Rebeka Ubera eta Eva Blanco
EH Bildu-ko legebiltzarkideak

Osakidetzaren anbulantzien kudeaketa eredu berria

Anbulantzien esparruak edo osasun-garraioak osasun-sistemaren baitan funtzio garrantzitsua betetzen du. Agerian dago, gainera, hainbat kasutan, herritarron bizitzan eragin dezakeela, emergentzia edo larrialdietan, esaterako. Jasotzen dugun arretaren arabera, heriotzaren atarira hurbildu gaitezke edo atari horretatik urrundu.

Testuinguruan kokatze asmoz, esan genezake anbulantzia guztiek ez dutela zeregin bera betetzen. Garraio sanitarioaren sektorea, berez, sare ezberdinetan banatzen da, sare bakoitzak bere funtzioa duelarik. Bi esparru handi ditugu, larrialdietakoa eta errehabilitaziokoa. Lehenengoaren baitan daude anbulantzia aurreratuak (teknikariaz gain medikuarekin edo/eta erizainarekin doazenak) eta oinarrizkoak (bi teknikarirekin doazenak).

Herritarrok 112 zenbakira deitu eta hain ekintza xumea dirudiena lortzeko, hau da, anbulantzia ahalik eta denbora laburrenean etortzeko, antolaketa, koordinazio eta protokolo egokiak beharrezko dira. Eta horretarako, profesional prestatuak izateaz gain, beharrezkoa da administrazio publikoak bitarteko egokiak bideratzea lanean diharduten profesionalek beraien lana ahalik eta egokien burutzeko, hala nola, ahalik eta erabakirik egokienak hartzeko.

EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da osasun-sistema publikoan garraio sanitarioaren alorraren antolaketari arreta berezia eskaintzea. Bereziki, gainera, larrialdietako esparruari, bai norbanakoari arreta eskaintzerako orduan (erreskateak eta emergentzia kasuak), baita gerta daitezkeen hondamendien aurrean erantzun azkar bat antolatzeko orduan. Guzti horrek eztabaida sakon eta serio bat eskatzen du. Eztabaida bat, zeina ez den soilik argudio ekonomikoen irizpideen baitan eman behar; eta zeinak helburu izan behar duen sarearen egituraketa, kudeaketa, finantziazioa eta mailaketa aztertzea eta egokitzea.

Aldiz, kontrako norabidean kokatu gaituzte gobernu ezberdinek: garraio sanitarioaren sektorea guztiz zatikatua dago, bakoitza bere hitzarmen, funtzionatzeko eredu eta baliabideekin. Berez, kudeaketa kanporatzearen ondorioetako bat da aurreko hori. Izan ere, Osasun Sailak zerbitzuaren kudeaketa administrazioaren kanpoko eskuetan uzten duenean, ez du esleipenen jarraipen zehatzik egiten. Kontrol publikoa kontrol burokratikora mugatzen da. Sektoreari eta sektoreko langileei bortitza egiten zaie hori; izan ere, sare publiko baten baitako zerbitzu publiko bat ematen ari dira, baina enpresa pribatuaren mozkin goseak jartzen dituen irizpide krudelekin, sarri. Ezinegona azken hilabeteotan hazi egin da, ezinegona zena gatazka bihurtuz. Horrek guztiak kalitatea okertzea eragin du.

EH Bilduren iritziz,  beharrezkoa da hausnarketa eta eztabaida integralari ekitearekin batera, premiaz eta lehentasunez, larrialdien esparruan neurri zehatz batzuk ezartzea. Bide horretan, urteek eta esperientziek erakutsi digute bizi euskarriko osasun garraio zerbitzuaren kudeaketa kanporatzeak zer nolako zailtasunak sortzen eta areagotzen dizkigun eguneroko jardunean, bai esparruko langileei, bai administrazio publikoari: protokoloak bideratu eta garatzerakoan, prestakuntza alorrean, titulazioetan, hizkuntza irizpideetan, eta abar. Hori guztia ezin da egon txandakatu egiten diren enpresen borondatearen baitan.

Administrazio publikoak bere gain hartu beharko luke osasun arretaren kalitatearen bizkarrezurrean dauden zerbitzu hauen kudeaketa zuzena. Gainera, ikusita 2015eko aurrekontuen lanketa sasoian aurkitzen garela, aurreko ikasturteko gatazketatik eta zailtasunetatik ikasi eta osasun garraioaren sektorean hobekuntzak txertatzeko momentu aproposa izan daitekeela uste dugu. Zoritxarrez, oraingoan ere ez da horrela izan eta anbulantziak kudeatzeko esleipen berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman da irailaren 1ean. Beraz, Jaurlaritzak kontrako norabidearen aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Norabide hori aldatze asmoz, EH Bilduk proposamena egin zion Osasun Sailari uda hasi aurretik. Hala, Jaurlaritza babestu egingo genuke baldin eta plangintza zehatza egingo balu, helmuga moduan kokatuz Osakidetzak zuzenean bere baliabi- deekin kudeatzea bizi euskarriko osasun garraioa. Hori guztia, sektorearen erregularizazioaren alde eta zerbitzuaren kalitatea helburu. Bide hori ez da egun batetik bestera egiten, eta beraz, prozesuak irauten duen bitartean Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko bat sortzea proposatzen genuen.

Eta uda ostean ere, proposamen hura mahai gainean izaten jarraitzen dugu, eztabaida eta adostasuna lortzeko esperantzarekin. Aukera honi uko egitea eta kudeaketa esku pribatuetan uzten jarraitzea, gure iritziz, gatazkari eta eraginkortasunik ezari ateak zabalik uztea da.

Bilatu