Paul Bilbao Sarria
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia

Protokoloa abiapuntu

Behatokiko txostenaren emaitzek ez dute alde handirik erakusten azken hamabost urteetako txostenek erakutsitako ondorioekin erkatuz gero: euskalduna ezin da euskaraz bizi Euskal Herrian, eta eskubideak egunero urratzen zaizkio

Egun sinbolikoa hautatu du aurten Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostena aurkezteko. Ekainaren 6a esanahi handiko eguna, bai, izan ere, egun horretan, baina hogeita bat urte lehenago, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aurkeztu baitzen Bartzelonako Unibertsitateko paraninfoan. Giza eskubideen ikuspegi linguistikoaren langa gainditu, eta lehen aldiz, hizkuntza-eskubideak, norbanakoenak zein kolektiboak, eskubide subjektibo gisa aitortzen zituen lehen adierazpena adostu zuten mundu mailako hamarnaka eragilek eta adituk.

Tamalez, egun sinbolikoa hautatu izanagatik, Behatokiko txostenaren emaitzek ez dute alde handirik erakusten azken hamabost urteetako txostenek erakutsitako ondorioekin erkatuz gero: euskalduna ezin da euskaraz bizi Euskal Herrian, eta eskubideak egunero urratzen zaizkio. Txostena irakurrita, beraz, aurreko irailean EAEko hauteskundeen karira sortu genituen traolak etorri zaizkit burura, #badagaraia eta #normalizazioariepeak. Halere, nator artikuluaren izenburua berresteko arrazoiak zehaztera.

Behatokiko txostenek bildutako gertaera horiekin behingoz amaitzeko aurkeztu genuen 2016ko abenduaren 17an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Donostiako Kursaal jauregian. Europako hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko ehunetik gora eragilek adostutako bide-orria izan zen, eta bada, Protokoloa. Eremu guzti- guztietan, administrazioan, hezkuntzan, kulturan, sozioekonomian... gure hizkuntza-eskubideak bermatzeko hartu beharko liratekeen 185 neurriak biltzen ditu dokumentuak.

Prozesu luzearen ondorioa izan zen Protokoloa, berme batzuk egotea lehenetsi genuelako. Horrela, nazioarteko sei erakunde ospetsuk gidatu zuten bidea, Europako hamazazpi adituren aholkuak izan genituen dokumentuak berme akademikoa izan zezan, hamarnaka lan-saio eta bilera egin ziren Europa osoan barna eta, nola ez, Protokoloaren mamia eta benetako arrakasta: ehunka ekarpen helarazi ziguten Europa osoko eragileek. Zeinek bere hizkuntzaren beharretatik lan egiten duten hamarnaka eragileren ekarpenak.

Gure ustez, arrazoi desberdinak izan zituzten eragileek Protokoloaren aldeko horren babes handia agertzeko, eta horietatik nagusienak izan ziren, besteak beste, horrelako proposamen baten beharra, gizarte-eragileak subjektu bihurtzeko nahia, prozesuaren zorroztasuna edota babes akademikoa. Are gehiago, abenduan aurkeztu genuenetik gaur egunera eragile gehiagok eskatu dute Protokoloaren parte izateko, hala Euskal Herrian nola gure mugetatik kanpo. Hartara, hor kokatu beharko nuke euskal gehiengo sindikalak ere duela pare bat aste publiko egin zuela Protokoloarekiko atxikimendua, bai eta dokumentu hori abiapuntu gisa jartzeko beharra ere.

Euskal Herrian, Europan, hizkuntza-politiken inguruan inoizko babes gehien duen dokumentua da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta, beraz, ezin zaio izkina egin. Duela hiru hilabete Europako Kontseiluko ordezkari batzuek ere interesa agertu zuten Protokoloa egun indarrean dauden nazioarteko itunen osagarri gisa baliatzeko. Hartara, Protokoloaren potentzialitatea biderkatuz doa.

Eta horrexegatik, Kontseilua prozesu berri bat ari da garatzen hamarnaka eragilerekin Protokoloaren neurriak gure hizkuntzaren egoerara ekartzeko eta horren bidez hizkuntza-politikari buruzko proposamen berritua egiteko. Protokoloa Europako hizkuntza gutxitu guztientzako bide-orria da, eta gu euskararentzako Kaiera ari gara urratzen.

Jakina da Europako hizkuntza gutxituen egoera desberdina dela, hain zuzen ere, Estatu bakoitzean hizkuntza-kudeaketa zeinek bere erara egiten duelako. Halere, oso gutxik, bakarren batek akaso, hizkuntza-kudeaketa justua eta orekatua egiten dute, eta, ondorioz, egoera gutxituan gauden hizkuntza- komunitate guztientzat da baliagarri Protokoloa. Dena dela, esan bezala, Protokoloaren 185 neurriak berriz ere aztertzen ari gara hamarnaka eragilerekin, euskarari eta euskaldunon eskubideei dagokienez, neurriak antolatzeko, lehentasunak ezartzeko, hurrengo bost zein hamar urteetarako aurreikuspenak egiteko, neurriak bete direla egiaztatzeko adierazleak eta egiaztatze-elementuak zehazteko... Hortaz, erronka ikaragarri bati ekin diogu beste behin, eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak euskarari dagokionez izan beharreko betetze-hurrenkera eta zehaztapen guztiak jorratzen ari gara. Hartara, hausnarketa honetatik sortuko den dokumentu berriak bi bereizgarri izango ditu: Europa mailan egindako hausnarketaren ondorioetan oinarrituko da eta Euskal Herriko errealitateari lotuko zaio.

Azken hilabeteotan behin eta berriro entzun dut bidegurutzean gaudela, behin eta berriro entzun dut adostasun berrien beharra dagoela. Bada, Protokoloa bidegurutzearen noranzkoak zein izan behar duen definitzeko dagoen bide-orria dela iruditzen zait. Are gehiago, Euskal Herrian ez da izan gizarte eragileen aldetik hizkuntza-politikaren lan-ildoak zehazten laguntzeko horrenbesteko adostasunik izan duen dokumenturik. Hortaz, bidegurutze horretan aurrera egiteko tresna izan badugu, hamarnaka eragilek adostasunean osatutako proposamena. Bedi, hortaz, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abiapuntu.

Bilatu