UPV/EHUko irakaslea
Substantzia

Ezagutzaren bi iturri nagusi erabili ohi dira jarduera zientifikoan: arrazonamendu metodo induktiboa eta metodo deduktiboa. Laburki esanda, norabide bitan jarduten dute prozesu hauek, induktiboak zehatzetik abstraktura, espezifikotik orokorrera, eta deduktiboak alderantziz. Metodo zientifikoari buruzko eztabaidak ugariak eta konplexuak izan dira historia modernoan, eta orokorrean bi norabideez baliatzen diren sintesiak nagusitu dira. Zientzia sozialetan, ordea –ekonomian nabarmen–, fisika eta matematika bezalako zientzietara parekatu nahi absurduari jarraiki, errealitateaz hustutako metodologia deduktibo puruan bilakatzeko joerak antzeman daitezke, gertaera sozialetatik erabat deskonektatuta plano teorikoaren baitan ixteko joera endogamikoa, alegia. Zientziaren epistemologiari buruzko bi ideia sinple hauek abiapuntu gisa baliagarri zaizkit perspektiba hau eraldaketa sozialerako praktika eta diskurtsoen modelizazioari buruz hausnartzeko.

2017/06/18

Abya Yala edo Amerikako indigenen kongresu batean bertako hizlari gehienen argudiaketa politiko eta soziala josteko moduak txunditu gintuen duela bi hamarkada. Lur eremu zakarra duen nekazariaren egunerokotasunetik abiatu ohi ziren. Lur saila, haziak, lan tresnak, maizterrarekiko harremanak, uraren hornikuntza, osasuna, elikadura, emakumeen papera, eta kosmogonia-filosofia-kultura indigenistako elementuak harilkatzen zituzten, edukiz beteriko proposamen eta kategoria orokorretan amaitzeko. Nekazaritza erreforma, autodeterminazioaren bertsio indigenista edo zibilizazio-eredu berri eta interkulturala ziren emaitzak, baina oparoki hezurmamituak. Zehatzaren gainean eraikitzen zituzten kategoria orokor eta politikoak. Mikropolitikatik makropolitikarako mugimendua bezala izendatu ohi genuen.

Ispilu gisa hartuta eta gurera etorrita desorekak nabari daitezke praktika, pentsatzeko modu eta diskurtsoaren eraikuntzari dagokionez. Kategoria politiko eta ekonomiko orokorretara mugatuz gero, norbanakoen egunerokotasunaren substantziaz hustuta edo azaletik tratatuta, praktika eraldatzailearen eraginkortasunean ezintasunak ugaritu ohi dira. Eraldaketarako proposamen aurrerakoiek gizarteko egoera zail, kezka eta xedeen bitarteko lotura elementuak erabili behar lituzkete, prozesua sendotu eta zabaldu nahi badute. Bestela erretorika huts bezala antzematen den progresismo ilustratu bilakatzen joateko arriskua dago. Ondorengo bi adibideekin argi daiteke hau.

Nafarroa Garaiko legebiltzarrean onartutako 17 legek Auzitegi Konstituzionalean amaitu dute, 7 geldiaraziak, 2 onartuak eta 8 baliogabetuak. Hori salatzeko diskurtso hedatuena subiranotasunaren planoan eraiki da. Nafar legitimitatea versus Madrileko zentralismoa, gure burujabetzaren mugak agerian utziz. Horraino argudioen haria. Baina 17 lege horiek jende arruntari nola eragiten dioten galdetuta, inork gutxik adierazten du (edo dezake) zertan.

Funtsezkoa da gure erakundeen erabakiak ez dituztela errespetatzen, baina hori esateak eslogan hutsean geratzeko arriskua du, eta gizarte multzo batzuetatik harago ez iristea. Afekzioen planotik abiatuta, ordea, beste diskurtso bat eraiki daiteke. Horra: pentsiodunek kopagoa ordaindu behar dute, botiken doakotasuna ezartzen zuen nafar legea indarrik gabe utzi dutelako Madrileko Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak; Nafarroan bizi diren pertsona guztiek, etorkin izan ala ez, ez dute osasun unibertsalaren eskubidea; esklusio egoeran dauden familien etxegabetzeak ezin daitezke geldiarazi banku eta aurrezki kutxei etxebizitzak desjabetzea galarazi delako; etxebizitza hutsen erregistroa eta egoera honen kronifikazioaren aurkako neurri eraginkorrak hartzea galarazi da; langile publikoei ezin izan zitzaien zegokien aparteko ordainsaria ordaindu; azalera handiko saltokietako langileei jaiegunetan lan egiteko probabilitatea handitu zaie hamar egunetara mugatzen zuen legea indar gabe geratu delako, komertzio txikiari dakarkion mehatxua ahaztu gabe; energia berriztagarrien ekoizleei laguntzeko legea bertan behera geratu eta eguzkiaren zerga ordaindu beharko dute; guztiok bezala Elizak higiezinen zerga ordainaraztea galarazi dute; administrazioko langile finkoak funtzionario bihurtzea galarazi dute; frackinga baimendua dago legebiltzarraren iritziaren aurka; udaletxeei inbertsioak egiteko tartea mugatu egin die. Zerrendatu diren hobekuntza zehatz horiek ezin daitezke gauzatu, gure erakundeen erabakiak indargabetzen dituztelako. Eraginkorragoa eta irismen zabalagokoa da diskurtsoaren eraikuntza modu hau.

Bigarren adibidea Nafarroa Garaian “Aldaketa”-ri ematen zaion esanahian datza. Bi urteotako aldaketari buruzko balantzeetan aldaketa kontzeptu barnehuts edo formal gisa atzeman daiteke, alderdi politiko batzuen desplazamendu ia soila balitz bezala. Zer aldatu den galderari erantzun pobreak ikusi ditut, eta oro har ohiko agendari lotutakoak. Demokrazia, aniztasunaren errespetua, ustelkeriarik eza eta gardentasuna, gobernu ona, parte-hartzea, sinboloak, hizkuntza edota kultura gai garrantzitsuak dira. Inkesta soziologikoen bidez norbanakoen arazoak antzematen ditugunean, ordea, azaltzen diren kezkak beste batzuk dira: lan merkatuari lotutako arazoak (lan-baldintzak, langabezia…), arazo ekonomikoak (pobrezia), osasungintza, gizarte-segurantza, osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta pentsioak, alegia. Eta apunte txiki bat: agenda soziala ez da soilik gizarte adierazpen antolatuena, isilean ezkutuan dauden ahaldundu gabekoena ere bai. Zertan hobetu du Aldaketak langile, langabetu, etxekoandre, ikasle, haur, alargun, pentsiodun, familia, baztertu eta abarren egoera aipaturiko gai hauetan? Horixe da Aldaketaren balantzeak erantzun behar dituen galdera nagusiak. Azken bi urteotan neurri aurrerakoi ugari gauzatu dira legebiltzarretik, gobernutik eta udaletatik. Probetxuzko ariketa litzateke lau indarren akordio programatikoa hartu eta emandako pausoekin kontrastatzea, hobekuntzak eta betetze neurria ezagutarazteko. Argudioak bai baitaude Aldaketa edukiz beteriko kategoria bezala maneiatzeko. Osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte-babesean murrizketen joerari itzulia eman zaio; pobrezia energetikoaren aurkako neurriak hartu dira; pobreziaren aurka Bermatutako Errenta berriak inbertsioa handitu eta onuraduna izateko baldintzak hedatu egin ditu; osasungintza zerbitzuak hobetu dira eta pribilegio batzuekin amaitu; pentsiodunei gutxieneko soldatara iristeko falta zaien osagarria eman zaie; zerbitzu batzuk atzera publiko bihurtu dira eta kalitatean hobetu; etxebizitza eskubidea bermatzeko norabidean lege berria onartu da...

Aldaketa elementu guzti hauen bidez substantibatzen badugu, errazagoa eta agerikoagoa izango da –abstraktuan ez, konkretuan baizik– zertan aurrerapauso garrantzitsuak eman diren eta zertan hankamotz edo oker geratu den. Substantziari erreparatzeak ez du soilik balantzea egiteko balio, eztabaida politikoa zorroztasunean eta mailaz igotzeko, eta aldaketarekin identifikatzen ez diren pertsonei atxikimendu heldulekuak eskaintzeko ere bai.

Hala ere, ez da kanporako diskurtsora soilik mugatzen arazo hau. Horrela balitz nahikoa litzateke komunikazio talde egoki bat lanean jartzea. Hamarkadetan gailendu den diskurtso eta pentsamoldeari aurre egin nahi bazaio ulertu beharra dago gizarteak egiten dituen irakurketak, zuzenari eta okerrari buruz, animalia sinbolikoak garen heinean, diskurtso (eta praktiken) bitartez jasotzen eta osatzen direla. Zentzu honetan, diskurtsoek funtzio operatiboak dituzte akzioak mugiarazteko eta jokaerak definitzeko orduan. Hala izanik, kanpora begirako diskurtsoak bezainbesteko garrantzia du barnerakoak antolakunde eraldatzaileetan. Eztabaidatzen diren txostenek, aukeratzen diren agendek, ezartzen diren lehentasunek eta eraikitzen diren pentsamolde eta sentiberatasunek ekintzen praktika eta modua determinatzen dute. Transmititzen den diskurtsoa kategorizazio abstraktuetara mugatzen bada, erretorika hutsean geratzeko arriskua du, gizarteko agendetatik deskonektatua. Zentzu honetan, paradoxikoa da nola leku ugaritan gizarte-ekimen eraldatzaileak gauzatzen diren eta zein espazio txikia edo azalekoa duten diskurtso nagusietan.

Artikuluak
Antonio Alvarez-Solís
2017/12/11
José Arturo Val, Rosa García e Imanol Arrieta
2017/12/11
Pedro Pablo Arrinda
2017/12/11
Itxaso Herrera
2017/12/11
Gutunak
Javier Orcajada del Castillo
2017/12/11
Enric Vivanco Fontquerni
2017/12/11
Jose Antonio Gonzalez Garcia «Nebera»
2017/12/09
Manu Ballesteros
2017/12/08
Azken post-ak
Martin Garitano
2017/12/11
ttiklik
2017/12/08
ttiklik
2017/12/08
Andoni Lubaki
2017/12/06