Xarles Videgain

Naza gaindituko da!

Idazleak "naza" hitzaren erabileraren inguruan hausnartu du. Nondik dator esamoldea? noiz erabiltzen dugu eta batez ere zergatik? Videgainek, besteak beste Eugène Goihenetxe historialariaren lanak aipatu ditu hitzaren jatorria ulertzeko eta gaur egun arte hitzaren esanahiak bizi izan duen bilakaera aztertzeko.

Haur batek bere aitamak sinetsi nahi ez dituelarik, hots ezin egona delarik edo  hastiel  bilakatzen ari delarik, edo bestalde ere norbaitek zerbait ez diroelarik jasan, horra anitzetan zer erraten ohi den asarraldiaren adierazteko:  “Kasu, naza gaindituko da!” Eta mintzatzeko manera honen errateko paradak ez dira guti!

Baina naza hori zer ote da? Alde batetik, frantsesez mintzatzen delarik, “nasse” badakigu zer den: tranpa bezalako zerbait arrain arrapatzeko egina. Berez ez da xutik egoten, sare gisa egina baita gehienetan, ez balinbada zumez edo mihimenez. Haren ahoa erreka batean uraren joairaren kontra emanez ilunabarrean, han sartzen da amurrain, xarbo edo aingira. Haren barnean sartuz geroztik, arrainak ez du eskapatzerik. Ahatik haren altxatzeko ez da sobera harro izan behar eta Oztibarre aldeko oihanzain batek ene Attiti tresna hori altxatzen harrapatu zuela badakigu familiako barne-historiari esker.

Gehiago dena, frantsesezko ‘nasse’ tresna hori ez da “naza” deitzen euskaraz; iparraldean beti, ‘perttola” deitzen da eta Hegoaldean “butrino”, segur aski buitrearen jokoa egiten baitu. Ez ahantz “esparbera” ere sare baten ala hegazti harrapakari baten izena izan ditekeela.  Erran gabe doa tresna hori, perttola, dena xilo izanki, nekez gainditzen ahal dela.

Marguerite Yourcenar andereak legeak “nasse” batekin konparatzen dituelarik, haietarik jende ahalduna eskapatzen ahal baita –quien hace la ley hace la trampa- “nasse” hori nola itzul pentsatzu jarriz geroz, “perttola” dela eman niro. Beraz “naza gaindituko da” dioena ez da hortaz ari.
Zergatik ote beraz naza gaindituko dela erran? Horren konprenitzeko naza bat zer den eta zer zen ikustea argigarri da: naza da gaur eihera aitzinean dagoen urbilgia, amorekatik  naza hartan bildua den urak indarrik aski izan dezan eihera-harriaren mugiarazteko, artoa, garia edo ogia behar den bezala ehotzeko. Errekatik ura desbideratzen da delako nazari esker. Naza husten da eihera alhan ari delarik eta arrabetetzen da gero ura errekatik hartuz. Frantsesez “bief” deitzen omen da: omen, ezen Euskal Herrian ez baita batere erdaraz erabiltzen den hitza, bederen adiera honekin.

    Nik uste, Eugène Goihenetxe historiolari zenak egin lanei  esker, badakigu  urbilgia (gainditzen ahal dena) zergatik “naza” deitzen dugun. Erdi Aroan zernahi “perttola” handi bazeuden Aturriko eta bereziki Errobiko hegietan emanik, kolakak, astunak eta izokinak arrapatzeko. Horren berri badakigu zeren eta ontzietan, tilloletan edo galupetan ibiltzen ziren mariñelak asarre baitziren arrantzaleen kontra erreka trabatua zeukatelakotz.  Auziak noiznahi gertatzen zirela erakutsi digu E. Goihenetxek artxiboko paperetan atzemanik. 1584ko testu batean lekuko batek hauxe dio: “Hain traba handi dira naza horiek non beldurrez biloa lazten ari zaigun haien aipatzearekin!”

    Naza horiek handitzearekin ez ziren gehiago sare hutsak izaten. Errekan berean, paxetez, koltez, hesolez bai eta harriz, bidea hertsen zitzaien arrainei eta beraz naza han zegoen geldi geldi ez baitzen altxatzekoa lehengo perttolak bezala. Finko zen. Ura igaten ahal balinbazen ere egurren artean, arrainak ez zuen gibeleko bidea hautematen ahal, behin sartu eta. Azkenean pasaia trabatzeko eginak ziren naza horiek nahiz halere heietarik batzuk eiheretara ura eramateko baliatzen ahal ziren.  “Bokale” edo “pokale” deitu ateak baziren, idekitzen zirenak, nahi balinbazen arraina errutera joatera utzi.

    Egia erraiteko, haur nintzelarik, Pierre Artigou ene lagunarekin Errobi bazterrean frankotan egoten ginen haren eta ene aitak Errobin arraintzan ari baitziren, “broxet” edo lutxo zenbaiten menturan, Baionatik jiten den sirgabide bazterreko etxalde baten inguruan: Pierrerekin han jostetan ari baitkinen oroitzen gara etxe hartako bizizaleak tuntik ez zekiela erdaraz eta haren etxeak “La Nasse” zuela  izena, dudarik gabe han berean perttola eta naza handiak  hedatzen zirelakotz duela aspaldi. Etxeak han dirau. Eta ondoan badago oraindikan Bordanazako bidea deitzen dena.

    1584an Erregek erabakia hartu zuen baizik eta erreka nahiz ibaia erregerena zela eta ez arrantzaleena. Ondorioz, arraintzarako eginak ziren nazak suntsiarazi zituen Erregek. Aldiz eiherako ura biltzen zituzten nazak ez ziren hunkiak izan. Ikusten da beraz bereizketa horrek izan duela ondoriorik: naza ez da gehiago izaten arraintzarako tresna,  baizik eta eiherako parte bat. Eta horrela heldu zaiku  izena mendeetan gaindi gaur arte.

    “Nasse” horren erranahia urteen poderioz aldatu eta lerratu dela diogu. Hastapenean tranpa berezi baten frantses izena sare hori hedatzen zeneko tokiaren izena bilakatu da, hots errekatik hurbil edo aparte den urez betetako eremuaren eta igangiaren izena. Okzitaneraz oraindik “nasse” hitzaz bi gauzak izendatzen dira: bai arraintza tresna, bai urbilgia. Euskarak ez du bide bera hartu. Hegoaldean ‘naza’ hitza ez bide da erabiltzen eta haren ordez, besteak beste,”antapara” deitzen da.

    Iduri luke naza hori egina dela uraren indarra atxikitzeko baina gainditzen ahal da. Metaforikoki edo ez. Uholdeak eta zopernak izaten direlarik,  nazak ur guzia ezin edenez, desmasiak eta itxesak sortzen dira. Jazko izigarriko uholdeetan Izurako lurretan den Jakotegiko eiherako nausi xaharra nazak ez zuen salbatu eta urak gaixoa ereman zuen eta ito.

    Metaforikoki Txomin Peillen euskaltzainak argitaratu duen Egiategiren liburu batean “naza” ageri da 1785an: “behin ... naza hautse dianian jarraikiz gaistokeria güzien ühaiztia bezala doalakotz”. Hots, naza ez diro zernahi atxik, noizbait hausten da non ez den.... gainditua.

    Pazientzia du aipatzen azkenean mintzatzeko manera horrek, jasankortasuna. Norbaitek pazientziarik ez duelarik erraten ohi zaio: “Pazientziarik ez baduzu, zoaz Izurara” han baitago Pazientzia deitzen den etxea. Bainan pazientzia gutixko duen harek “naza gaindituko duk” erantzuten balinbadu, badakigu kasu egin behar dugula.

Bilatu