Ana Pérez Pérez eta Kepa Yecora Jiménez
Steilas

Urriaren 26an lanuztea hezkuntzan

Urriaren 26an Lomce, Heziberri, errebalida  eta murrizketen aurkako mobilizazio eguna deituta dago Hego Euskal Herrian. Aldarrikapen horretan interpelazio zuzena sartu dugu: Euskal Euskal Herrian gure hizkuntza!

Hasiera hasieratik elkarlanean aritu garenon helburua Lomce aplikatzen ari diren administrazioen aurkako interpelazioan ahalik eta eragile gehien batzea izan da, hezkuntza komunitatea osatzen dugunon sentsibilitate anitzak bilduko dituen aldarrikapena egitea, alegia. Eta hein handi batean lortu dugu. «Euskal Herrian guk gure hezkuntza. Lomceri eta Heziberriri ez. Murrizketarik ez» lelopean hezkuntza komunitatearen gehiengo zabala batu gara lelo horren inguruan. Gainera, Hego Euskal Herri osorako mobilizazio dinamika bakarra adostea lortu dugu. Zintzotasunak eta elkar ulertu nahiak soilik eramango  gaituzte  epe laburrean errebalidak gelditzera eta epe ertainera denona eta denontzat izango den Euskal Eskola eraikitzeko bidera.
    
26an mobilizatu behar dugu? Duda izpirik gabe, bai. Ezin diogu egoerari izkin egin, ezin dugu aukera bakar bat ere galdu Lomce eta Heziberriren helburu maltzurrak salatzeko, mobilizatzeko. Murrizketei aurre egiteko ardura ere badugu: langileon lan zama, erretiroa, behin behineko langileen egoera prekarioa, ordezkapenak, baliabide urriak, ratioak...ikastetxetako egoera jasanezina bilakatzen ari da. Urriaren 26an mobilizatzea eta bertako eragileon agenda gauzatzea ezinbestekoa, bateragarria eta beharrezkoa da.

Nafarroan Lomce indarrean dago bete-betean. Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek sinatutako akordioan honela dago jasota: «Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko Lege Organikoari uko egitea, hura indargabetzearen alde egitea eta haren garapena geldiarazteko jarrera irmoa hartzea; betiere, segurtasun juridikoa bermatuta». Egungo errealitatea , berriz,  penagarria da. Mendozak aurreko kontseilariak eginiko bideari ekin dio. Berme juridiko mantra bihurtu dute, eta Lomceren kontra dauden Erkidegoetako beste kontseilariekin elkartzearekin konformatu da. Ez du inolako ausardia edo ekimenik erakutsi benetan aurre egiteko inposatutako legeari. Itxurakeria Nafarroan. Honen aurrean Steilasen jarrera garbia da: interpelazio zuzena egiten diogu Nafarroako Gobernuari modu bikoitzean, eta hizki larriz: EUSKAL HERRIAN GURE HEZKUNTZA!

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera antzekoa da. Eusko Jaurlaritzak ere itxurakeria egin du, eta izena aldatu dio legeari: HEZIBERRI.  Hasieratik Lomziberri izendatu genuen. Trebea da Eusko Jaurlaritza hitz jokoak erabiltzen, baina izpirituz, helburuz eta jokamoldez bi legeek iturri beretik edaten dute: OCDEtik, neoliberalismotik. Deitu errebalida, deitu banakako ebaluazioa, argi ikusten da Lomce kopiatu dela. Honen aurrean Steilasen jarrera garbia da: interpelazio zuzena egingo diogu Eusko Jaurlaritzari modu bikoitzean, eta hizki larriz: EUSKAL HERRIAN GURE HEZKUNTZA.
 
Bi bide batera jorratu behar ditugu: aurkaritza eta eraikuntza. Pentsamendu irekia dugu aldarrikapen komunak burutzeko. 26an interpelazio eguna ez ezik,  Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak jasotzen duenaren alde ere egingo dugu: «Hezkuntza sistema propioa izango da eta euskal curriculum deritzana garatuko du».

Gure hezkuntza publikoaren defentsa eginen dugu, Euskal Eskolaren aldeko defentsa. Sasi guztien gainetik.

Bilatu