Xanti Begiristain Madotz

Soldata kontuak

Orain dela gutxi jakin dut, ekainaren 19an, Leonor Borboikoa eta Ortiz, 8 urteko neskatoa, Asturiasko printzesa bihurtuko dutela, eta horren ondorioz, hilean 8.538,66 euroko soldata izan eta kobratuko duela, bere aita Felipe VI.a bizi den arte edota abdikatzen duen arte.

Hau da, 8 urteko neskatila batek (mukizu batek, esanen genuke beste kasu gehienetan) kobratu behar du hemendik aurrera, edozein langileren gutxieneko soldata baino 13 aldiz gehiago, deus ere egin gabe, alegia, 645,50 euroko soldata bider 13, jaio den errege familian jaio delako soil-soilik. Eta, alderatzen badugu lanik ez duten milioika pertsonekin, gertatzen zaigu zaiguna da, Leonorrek kobratuko duela hilero-hilero, 20 familiak kobratzen duten besteko dirutza, hau da, 426 bider 20 euro, batere lanik egin gabe, langabeek gose, hotza eta abar pasatzen duten bitartean.

Gezurra lirudike, baina Espainia izeneko estatu monarkikoan horrelako gauzak gertatzen dira maiz, eta jende askok, gainera, oso ongi ikusten ditu, naturaltasunik handienarekin, suposatzen dutelako, kasu honetan, konparaziora, Leonor izeneko neskatoak odol urdina duela, nahiz eta denok dakigun horixe egundoko gezur asmatua dela, baina, nonbait, arrunt pozik eta harro sentitzen omen dira espainiar asko egoera monarkiko horretan, eta horrelaxe jarraitu nahi omen dute aurrera, gauzak izpirik ere aldatu gabe, jakina, gutxi batzuk oso egoera eroso eta atseginean bizi izaten direlako, beste langile askok eta askok, ordea, bitartean, bizimodu negargarri eta zitala dutenean.

Leonorrek oraindik ez ditu bukatu oinarrizko ikasketak, ez du karrerarik egin, ez du oposiziorik gainditu, ez du lanik egiten –normala, oraindik haurra delako–, ez du soldatarik irabazi eta kobratzeko adinik –Espainiako gainerako haur guztiei ez zaie honelakorik gertatzen–, gainera, inork ez du bera aukeratu botoren bidez, hauteskundeetan-edo, ez, ez, bere meritu bakarra izan da, bizitzaren karanbola bat, hau da, errege-erreginen sendian jaio izana, besterik ez! Hala eta guztiz ere, hamaika mila aldiz errepikatuko digute odol urdinaren ipuin hunkigarria –umeentzat ipuin hunkigarria izan litekeena–, baina esaten dutenek ere batere sinesten ez dutena.

Gizarte honetan, gaur egun, buru pixka bat daukan edozein pertsonak daki eredu monarkikoa lekuz eta denboraz kanpo dagoela, herritarrek ez dutelako aukeratzen bozka bidez, demokratikoki, baina, hala ere, batzuek irmoki eusten diote eredu politiko zaharkitu, bidegabe, ez demokratiko eta gehiegikeriazko horri. Zergatik izanen ote da, dakigunean hor sortzen direla berdintasun giza eskubideen egoera haustura batzuk, abusu handiak, eta abar? Batek baino gehiagok erantzun beharko lioke zintzo eta leialki galdera honi. Bestelakoa egitea, muturren aurrean barre egitea da herritarren gehiengoari.

Bilatu