«On line» euskal unibertsitatea: ikerkuntza, herriaren ardatz

Asmo zaharra da euskal unibertsitatea; Interneten egonkortzearekin berritu eta zehaztu beharrekoa. Herri bat gara, baina ez dugu zazpi lurraldeentzako goi-mailako hezkuntza egiturarik; herri bat izan nahi dugu, baina muga administratiboak eta distantzia geografikoak direla-eta, zenbait euskal herritarrek ezin dute beren herrian, ez eta beren hizkuntzan ere, ikasi.

2017/06/18

Internetek, ordea, beste herri batzuek –Kataluniako Universitat Oberta de Catalunya, kasu– aprobetxatu duten aukera eskaintzen du: ikasketa ez-presentziala edo erdi-presentziala burutzea, alegia. Bi estatutan eta hiru administrazioetan banatuta dagoen gurea bezalako herri batentzat aukera bikaina da, orokorrean, herri-egiturak sortzeko eta, zehazki, Euskal Unibertsitatearen bidean sakontzeko.

Iazko UEUko lehen udako ikastaroan gai hori landu zen: Euskal Herrian dauden unibertsitateen lana zein egiten duten ekarpena aitortuz eta hauek duten espazioa errespetatuz, hutsune bat betetzeko asmoz eta Interneten aukera baliatuz, on line euskal unibertsitatearen gaia jorratu zen bertan. Lan horri jarraipena emanez, eta unibertsitateen arteko adostasunak bilatuz, UEUren bidez hainbat graduondoko eskainiko dira etorkizunean.

Herri ikuspegiaren eta elkarlanaren filosofiari jarraituz, ikerketari helduko diogu ekainaren 22an Bilbon: Internet eta digitalizazioaren inguruko gaiak landuko dituen ikerketa-institutu baten beharraz arituko gara, ingurune digitalaren aukerak landu dituzten hainbat unibertsitate, elkarte eta administraziorekin batera. Oxford Internet Institute-ko irakaslea den Victoria Nashen parte-hartzea izango dugu: gai hauen inguruko ikerketen eta zentro hauen ekarpena ondo ezagutzen duen eta gaia bera kokatuko digun pertsona.

Ikerketa da aurrera egiten laguntzen gaituena: ezjakintasunaren aurrean, galdera egokiagoak planteatzen; herri gisa, garatzen. Euskal Herrian ez gara hutsetik abiatzen: Ikerketak eta Doktorego Tesiak egin dira ingurune digitalari buruz hainbat alorretan. IkerGazte kongresuan jakintza eremu anitzetatik egindako hauetariko lan batzuen berri izateko aukera izan genuen. Unibertsitateak ere jabetu dira on line tresnen garrantziaz edukien berri emateko, hainbat elkarte Interneteko jardueren inguruko datuak bilatzen hasi dira eta administrazioek ingurune digitalaren inguruko kezka erakutsi dute han-hemenka paratutako hainbat ekimenetan.

Norantza berean goaz, baina bakoitza bere kabuz eta norabide argirik gabe; hamaika agente pauso bera emateko esfortzu handia egiten ari diren unea bizi dugu. Elkarrekin bidea atseginagoa izateaz gain, errazagoa izango delakoan gaude eta urrunagora helduko garelakoan gaude: bakarrik ezinezkoa dena, elkarrekin errazagoa baita. Ditugun baliabide eta indarrak partekatuz, aditu-aritu-administrazio ezberdinak elkarlanean jarriz, herritarren kezkak hobeto ezagutu eta horiei erantzun egokiagoa emango diogulakoan gaude.

Nor izatea eta nork egitearen egoa baino, zer eta nola egitea garrantzitsuagoa den momentu honetan asko dugu jokoan: hezkuntza, herria, oraina eta etorkizuna. Horretarako, beste herriengandik ikasiz, unibertsitate eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikerlariek beren ideiak partekatu, eztabaidatu eta garatu ahalko dituzten institutua sortzea herri honetan ingurune digitalarekin egin den lanaren haria lotuko lukeen mugarri garrantzitsua litzateke.

Artikuluak
Sabino Cuadra Lasarte
2017/08/17
Félix Soto, Elías Antón, Mikel Bueno y Gotzon Garmendia
2017/08/17
Isidoro Berdié Bueno
2017/08/17
Gutunak
Juan Manuel Garmendia | Secretario de la Junta Directiva de la Cofradía Vasca de Gastronomía
2017/08/17
Jose Antonio Gonzalez Garcia «Nebera»
2017/08/17
Javier Orcajada del Castillo
2017/08/17
Patxi Aznar Bellido
2017/08/16