Xabier Onaindia

Surfeatu, baina zipriztindu barik

Bizkaia maite...” da «Surflari ernegatuak» digestio txar baten ostean oparitzen digun korrokada, apirilaren 17ko GARAn. Defendatzen du bere proiektuan bizkaitarrak bazter uzteko modukoak garela, lekurik ez dugula eta, zergatia azaltzen ez duen arren, suposatzen da ez garela behar besteko euskaldun edo puruak. Gainera, herri bezala desagertzen ari garela ere badio.

Orioko bardoak “Bizkaia maite, atzo goizean ikusi zintudan” kemen eta mirespen kantuarekin gozarazten gintuen. Hari azaldu nion, esker onez, Gratxina bere alabaren pediatra nintzelarik, nola negar egiten genuen erbesteratuek batu eta “Oi ama Eskual Herri goxua” abesten genuen bakoitzean. Surflaria eta Lertxundi; hain hurbil fisikoki bata bestearengandik, eta hain urrun eta desberdin herri ikuspegiari dagokionez. Ni Benitoren aldeko aitortzen naiz, kolore paleta osoa biltzen duen ikuspegiaren aldeko, hain zuzen ere.

70. hamarkadan Barakaldon bizi ginen, Periko Solabarria bera eta Sefanitro enpresa baino apur bat gorago. Azken honen kutsadurak sortzen zizkigun begi zein eztarrien narritaduratik ihes egiteko leihoak zarratzera behartuta geunden; belardi berdeetatik urrun, hortaz. Kea arnasten genuen, baina baita airean zebilen klase kontzientzia ere, klase harrotasuna, Labe Garaietakoa, Babcockekoa edo ordurako 4000 langile zituen Gurutzetako Ospitaleko langile izatearena. Barregura ematen ziguten txistu eta danbolindun «vasquito eta nesquitek», baina inoiz ez genuen beraiek barik proiektu bat eraikitzean pentsatu. Gure kausarako irabazi nahi genituen horiek, baina, aldi berean, euskaldun izan zitezkeenaren mezurik inork helarazi ez zielako soilik ezkerralde hartan beraien buruak espainoltzat zituzten asko eta asko ere batu nahi genituen, jatorri geografikoa baino borondatea baitzen garrantzitsuagoa. EAE/ANVk trebetasunez adierazten zuen eran, «Ez du ardura nondik gatozen, nora goazen baizik».

Horietako askok EAJ/PNV bozkatzen dute gaur egun, eskaintzen dien autonomismo espainolean eroso daudelako; euskaldun giza ez bada ere, gutxienez bizkaitar legez homologatzen dituelako horrek, eta sufritu izan dituztelako nafar erriberakoak euskaldun ez direlako, Enkarterrietakoak, «Santanderinoak» direlako, edo Iparraldekoak, nerbiorik ez dutelako bazter utziko lituzketenen komentarioak. Badakite barren-barrenean askok 2. mailakotzat dituztela eta horrek independentismora salto egitea oztopatzen die. Eta ez dute salto hori emango erabateko berdintasunean oinarritzen den proiektu partekatu bat eskaintzen ez zaien bitartean.

Bizkaitarrok, horien ordezkari izateko guraririk barik, asko sakrifikatu dugu herri honengatik. Euskararen beharrezko batasuna, euskara batua, mendebaldeko euskalkiaren kontura egin zen. Bat-batean, ulertzen ez zuten hizkuntza baten aurrean aurkitu ziren Deba ibaitik mendebalderako euskaldunak, ziurrenik kopuru aldetik besteak bezainbeste edo gehiago zirenak. Seguruenik horretarako arrazoi politikoak eta demografikoak egongo ziren, eta arrazoi linguistikoak ere izango zirenaren ustea ere badut. Gasteiz ere bada «Euskadiren» hiriburua, arrazoi politikoengatik, noski, ez demografikoengatik. Arrazoi berengatik, suposatzen dut, lau bizkaitarren bozkek beste balio du arabar baten bozkak, Euskal Autonomia Erkidegoko parlamenturako. Otegiren 10 edo 12 adituen taldean, katalanak beste bizkaitar zeuden: bat. Ulertzera ailegatzen ez naizen arrazoi politikoengatik ere izango da hori. Kontua da diskriminazio positiboa, sarri, gure lepotik egiten dela.

Ezkerreko abertzaleok, euskal sozialistok, zailtasun asko ditugu Bizkaian. Ez da erraza Sabino Aranaren sehaska den eta EAJ/PNVk bozken %35a dituen herrialde honetan. Sumindu egiten gaitu eta min ematen digu Franco eta EAJ/PNV baino ezagutu ez izanak. Edozer egiten dutela ere ezerk ez die fakturarik pasatzen: ez Karrantzako Mindak; ez Hirikok (17 milioien kotxeak); ez beraien lagun diren 200 enpresariren mesedetan Foru Aldundian den ustelkeria, ezta ere Cabacas sendiari egiten dioten burla eta umilazioak. Zama astunegia da guretzat bakarrik, baina esku bat botatzekotan, ez dadila samara izan, behinik behin.

Aberri bat ez da zatikatuz eraikitzen. Ez gabiltza indarrez sobera, halako luxuetarako. Zure berdinekin, zure moduan pentsatzen dutenekin koadrila edo txoko bat egin dezakezu, baina ez herri bat. Oso aspergarria litzateke.

 

Bilatu