Josu Iraeta

Nafarroa saltzen ari dira

Nafarroako erakundeetan gertatzen ari den ustelkeriari heldu dio egileak, batik bat UPNri eta PSNri aipamen eginez. Kasu horietan zigorgabetasuna gailentzen den bitartean, herritarren artean ongizatea kolokan jartzen ari dela salatu du, eta horren aurrean instituzioetan dauden alderdi guztiak, eta gizartea bera ere bai, erantzun beharrean direla nabarmendu du. Hau da, «lotsagabekeria eta zigorgabetasuna» bizitza publikotik ezabatu eta erakundeetan zintzotasuna ezartzeko garaia dela.

Eskozian duela egun gutxi gertatutakoak ikastaro polita beharko luke euskaldun guztientzat –nafarrak barne, noski–, besteak beste, ideologia eta ekonomia «neurtzen» ikasteko. Hau diot emaitzen azterketak zerbait argitu badute, ezezkoaren bultzada nagusia erretirodunen botoak eman duela izan delako. Azterketek diotenez, baiezkoa gailenduko balitz pentsionisten soldatak kolokan egon litezkeela zabaldu izanak lortu du ezezkoaren garaipena.
Herriaren erabakitzeko eskubidea defendatzen duen aukera politiko baten sustatzailea naizen neurrian, ideologia eta ekonomia uztartzeak dakartzan zailtasun ukaezinak ongi, oso ongi, neurtu beharrean gaudela uste dut.

Gure Herria dago jokoan, gutariko bakoitzaren bizia eta etorkizuna ez ezik, munduari begira zabalik dagoen leihoa baita, baina baita hesi halako bat ere. Leihoa da, mundu zabalean dauden beste gizon-emakumeen borrokarekin bat egitea ahalbideratzen digulako; eta hesia, berriz, gatazketan ez delako batere erraza izaten ageriko arazoez harago ikustea.
Hala ere, ez ditut onartzen «munduko hiritartasun» hori aldarrikatzen dutenak, unean uneko erantzukizun zehatzetatik ihes egiteko.

Dena dela, gaurko egoera honek zerikusi gutxi du garai bateko bizitza politikoaren inguruan suma genezakeen inertzia erosoarekin. Gaur egun, txinatar «mandarinen» antzera Nafarroa osoa kudeatzen zuten haiek Barcinaren jarraitzaile sutsu bilakatu dira.

Baina Barcina ez da kasu bakarra, gehiago ere badaude. Azkenaldian, nire ustez arduratzekoa den errealitate bat antzeman dezakegu Iruñeko bi erakunde nagusien jarreran, eredugarri bilakatzen ari baita. Astakeria handiena eginda ere, ezer gertatzen ez delako baieztapen ikaragarriak kalte handia eragin dio Nafarroari, eta ez bakarrik kanpora begira, baita lurralde barruan ere. Osmosia ukaezinezkoa da. Horren guztiaren emaitza suntsitzailea da erabat. Izan ere, erakundeak Barcina andrearen edota Maya jaunaren estiloari jarraiki kudeatzeak, hau da, ezagutzaren ordez hantustea baliatzeak, pertsona haserreak, axolagabeak eta ankerrak bilakatzen ditu kudeatzaileak. Egiari zor, ez sobera gomendagarriak, demokrazia sasoian.
Atzera begiratuko bagenu,   baiezta genezake arazo metafisiko baten aurrean gaudela; zer gara norbanako gisa, eta zer herri gisa, gaur? Hori horrela, eta etorkizunera begira, Nafarroako gizarteak egun bizi dugun gatazka ebatzi beharko dugu; UPNk betidanik dakarren humanismoaren norberekoitasunari heldu, edo, ezkertiar guztiok bultzatzen dugun herritartasuna jorratu. Beraz, justizia sozialean oinarrituriko gizartea landu. Ez dago beste biderik.

Gaurko segurtasun eza nabaria da, eta sasoi latzak bizi ditugu: herritar gehienak hondoratzear daude, eta ez dute egoerari aurre egiteko baliabiderik. Badakigu zein den efektua, baita kausa edota arrazoia ere. Baina sistema hori ondo aztertu eta gero ezarri da, eta metodoari jarraituz, modu kontzientean. Emaitzei so eginda, hala ere, badirudi begiak itxita ari direla.
Denok «egokitu» gara gure ingurura: gero eta handiagoak diren bukaezinezko pribilegioetara batzuk, eta urritasun nahiz eskasiara besteak. Bizitzaren karrusel horretan, dena bat-batekoa dela dirudien arren, ezer ere ez da inprobisatzen. Izan ere, erabakia gutxi batzuek hartu arren, makina bat dira laguntzen saiatzen direnak.

Azken hori atsekabez diot; baina halaxe da. Sarasate Pasealekuan hara eta hona ibiltzen naizenean, sarritan gurutzatzen ditut aspaldiko ezagunak –ile zuriak batzuk, eta ia ilerik gabekoak besteak–, filosofia marxistan esperientzia izan arren, maila pertsonalean jokabide erreakzionarioa dutenak.

Lehen aipaturiko «egokitzapenaren» produktua dira, zalantzarik gabe. Gogorra egiten zait ezagun horiek agurtzea, eta seguru nago nabaritu ere egiten zaidala; izan ere, pertsona horiek dira, «intelektualak» diren aldetik, kalte gehien eragiten dutenak, amaigabeko espainiar trantsizio honetan bizitako hamaika arazoen aurrean sorbaldak jaso, besterik egin ez dutelako.
Mingarria da hori, oso mingarria, eta Santi Brouard nire adiskide eta lagun izandakoak Bilbon esandakoa datorkit burura: «Jakina denez, hipokrisia da demokraziaren arte ederretako bat».
Azken urte hauetan nafarrok bizi ditugunak kontuan harturik, hona nire galdera: 2014. urtean, XXI. mendeak dagoeneko ia hamalau urte bete dituenean, kapitalismo basatia nagusi den aro honetan, eta PSN kapitalismoz eta neoliberalismoz makillatzen den sasoian, nork egingo die aurre Nafarroan milaka eta milaka familiak bizi duten miseria egoerei? Hau da, UPN-PSN bikoteak diru publikoaren kudeaketa anker bezain lotsagarriaren ondorioz sorrarazitako miseriari?

Mugara iritsi gara. Nafarrok urte askoz pairatu dugu Barcinarenaren antzeko belaunaldi baten kudeaketa lotsagarria. Ezinezkoa zirudien arren, gainditu dute Urralburu, Aragon eta Otano bezalako gaizkile ezagunen jarrera. Beraz, ez begiratu Montoro ministroari, Nafarroaren etsaiak hemen bertan ditugu-eta. UPNren zuzendaritza eta bere sozioak dira Nafarroa saltzen ari direnak.

Erakundeetan horren errotuta dagoen lotsagabekeria eta zigorgabetasun hori bizitza publikotik ezabatu beharrean  gaude. Baita zigorgabetasun osoz aberasteko dituzten aukerak ere. Zalantzarik gabe, erakundeetako korridoreak korporatibismo lizunez lepo dauden ondorio zuzena.

Ibilbide nekagarri honen ondotik, bidegurutze batera heldu gara, gure erakundeetan zintzotasuna ezartzeko bidea erakusten digun bidegurutzera, alegia.
Nafar gizartea bere heldutasun zintzoa agertu beharrean dago.
Aski da.

Bilatu