Rafael Delas, Jose Mari Izura, Pedro Mari Isart eta Dioni Aizpururen senideak

Pasaiako sarraskia, bukaerarik gabeko sufrimendua

Gaur egun politikariek biktimez, sufrimenduaz eta aitortzaz asko hitz egiten dute, baina gu behintzat guztiz  baztertuta gauzkate

Gure sufrimendua 1984. urteko martxoaren 22an hasi zen. Gau madarikatu hartan, espainiar Poliziak ondo prestaturiko segada bat burutu zuen gure lau senideen aurka. Ehunka omen ziren armaz leporaino beteta mendeku bila bertaratu ziren «izenik gabeko» funtzionarioak. Gaueko iluntasunaz baliatu ziren beren ekintza odoltsu eta basati hura gauzatzeko. Segadaren ondorioz, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura erail zituzten, 28na bala zulo egin zizkieten beren gorputzetan. Hala ere, ez zuten beren odol egarria ase, eta segidan Dioni Aizpuru eta Rafael Delas identifikatu eta «atxilotu» ondoren, bertatik bertara fusilatu zituzten. Kasu hartan 36 eta 21 bala zulo jaso zituzten. Guztira 113 bala zulo lau gorputzetan. Ikaragarria, sinestezina, baina tamalez, errealitate gordina.

Hori guztia horrela gertatu zela baieztatzeko, batetik Rosa Jimeno eta Joseba Merinoren zuzeneko testigantzak daude, eta bestetik, Pako Etxeberriak egindako autopsiaren txostena. Lau sendien sufrimendua hasia zen.

Polloeko hilerrian gorputzen errekonozimendua egiterakoan, Poliziak lau familiekin izan zuen portaerak ez dauka justifikaziorik. Mespretxatu, iraindu eta barre egiten ziguten. Oso tratu krudela izan zen. Une haiek bizitza guztirako markatu gaituzte.

Geroztik, sufrikario honek ez du etenik izan. Ez da inoiz auzia argitzeko borondaterik izan. Eskatu ditugun froga gehienak atzera bota dizkigute. Ikertzeko borondate eza nabaria izan da eta da. Bestalde, urteetan zehar auzia salatzeko egin ditugun ekimenetan, debekuak, atxiloketak eta egurra besterik ez dugu jaso. Horren adibide, 25. urteurrenean, “Pasaiako sarraskia argitu” lelopean ekitaldi xume bat egiteko asmoz ginela, berriro ere Pasaiako badia poliziaz bete zuten. Ertzaintzak lurrez, airez eta itsasoz hartu zuen herria, eta ekitaldia galarazi ziguten. Kaleetatik atera nahi gintuzten, gure protestak isilaraziz.

Gure barne zauriak, berriz, gero eta sakonagoak.

32 urte pasatu berri diren honetan, ekainaren 22an, jakin dugu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzia betiko artxibatzeko erabakia hartu duela. Dauden testigantzekin nola da posible fusilamendu haiek zigorrik gabe geratzea? Hau al da demokrazia baten justiziaren adibidea? Egia jakiteko eskubiderik ez al daukagu?

Gaur egun politikariek biktimez, sufrimenduaz eta aitortzaz asko hitz egiten dute, baina gu behintzat guztiz baztertuta gauzkate. Urtarrilean, Eusko Jaurlaritzako Biktima Sailari bilera bat eskatu genion. Zazpi hilabete igaro dira eta ez dira gurekin elkartzeko gai izan. Benetan lotsagarria. Hori al da biktimekiko daukaten sentsibilitatea?

Gure sufrimendua gero eta handiagoa da eta oso minduta gaude, baina ziur egon zaitezte gure lau senideekin egin zuten bidegabekeria hura zigorgabe gelditu ez dadin, duintasunez lanean jarraituko dugula. Ez dugu etsiko!

Bilatu