datozen biolentzia politikoak desagertzean, ordea, iraganeko salbuespenezko arkitekturak zutik segitu zuen. Are gehiago: disidentzia eskubidearen aurkako neurri berri eta hertsatzaileagoak gehitu zitzaizkion. Hala nola, gaurkoan ardatz ditugunak, Segurtasun Pribatuaren Legea, Zigor Kode Militarraren aldaketa, Tasen Legea… Labur, salbuespen politika iraunkorraren sakontzea.

Gormutu eta geldi nahi gaituzte, mozala jantzita. Batetik, eskubide sozialik gabe uzten gaituzte; bestetik, lapurretaren aurka protesta egiteko eta errealitate berriak sortzeko tresnak debekatu nahi dizkigute. Duten larritasunaz hartu behar ditugu “Mozal Legea” eta beste guztiak, eta haien ondorioez hausnartu.

Eskubide eta jarduera justu gehiago delitu bihurtu dituzten egun honetan, gogora dezagun lehenago ere delitu asko eginak garela. Eta delituok herritarren babes handiarekin eta askoren artean egin ditugunean, errepresioa desaktibatzeko gai izan garela. Gogora dezagun, egun eskubidetzat onartzen zaizkigun gutxiak ere lehenago delitu izan zirela, eta haien praktika masiboak bihurtu zituela gerora eskubide.

Bilatu