Aimar López Erasun

Turismoak baditu milaka arpegi

Azken asteotan turismo abusiboaren aurka borrokan diharduten Arran eta Ernai gazte antolakundeak dira espainiar estatuaren komunikabideen jomuga. Baina artikuluetan irakurri ditugun eta albistegietan ikusi ditugun astakeriez haratago, asmo politiko irmo bat dago.

Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko gaztedia moteltzeko asmoa dago. Helburu zehatz bat zuten Ernairen Donostiako manifestazioan zeuden hamarnaka kamarek. Morboa nahi zuten, gazteen eta turisten arteko hika-mikak. «Turismofobia» terminoa asmatzearekin gorrotoz beteriko gaztedi bat plazaratu nahi dute, bortitza, eta leku batzuetan irakurri dudanez, «nostalgikoa». Lotsatuak nahi gaituzte, eta sinestarazi nahi digute turismo hau maite dugula eta gure onurarakoa dela. Baina ez, bizi zaren tokian bizi zarela, litekeena da zure kalterako izatea Airb’n’b bezalako guneek egin dutena. Ez zaitzatela tronpa, goizaldeko 3etan ondoko «beraneanteen» oihuek ernatzea ez da inolaz onuragarria, ez eta zure etxe ataria alkohol botila hautsiz eta goitikaz betea egotea ere. Eta bide beretik, horiek salatzea ez da gorrotoa, ez da «turismofobia», gutxieneko errespetua, duintasuna eta eskubideak errebindikatzea baizik.

Bestalde, aipatzen da doako publizitatea egiten dietela komunikabide espainiarrek mugimenduari, baina gazte taldeen izenak denen ahotan egoteak ez du zertan ona izan behar. Gehiago erranen nuke, kasu zehatz honetan, txarra da. Pentsa gazte batek mobilizazio batera joateko gogoa duela, baina etxean ezetz erraten diotela, «erradikalak» direla argudiatuz. Imajinatu telebista ikusten duen 16 urteko gazte bat, gurasoak ostalariak dituena, eta Ernaien bilkura batera hurbiltzeko asmotan zebilena, baina ez duena ulertzen nola egon daitezkeen bere aitamen kontra. Gutxi galdetu baitzaie bi taldeetako bozeramaileei gaiari buruz, eta egin denean, ez zaie nahi zutena erraten utzi. Horretan datza komunikabideen jokoak, batek mihia du, besteak guraizeak. Informazio manipulatua irensteari uzten ez dieten bitartean, engainatuta biziko dira gazte horiek, barruan duten herra nondik datorren eta nola atera jakin gabe. Horixe da gazteon lan nagusietarikoa, ingurukoak kontzientziatzea eta gure aldarriak erakargarri egitea. Badakigu ez ditugula turistak konbentzituko, eta atzo bateri irakurri nion bezala, ez gaude turistak maitatzera beharturik. Are gehiago, egunerokoa trabatzen diguten horiekin haserretu gaitezke. Eta koherente izan gaitezen, hemengo turisten izaera ez dezagun errepika turista bihurtzen garenean. Badirelako gure karriketan ikusteko zailak diren turistak, bertako kulturarekiko interesa erakusten dutenak, eta komertzio txikia sustatzen dutenak. Eta horiei ere zabaldu behar diegu mezua, esker mezua. Zuek ere egiten duzue herri hau.

Herri honek badaki ez isiltzen, makurtu gabe zutik egoten, eta gure eskubideak mugatzen dituztenen kritikak ez entzuten. Denok gaudelako postalen atzean, baina postalen atzean bagarelako, Gora Herria!

Bilatu