Presoena ere gure esku dago

Espetxeko kanpo aldean, aire zabalean, lagun batzuk batu dira. Batzuek gauean egin dute bidaia, eta neke aurpegia dute: «Zelako laino itxia sauan Burgos inguruan!». «Zer moduz, Berangon, A5eko galdeketa?».

2017/11/14

Amaiak ordenagailuaren teklak sakatu, eta «El tiempo: Cordoba-Predicción 7 días» idatzi du. «Txarra, ezta!», Iratik. Amaiaren alaba oraindik txikia da errepidearen arriskuaz jabetzeko, baina badaki bisita egunean, nagusiei entzunda, eguraldi onak laguntzen duela. «Ezer falta dugu, Irati?» Amaia belauniko dago armairuko tiraderak zabaltzen eta ixten, eta batetik prakak, bestetik alkandorak, eta beste askotatik ametsak atera ditu, gero maleta batean gordetzeko. «Aita ez aspertzeko egunkariak eraman behar ditugu, eta…, zer gehiago?». Iratik eskolan egindako birigarroaren marrazkia ez ahazteko gogorarazi dio amari. «Arrazoia duzu, maitea!» Gero, zira eta berokia jantzi, eta kalera joan dira korrika eskutik helduta. Izan ere, Ander, Rosa eta Jose Mari zain daude. Azken bi hauen semea ere Iratiren aitarekin dago. «Kaixo, Irati!», Rosak. «Ez dakit zer gertatzen zaion, baina gaur... ez dago oso berritsu», Amaiak. Nagusiek ez dakite, baina Iratik eguraldiak bezala egun onak eta txarrak izaten ditu. «Ander, poltsa hau?», Amaiak. Autoaren atzeko ateak ahoa zabaldu du Anderren eskuek lagunduta, eta elkartasun elikagaiez asebete du sabeltxoa. «Gerrikoak jantzita ditugu?», Anderrek. «Bai, gidari jauna!», Jose Marik.

Gasteiz, Burgos... Autoaren mugimenduek sigi-saga egiten dute, eta Anderren eta Jose Mariren hitzak piztu eta itzali egiten dira kilometroak egin ahala. Anderrek gaur egungo egoeraz galdetu dio Jose Mariri, eta honek galderaren tamaina ikusita, segundo batzuk isilik egin du erantzuna eman aurretik: «Futbol partida bat bezala. Iskintxoak eginez bizi gara: inoiz ezkerretara, askotan motzean, gehienetan eskumatara, badaezpada, baina, kostata aurrera». Sistemaren kontra egiteak nekea, sufrimendua dakar askotan, eta hori oso ondo dakite auto barrukoek. Halarik ere, sistemari aurre egiten dionak bestelako poztasuna ere izan ohi du; heldutasunera lehenago heltzen da ur gaineko bitsetan dabilena baino. Kataluniaren aferaz ere, aritu dira, nola ez, eta horrek presoen irtenbideari kalte edo mesedea egingo dion ere. «Nahi izanez gero, horiek aitzakiak baino ez dira», Jose Marik. Gero, abenduaren 9ko, Pariseko, eta urtarrilaren 14ko, Bilboko manifestazioen garrantziaz aritu dira. Jende askok joan behar du, eta baikor daude. Halako batean, Jose Marik Irati begira ikusi du esandakoa ulertu nahian-edo. «Zenbat berba egiten dugu, ezta?». Nagusien gaiak oso mamitsuak dira oraindik Iratik ulertzeko; baina, batzuetan, estalaktiten antzera gelditzen dira eskegita bere mundu txikiaren haitzuloan inoiz ulertuko duelakoan. Poliki-poliki, eleek indarra galdu dute, eta pentsamenduen txanda heldu da. Bidaiarik onena atzamar batez alderik alde zeharkatzen duen mapa ei da. Amaiak zalantzak ditu onena ote den, baina azkarrenetakoa bai, behintzat, eta horrelako bat nahi luke oraintxe bertan euren helmugara heltzeko, begi bistan duten kilometroen astuna bultzatzeko. Autoari ez diote galdetu non gelditu behar duen, sarritan egin ohi baitu ibilbide bera, eta Boceguillasera zuzendu du barrukoen nekea, eta, orduan, herrien hizkuntzak eta hizkuntzen herriak uztartu egin dira mostradore baten bueltan, aulki herrenetan. «Cola-Caoa eskatuko dut, Irati?», amak. Iratik igogailua eskatu, eta gora egin du Anderren besoek lagunduta. Begiek ezker-eskuinera egin ostean, Iratiren erpuruak talka egin du txokolatezko basamortuko palmera batean. «Litxarreriak gustatzen zaizkizu! Niri ere bai, baina ezin dut jan; medikuak ez dit lagatzen», Jose Marik sabelari begira. Anderrek erlojuari begiratu, eta «Let's go!» esan dio Jose Mariri, eta honek «Do you speak English?», Iratiri. Jose Marik ez daki ingelera, baina baten batek galdetzen badio, «Where are you from?» Badaki zer erantzun: «I'm from the Basque Country. I'm Basque».

Berriro martxan. Berriro aurrera. Bideetako autoen argiek piztutako pospoloak dirudite: desagertzean amatatu egiten dira. Barrukoen begiak eskegitako trafiko erlauntzei begira daude: M30/ M40. Madrid. «Este año ven al Corte Inglés y olvidate del frío... Faltan dos minutos para las nueve y media y... Sigue el peligro por parte del Athetico de Madrid. Se va al suelo Griezmann; dice el colegiado que no pasa nada. Protesta el Calderón... Tenemos cambio en el Pizjuan: se retira...». «Futbola ez, mesedez!», Rosak. «Bale! Orduan Iratiren gustuko musika jarriko dugu», Jose Marik. Segundo pare bat baino ez dira izan musikak gordetako ahotsa entzuteko, baina Iratiri oso luze egin zaio, eta mirari txiki-handi baten itxura hartu dute Pirritx eta Porrotxen hitzek: «Sorgina pirulina erratza gainean, ipurdia zikina, kapela buruan. Sorgina ipurdia zikina, tentela zara zu?». Amaiak ez du ozenki esaten, baina behin baino gehiagotan pentsatu izan du bidaia luze hauen aingeru guardakoak zerukoak baino CD horren ezkutukoak direla, bere eguneroko mintzagaietako protagonistak. Halarik ere, Amaiaren burutazioek, askotan, matxinsaltoen antzera egiten dute salto, eta sufritu egin ohi du, autoen argitasunak eta besaulkiaren gogorrak Iratiren loaldi arina oztopatu egiten dutenean. «Begira, Irati, kanpoan gradu bat dago», Jose Marik. «Ez duzu ikusten lotan dagoela», Rosak.

Gero eta gutxiago gutxi falta dute heltzeko, Iratik ilunpetan ere parajea oso ondo ezagutzen  baitu: «Ama! Hantxe dago aita». Begiek ez dute ezer ikusten, baina bertan daude, hor nonbaiten, ezkutuan, aita, Jose Mari eta Rosaren semea, eta gainontzekoak. «Orain, zertan egongo dira?», Rosak. Amaiak ez du ahoa zabaldu, baina burdinezko kamaina batean irudikatu ditu, lastaira mehe, umel eta kirasdun baten gainean, malgukien altzairuzko erpinak saihetsetan sentituz, ahoz gora etzanda, zirkinik egin gabe begiak sabaian josita, goitik behera bisitan datorkien armiarmari begira, baina urduri, bihar etxekoak eta lagunak datoz eta. «Zenbat ordu egin ditugu?», Jose Marik. «Hirurak hamar gutxiagotan irten gara Berangotik, eta gaueko hamaikak pasatxoak dira...». Neka-neka eginda daude. «Ondo lo egin», elkarri esan, nor bere logelara abiatu, eta pentsamenduak lagun, Amaia oso berandu arte egon da ilunpetan, begiak zabalik, kolore askotako ametsekin berriketan. Egoera muturrekoa bada ere, guztientzat, Iratirenak kezkatzen du gehien bat. Batzuetan zalantzak ditu ez ote dion behar besteko arreta eta ardurarik eskaintzen Iratiri direla ikasketak, dela afektibitatea. Baina itxaropenik ez du galdu nahi. Senarra askatasuna lortutakoan bizia egonkortu ahal izango dutela sinetsi nahi du.

Espetxeko kanpo aldean, aire zabalean, lagun batzuk batu dira. Batzuek gauean egin dute bidaia, eta neke aurpegia dute: «Zelako laino itxia sauan Burgos inguruan!». «Zer moduz, Berangon, A5eko galdeketa?». Asier Garcia Justo euskal preso politikoaren bikotekide berangoztarrak izaniko trafiko-istripurena ere izan dute mintzagai, Badajozeko espetxera bidean zela. Ez dute ezer ozenki esaten, baina pentsatu, bai: «Nor izango da hurrengoa?». 

Zatitxo bat baino ez dute falta kartzelaren arima zapaltzeko. Zatitxo luze bat, barruko harrak espaloiaren zoruan utzitako arrasto mukitsuak kateatu egiten baititu nagusien eta umeen pauso baldarrak. Batzuek poltsak eskuan, eta guztiek etxekoak buruan, sarrerara abiatu dira. «Vengo a visitar con la niña a Josu Unanue». Hitzak egin ostean, nortasun-agiria, eta familia liburua eman dizkio Amaiak uniforme urdinaren besaburuan kabu-galoiak erakusten dituen gizonari. Horren ostean, emandako datuak pantailan aritu dira saltoka, eta bertan atseden hartu dute. «El siguiente». Ate bat zeharkatu, korridore laburra atzean utzi, eta hantxe dute zain aurrera egin aurretik hurrengo ataka. PI! PI! «Las llaves, por favor», presozainak. PI! PI! «Los zapatos». Ate bat, ate bi, hiru ate... Pentsamenduek bakarrik egiten dute aurrera zaratarik gabe. Ate asko kanpoan, ate-kideak barruan. «Salgan ya, por favor». Berriro martxan. Berriro aurrera. Etxekoen irribarrea bihotzean, eta hurrengo bisita eguna buruan, etxera doaz atzera.

Artikuluak
Aitor Irigoien Odriozola
2017/11/20
Antonio Alvarez-Solís
2017/11/20
Gutunak
Arantxa González Goenaga | Tolosa
2017/11/20
Javier Orcajada del Castillo
2017/11/20
Enric Vivanco Fontquerni
2017/11/20