Joxe Aldasoro Jauregi
Irakaslea

Ospa!

Terrorista. Halaxe dio nire curruculumak. Guardia Civila, komunikabide eta Audientzia Nazionalaren egiaztatze agiriarekin. Berme osoz, beraz. Ez dadila inor nahastu.

Uka zaitez hiltzen ikastera; uka zaitez armak eskutan hartzera: espetxea. Txitxarro, Joxean, Manu, Orma, Alfredo, Kuti, Artola, Bados, Oscar… Sakana. 90. hamarkada. Lan egin ezazu ahulen alde. Adierazi ezazu presoekiko elkartasuna. Atera zaitez langileen aldarrikapenak defendatzera. Defenda ezazu  ingurugiroa; defenda ezazu bizi osasungarria izateko eskubidea; borroka ezazu zure birikek kaka harnas ez dezaten. Defenda itzazu herriak eta ibaiak bankuen eta porlanaren aurrean. Irakas ezazu baztertuta eta debekatua dagoen hizkuntza.  Defenda ezazu norbera norbere gorputzaren jabe dela. Defenda ezazu askatasuna espetxe atarian.

Saia zaitez askatasunez bizitzen. Saia zaitez zure eskubideak  gauzatzen. Biltze eskubidea. Manifestazio eskubidea. Zure lanpostua defendatu: egurra. Inasa. Irurtzun. 2013. Sala itzazu espekulatzaileak. Sala itzazu politikari lapur eta ustelak. Saia zaitez euskaraz  hitz egiten. Antola itzazu kontzertuak. Joan zaitez hitzaldietara. Parte hartu eztabaidetan. Defenda itzazu zure ikurrak. Saia zaitez pertsona armatuak zuregandik urrun mantentzen. Saia zaitez zure burua defendatzen. Saia zaitez erasotzailea urrunarazten.

Inork ez zaitu komisaldegian bisitatuko. Denek jarriko dute zalantzan zure hitza. Egin  duzuna demostratu beharko duzu. Baita egin ez duzuna ere. Lortzen ez baduzu, barrura. Bitor. Altsasu 1995. Lortzen baduzu; kalera. Edurne. Altsasu. 2015. Zure bertsioa ez da komunikabideetan aterako. Ez diote elkarrizketarik egingo zure amari. Lehendakariak ez zaitu bisitatuko.

Ikas ezazu armak erabiltzen. Erabil itzazu arma hiltzaileak. Tiroka itzazu kotxeak. Mikel; Lakuntza-Etxarri.1979. Galdekatu itzazu pertsonak ongi armaturik eta lankidez babestua . Galdetu ea bikoterik duen. Nora doan. Zer pentsatzen duen. Gauez bada hobe. Prakak jeitsiarazi. Zaplastekoak eman. Edo ostikada batzuk. Jar ezazu pistola bere lokian. Lasaiago ibili nahi baduzu ez erabili lan-arropa eta eraman ezazu gizajoa urrutiko paraje batera. Alain; Arbizu-Irunberri. 2009. Sar zaitez zure armekin herri batean.  Behartu herritarrak zuk nahi duzun tokitan ibiltzera. Sar zaitez tabernetan eta gatilua sakatu. Leher  itzazu begiak. Hautsi itzazu kaskahezurrak. Hautsi itzazu besoak. Hautsi itzazu eskumuturrak. Belaunak. Sakana 1975-2016.

Eraman ezazu nahi duzuna  kobazulora. Tortura ezazu: poltsarekin, bainerarekin, elektrodoekin. Mario, Txitxarro, Loko, Putzito; Etxarri 1993. Putar, Fiñon, Mikel, Zato, Xafan; Etxarri;1997. Joxe; Etxarri 2010. Xafan; Etxarri 2011. Gizajoak ez badio eusten, bota ezazu ibaira. Mikel. Orbaitzeta-Endarlatsa; 1985. Bota itzazu gezurrak. Bota ezazu karea arrastoak ezabatu behar diren hilobietan. Joxi eta Joxean; Tolosa-Alacante.1983. Suizidatu ezazu oztopo zaizuna. Basajaun; Etxarri- Itziar.1997. Sar ezazu zakila norbaiten aluan. Ikutu itzazu bere bularrak. Beatriz; Bilbo.Madril. 2011. Agian, saria ere jasoko duzu. Fidel, Enrique, Felipe…Intxaurrondo, 1984.

Defenda itzazu aberatsak. Kolpa itzazu greban dauden langileak. Bota itzazu pobreak bizitotik. Jipoitu okupak.Kolpa ezazu zure bikotekidea. Bortxa ezazu parrandara ateratako gaztea.

Zabal ezazu droga.Ismael, Jorge, Gonzalo, Pello… Etxarri. 80. Hamarkada.  Edo desagerrarazi. Irun. 1988. Aberastu zaitez berarekin. Desagerrarazi ere naziei atzemandako armak; Valencia. 2005. Uretan itoarazi babes eske datorrena; Ceuta 2014. Errespetatu ezazu zure historia. Jendea ezpondetan bota zutenena ere bai. Nafarroan, milaka. Hori atzo izan zen. Eta gainera, gaurkoak ere, azken finean, helburu berdinarekin zabiltzate. Egunkariak ixten adibidez. Andoain. 2003.

Eta denak sinetsiko dizute. Zure hitza egia izango da. Zure hitzak oihartzuna izango du. Lehendakaria joango zaizu bisitan. Frankisten babesa izango duzu. Baita antifrankistena ere. Hiritar modelo bihurtuko zara. Pertsona zintzoa. Biktima. Alkatea, zinegotziak, parlamentariak, bozeramaleak… denek, ia-ia, adieraziko dizute elkartasuna.  Adierazpena adierazpenaren atzetik.“Biolentzia ez da inoiz zigorgabe geratuko”;  Madril. 2016/10/18. Kar-kar-kar. Eta zure sen hiltzailea, justizian mutatuta, bultzatu eta babestuko dute.

Infernu gorria konkistatzailez beteriko zeru gozoa baino nahiago izan zuen buruzagiaren antzera, nahiago dut nik ere terrorista adiera, tituloa, etiketa kopetan tatuatua eraman halako jendilajearekin nahastea baino. Botereduna babestu eta ahula seinalatu.  Ezin adierazizko nazka. Altsasu eta Sakana aurrera. Ospa!

Bilatu