Garikoitz Plazaola
Eguzki talde ekologistako kidea

SOS Aralar: PNV eredua berriz gure mendietan

Gipuzkoako Aldundiak, Enirio-Aralar Mankomunitatearekin batera, Aralar mendilerroa 20 kilometroko luzerara irits daitekeen pista batekin betetzeko proposamena onartu du. Gipuzkoako 200.000 hektareatan errepide eta pistarik gabe dagoen eremu bakarrera, eta bere lekurik altuenetara (ia 1.400 metrotaraino), eraman nahi dute ibilgailuen joan-etorria.

Euskal Herriko ekologismoan beti izan gara aitzindari gure mendien aurkako eraso eta gatazketan konponbidea bilatzen, gehienetan PNVk eta UPNk sortuak: Larra-Belagoa, Itoitz, AHT, Jaizkibel, Bizkaia eta Gipuzkoako baso-politika intentsiboak, Hernio-Gazume, Praileaitz, Bardea, Mañaria-Aizkorri-Baztan-Erroibarreko harrobiak, Esa...

Funtzionalki bi alderdi horien ibilbidea eta lana lobby ekonomikoen jarduera babesteari lotuta dago historian zehar, baina berezitasun batekin: lehen sektorearen inguruko ingurumen gatazketan, nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza munduko eragileak manipulatzen dituzte beren eredu intentsiboa eta natur baliabideen suntsipena eta agorpena gauzatzeko.

Aralarren kasuan, mendien artifizializazioa eta abeltzaintzarako eredu intentsiboa bultzatu nahi dituzte, lehen sektoreko hainbat profesional PNVren tranpa horretan erori direlarik bete-betean. Gainera, jakin badakite pisten eraikuntza legez kanpokoa dela naturgune babestu honetan. Izan ere, abeltzaintza estentsiboa integratuta dago gaur egun Aralarren, eta ingurumenean. Eta hori haustea lortu nahi dute.

Aralar Europako Natura 2000 Sare ekologikoko eremu babestua da, eta Parke Naturala 1994tik. Mendi publikoa da, goierritarrena eta Gipuzkoako 700.000 biztanleena, guzti-guztiena, ez bakarrik Markel Olano, Arantxa Ariztimuño edo Jose Miguel Santamaria jeltzaleena.

Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearra lehen sektoreko profesionalen bizi baldintzak hobetzearen alde dago, horregatik gure eskaera eta lan-lerroa honakoa da: pisten eraikitze lanak gelditu, hausnartu, partekatu eta erabaki, moratoria ezarriz eta ingurumen kalteak zenbatuz. Horregatik babes tresna gisa, Ingurumeneko Fiskaltzan salatu dugu gure mendiekiko eraso berri hau, Landarlan Ingurumen Elkartearekin batera, esperpento hau geldiarazteko.

Baina ez dezagun utzi erabakia soilik epaileen edo PNVren esku. Jendartea eta lehen sektoreko eta ekologismoko eragileak bil gaitezen zentzuzko kudeaketa adosteko Aralarren eta Euskal Herrian. Ingurumenaren eta bioaniztasunaren kontserbazioa, eta lur lehorreko eta itsasoko elikagai ekoizpena eta burujabetzaren eredua uztartuz.

Bilatu