Maite Etxeberri, Jean-Louis Fournier, Battitt Laborde (*)
Ozaze, Azkaine eta Sarako auzapezak

Udalbiltza, garapen eta kohesiorako erakundea

Martxoan egin herriko bozen ondoren, Lapurdiko, Baxe Nafarroako eta Xiberoko dozenaka auzapez eta hautetsi, gure karguaz jabetu eta berehala, Udalbiltzara bildu ginen. Euskal herritarrak garelako egin genuen, eta gure herriaren alde lan egin nahi dugulako, euskara eta gure kultura azkartzeko, eta sinesten dugulako Euskal Herriko gainerako lurraldeekin batera lan egitea ezinbestekoa dela gure herriek aitzina egin dezaten.

Udalbiltza 2013ko martxoan berriz eratu zenez geroztik, gibelean utzi zituen lehenagoko bi errealitateak, eta orain erakunde nazional bakar gisa egiten du lan, Euskal Herriaren izana onartzen eta aitortzen duten herriko etxeetako hautetsi guziak bildu nahian, elkarrekin gure herrien eta gure herriaren eraikuntza eta eraketaren alde lan egiteko. Ipar Euskal Herrian gogo handiz bizi izan dugu Udalbiltza batzeko prozesua, eta urte eta erdi honetan agerian gelditu da Euskal Herria aitzina eramateko eragile inportantea izanen dela.


Udalbiltza baitezpadako tresna da Euskal Herri osoaren garapena orekatua izan dadin. Aberastasun iturri aski dugu, baina desberdintasunak handiak dira eskualde batetik bestera, gutxitu behar ditugun desberdintasunak. Horri doakionez, argi dugu egun indarra duen administrazio sareak ez diela erantzunik ematen gure gutieneko beharrei, ez baitugu gaitasunik ez gure lurraldea antolatzeko, ez gure ondare materiala edo immateriala kudeatzeko.


Ipar Euskal Herriaren kasuan, gainera, Iparraldeko hiru probintzietarako lurralde bat sortzeko eskaera indartsuari azkenean erantzun behar izan dio Parisek, proposamena mahai gainean ezarriz. Egia da proposamen horrek ez diola bete-betean erantzuten gure galdeari, baina argi uzten du hautetsiak eta herritarrak elkarrekin arituz gero etorkizuna gure eskuetan dugula.
Hala, Lapurdiko, Baxe Nafarroako eta Xiberoko gero eta hautetsi gehiagok Hego Euskal Herriari ere behatzen diote konponbide eta etorkizun xerkan. Eta Udalbiltza munta handiko eragile da herri honetan sinergia berriak sortzeko prozesuan. Gainera, hautetsien biltzarra ekimen ezin egokiagoa bultzatzen ari da: Garapen eta Kohesio Fondoa, Iparraldean eragin handia izaten hasiak diren proiektu eta laguntzak sustatzen dituena.


Gure erakunde nazional hau bereziki zoriondu nahi dugu “Euskal Pirinioetan lan eta bizi” proiektuagatik, bai edukiagatik bai errealitate bihurtzeko lanagatik. Udalbiltzak, proiektu honetan, zonaldeko eragile sozial eta politiko guztiak hartu ditu aintzat, parte hartzeko prozesuak abiatu ditu, erabakiak denen artean hartu dira, eta harreman berriak egin dira pluraltasuna eta errespetua oinarri izanik. Eta uste dugu hori dela gure herriaren alde lan egiteko manera: herritarrak eta elkarte-sarea kontuan hartuz eta lurraldeen desberdintasunak errespetatuz.


Bestalde, Udalbiltzak bat egin du Ipar Euskal Herriko dinamika politikoarekin, eta parte hartzen ari da abian diren eztabaida eta gogoeta inportanteetan: Garapen Kontseilua lantzen ari den “Euskal Herria 2014-2020 Kontratua”, eta “Leader Euskal Mendia” programa. Eta horrek garbiki sendotzen du bere eginkizun instituzionala, eta lankidetzarako atea berriak irekitzen.
Lan hau guzia egiteko, Udalbiltzak Euskal Herriko auzapez eta hautetsien partaidetza behar du. Zenbat eta gehiago izan, hainbat eta indar handiagoa ukanen dugu, eraginkorragoa izanen da gure lana. Guhaur Udalbiltzako kide gara jadanik, eta, hemen izanik, hautetsi guziei gauza bera egiteko gomita egiten dizuegu.


Herrietatik hasita, herri oso bat dugu eraikitzeko. Udalbiltza aitzina!

 

(*) Xabi Larre, Itziar Varela eta Katia Miranda Donibane Garazi, Hendaia eta Liginagako hautetsiek ere sinatzen dute

Bilatu