Nerea Castells Erdozain
Ospitaleetako larrialdietako langileen izenean

Nafarroako ospitaleetako larrialdi orokorren bateratzea

Larrialdiko eraikin berria 2014ko urriaren 8an irekitzea aurreikusten da. Guztiontzat une gogoangarria izan beharko zuena ez da hala izango.

Victor Peraltak dioen bezala «proyecto de gran trascendencia para la población Navarra» delako hau orain dela bi urte baino gehiago abiatu zen. Zuzendaritzak guztion artean landutako proiektu bat izango zela sinetsarazi zigun, elkarren artean lan egiten, eta ekarpenak kontuan hartuko zirelakoan, emaitza ahalik eta hoberena izan zedin. Esan eta egin, langileak buru-belarri sartu ginen hor, «lantaldeak» osatuz eta lan orduz kanpo bilerak antolatuz esparru ezberdinak jorratzeko asmoz; harrera protokoloa, lan txandak, formakuntza mintegiak… Parte-hartzaile omen ginen proiektu honetan helburu bakarra geneukan; osasun zainketa ahalik eta hoberena izatea.

«Omen» diogu, bi urte baino gehiago lanean eman eta gero, eta eraikin berriko irekiera berehalako errealitatea denean, Zuzendaritzak orain arte egindako lan guztiari muzin egin diolako. Hilabete baino gutxiago falta da eta oraindik ez dakigu langile bakoitzak bere lanpostuan ze funtzio izango dituen, ez eta txandak, ez eta zein izango den barne antolakuntza ere… Beraz, langile askok ez dugu eraikina ezagutzen, are gutxiago non dagoen materiala eta erabili beharko dugun tresneria.

Hau gutxi ez eta, Zuzendaritzak uda eta opor garaian zenbait bilera deitu ditu txanden afera antolatzeko asmoz, ezertarako balio izan ez duten bilerak, Zuzendaritzak erabakia aurretik hartuta baitzeukan.

Laburbilduz, Zuzendaritzak gure esfortzu eta lanarekin jokatu egin du, guztiona izan behar zuen proiektu bat saldu zigun, eta hastapenetik bide bakarreko proiektua izan dela orain erakutsi digu. Jarrera diktatorial honekin langileriaren gehiengoak ez dugu geure burua ordezkatua ikusten.

Jakin badakigu enpresa pribatuan antzeko gauzak gertatzen direla, non neurrigabekeriak eta inposizioak ohikoak diren, baina ez dugu ahaztu behar Osasun Publikoari buruz ari garela, hobe funtzionatu lezakeen zerbitzu bat, agintean daudenak erabaki zuzenak hartu eta ezkutuko pribatizazio bat bilatuko ez balute.
Edozein egunetan edonork behar izango ditu osasun zainketak. Gure agintariak ez badira gai kalitatezko osasungintza mantendu eta bermatzeko, gure esku dago haiek ez izatea gure osasunaren monopolioaren jabe.

Bilatu