Marian Mendiola Barandalla
Askagintzan drogen gaietan aritua

Parrandetako edari alkoholdunen barruan matxismoa tinko gelditu ote?

Edari alkoholdunen inguruan, definizio zientifiko objektiboari jarraituz gero, ondokoa esan daiteke. Hartziduraz (ardoa, sagardoa, garagardoa) zein distilazioz (graduazio handiagoko edariak, pattarrak, likoreak) lortutako edari alkoholiko guztien oinarrizko substantzia alkohol etilikoa edo etanola da.

Alkohol-dosi txikiak hartuz gero poza, alaitasuna, desinhibizioa eta euforia sentitzen dira, baina edalea erabat kontziente egoten da. Alkoholemi maila handitu ahala, agresibitatea areagotu, kontrola galdu, hizkera nahasia nagusitu eta pertzepzio-ahalmena galduz joaten da. Efektu honi “puntoa edo puntilloa” deitzen diogu. Oraindik ere alkohol gehiago hartuz gero, eta batez ere denbora-tarte laburrean, odolean alkohol gehiegi kontzentratzen da eta gauzak konplikatu egiten dira (efektu hau “desfasea” edo “punto eta koma” ere dei geniezaioke). Edaten segituz gero, koma-egoerara ere irits daiteke.

Baina, efektu pizgarri eta desinhibitzaile horiek ezberdinetan gauzatzen dira neska eta mutiletan. Jarri gaitezen pentsatzen, esaterako, zergatik den ezberdina kontrolaren galera neska eta mutiletan. Eta agresibitaterako edo erasorako joera, ere ez al da ezberdina neska eta mutilen artean?

Esaterako, Emakumeen kontrako indarkeria matxista EAEn: pertzepzioa, eragina eta segurtasuna (Eusko Jaurlaritza. Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, 2012ko maiatza) azterlanean alkohola edota beste droga batzuen inguruan aipu batzuk azaltzen dira. Horrela, Euskal gizarteak emakumeen kontrako indarkeria ulertzeko duen moduari buruzko azterlan horretan, galdetutako pertsonen % 51 oso edo nahiko ados daude alkohol eta droga gehiegi hartzea indarkeria horren kausetako bat delako baieztapenarekin. Eta herritarren erdiak, gutxi gorabehera, uste dute emakumeen kontrako indarkeria nahiko lotuta dagoela erasotzailearen arazo psikologikoekin.

Bestalde, droga kontsumoaren inguruan gaur egun egiten ari diren ikerketen emaitzek esaten dute neska-emakumeak, droga legalen kasuan, mutil-gizonen parean jartzen ari omen gara. Berdintasunaren izenean, gaur egungo neska gazteek kontsumitzeko estilo “maskulinoak” hartu eta lehen baino “kontsumo arriskutsuagoak” egiten hasi omen dira.  Baina, hala ere, oraindik ere neskek familiaren eta gizartearen aldetik kontrol zorrotzagoa jasotzen dute (arauak, ordutegiak, lagun edo “konpainien” kontrola, etab.).

Baina, emakumeen aurkako zenbait eraso parranda-festa giroan eta alkohol edo beste edozein drogen eraginpean gertatzen direla ere badakigu. Egia da, drogen zenbait kontsumok kontrola galtzea eragin eta agresibitaterako joera piztu dezakeela. Baina ez gaitezen engainatu, uste oker horrekin amaitu behar dugu. Usteak erdi ustel, dio esaera zaharrak. Erasoak ‘justifikatzeko’ aitzakia bezala erabiltzen da alkoholaren efektupean egon izana, erantzukizunetik libratzeko; norbere ‘izatetik kanpo’ dagoen batek egindako bortizkeria bailitzan. Akaso, parranda giro horretan neska tokiz kanpo eta erasotua izateko arriskuaren aurrean jartzen al da?

Dena den, oraindik ere, edatea, beste edozein kontsumoren antzera, maskulinotzat jotzen da. Horregatik, uste da kontsumitzen duten emakumeak tokiz kanpo daudela edo erasotuak izateko arriskua dutela, dagokien generoaren arabera bete beharko luketen rolen mugatik kanpo jartzen direlako. Uste dute, halaber, emakumeak amatasunerako zaindu, zuhurtziaz jokatu eta gure burua erasotua izateko posizio eta postuetan ez litzatekeela jarri behar. Muga horiek (edo beste batzuk) hausten dituen heinean, erasoetarako arriskuan jartzen da. Are gehiago, askok uste dute, emakumeak tabernara edo edozein jai girora bere burua nabarmentzera (erakusleiho bat bailitzan), ligatzera edo sexu bila joaten dela, eta mozkortzen bada puta dela (sexualki desinhibituegia, nonbait!). Moral bikoitz honek (neskentzat baliagarria, baina mutilentzat ez), era guztietako droga kontsumoei eragiten dio: permisibilitatea mutil-gizonentzat eta zigorra neska-emakumeentzat.

Egoera horien aurka neska asko (eta mutil batzuk) altxatu dira. Herri askotan matxinada moduko ekimenak egiten ari dira, esaterako, San Fermin bezperan Iruñean Eraso sexistarik gabeko jaien alde burututako ekimena eta berriki Hernanin egindako Sagar Moreen Iraultza. Era horretako ekimenak gure auzo, herri eta hirietara zabaltzea ezinbestekoa da, parranda giroan eraso sexistak ugariak izaten ari direlako. Ekimen horiekin, erasoen aurkako mezua zabaldu eta autodefentsa feministarako deia egin dute. Baina, era berean, norberak (izan neska, izan mutila edo izan dena delakoa) halako jarreren aurrean hartu ditzakeen jokabideak ikasi, asmatu eta praktikan jar ditzake.

Aldarri horiek aintzat hartzeaz gain, ez genituzke ahaztu nahi egoera ahulagoan dauden eta erasotzenerrazagoak direnak: nerabeak (adinez txikiak edari alkoholdunen kontsumorako). Helduon ardura da horiei babesa ematea. Kontsumoaren jendarte honetan, gehienok, alkohola goraipatu eta bedeinkatu egiten dugu, eta badirudi festa ezin daitekeela festa izan alkoholik gabe, atzetik miseria eta sufrimendu asko eragin dezakeela jakin arren.

Eta droga honen kontsumo neurrigabe eta basatiaren aurrean gaudenean zer egiten dugu? Droga hau neurri gabe banatzen, saltzen eta kontsumitzen ikusten dugunean, nolakoa da gure erantzuna? Aldi berean, ezberdin ikusten al dugu neska ala mutil mozkorra? Zuhurtziaz jokatu beharko luke “neskak” egin behar ez lukeena egiten ari delako? Zein tolerantzia maila dugu eraso sexisten eta gehiegizko kontsumoen aurrean?

Berdin toleratzen al ditugu? Non kokatzen gara, zero tolerantzian ala tolerantzia osoan? Eraso guztien aurrean erantzuna eman beharra dago, izan neska edo mutil, izan gazte edo heldu. Amorrazten diguten egoera diskriminatzaile horien inguruan sentsibilizatu eta inplikatzeko prest al geundeke?

Gauaz, festaz, parrandaz eta kaleaz gozatzeko aukera guztiona izan behar da, aspaldi asmatu genuen leloari jarraituz: Ondo pasa, pasatu gabe!

Bilatu