Idoia Ormazabal
EH Bilduko batzarkidea Gipuzkoan

Zerbitzu publikoetan murrizketarik ez

Gipuzkoa da gizarte laguntza eta zerbitzu publikoetan inolako murrizketarik ez duen herrialde bakarra; beste erakundeei ere eskatzen ari gara egin dezatela ahalegin berezia, zailtasunak dituzte- nei babesa eman, eta laguntza jasotzeko duten eskubidea bete dadin. Horregatik aurkeztu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan Eusko Jaurlaritzari zuzendutako ebazpen proposamena, kontutan izanik atzera pausuak eman direla ongizatearen arloan, larrialdi egoeran daudenentzako laguntzetarako Jaurlaritzak jarritako aurrekontua urtero murriztu eta motz gelditzen dela, uda garaian jada amaitu dela eta ondorioz, gero eta udal gehiagok ahalegin ekonomiko handia egin behar izaten dutela estualdian direnek egindako eskari guztiei erantzuteko. Jaurlaritzari eskatu diogu lehentasuna emateko gaiari, handitu dezala Larrialdietarako Laguntzen aurrekontua, 2015era begira eskabide guztiei erantzuteko behar besteko diru kopurua jarri dezala Udalen esku, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak baitira. Duela hilabete batzuek, antzekoa eskatu genion RGI delakoa, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, ziurtatzeko.

Nabarmentzekoa da Gipuzkoako Udalek azken urteotan egin duten ahalegina, beraiei ez dagokien arren, egoera horietan dauden pertsona guztiei babesa emateko.

 
Pozik gaude Foru Aldundiak Gipuzkoa murrizketarik gabeko lurralde izendatu zuelako. Madrileko eta Gasteizko Gobernuek gizartearen ongizate arloko babesa urritzen eta urraketak ugaritzen ari diren bitartean, Gipuzkoan jarrera argia dugu EH Bildukook; gizarte justuagoaren alde ari gara lanean, denok dugu eta, duintasunez bizitzeko eskubidea. Gipuzkoako aurrekontuaren erdia erabiliko dugu gizarte politiketan, zerbitzu publikoa indartu dugu, 337 milioi eurotik gora inbertituz, iaz baino 10 milioi euro gehiago. Parte bat beste erakundeek egindako murrizketei aurre egiteko.


Badute beste erakundeek Gipuzkoakko bidetik zer ikasi, jokabide eredugarria erakusten ari gara krisi garaian. Azpiegitura handietan oinarritutako ereduak zulo handia eragin du kontu publikoetan eta oparotasun garaiko gastu erraldoiek eragindako zorrak, murrizketen bidetik, behar handiena dutenen bizkarretik ordaindu nahi dituzte. Guk aldiz, ez dugu inor bazterrean utziko, herritarrekin bat ari gara, krisiak irauten duen bitartean, babesa emanaz, eta gerora beste egitasmo batzuei heldu ahal izateko, politika zorrotz eta arduratsuak aurrera eramanez. Kudeaketa eredua aldatzen ari gara, proiektu asko ditugu gogoan.


Beharrean daudenekin ez dugu txanponik aurreztuko, eta zorrotzak izango gara iruzur fiskalarekin. Gizarte politiken arloan dagoen azpikeria baino askoz ere handiagoa da bestela ihes egiten duen kopurua. Asko dutenek gehiago ordainduko dute, eta gogo onez, eskuzabaltasunez, egiteko eskatuko diegu. Azken finean, denon onerako izango da hori.


Esan bezala, arduratsuak gara jasotako diruarekin; neurri, oreka eta kalitatea dira nagusi guk zuzentzen ditugun erakundeetan, interes orokorra partikularraren aurretik, aurreko legealdietako arinkeriatik urrun. Horren adibide asko dira, baina bi aipatuko ditugu: Errepideetan gastu izugarria egin zuen Markel Olanoren Gobernuak, –AP1 berria, autopistako hirugarren erraia eta Donostiako saihesbidea, besteak beste– eta Bidegik duen zuloa estaltzeko denon dirutik aurten bederatzi milioi euro jarri behar izan ditu Gipuzkoak. Zulo horren parte bat Bidegiko aurreko hiru arduradunek postuak gure esku utzi aurreko astean egindako 3 milioiko lapurretaren ondorio.


Hondakinen kudeaketarako, 500 milioi euroko erraustegiaren konponbidea zeukaten. Guk askoz ere aurrekontu xumeagoarekin –erdia baino gehiago aurreztuko dugu eta Batzar Nagusietan onartu dugu aste honetan bertan, aurrekontu horren parte bat, 2 milioi pasa, gizarte politiketan erabiltzea–, birziklapenean oinarritu –jada ia %45ean gaude eta igotzen ari gara–, erraustegia alde batera utzi eta zabortegiak itxiko ditugu, beste erakundeen «murrizketa» eta oztopo partikularrak jasan arren, esate baterako, bidezko «neurriko» azpiegiturari baimena kendu eta berria eskatu digute. Erraustegiaren alternatibari oztopoak jartzen dizkiote, ezin onartu eta aitortu eredugarriak garela Europan, baina ez dute argi esaten oraindik ere erraustegi garesti eta bidegabearen alde dauden ala ez. Gipuzkoako Udalek argi dute, ekonomikoki itogarria dela eurentzat irtenbide hori.


Krisi garaian arnasa behar dugu, diru publikoaren erabilera arduratsua, eta horren barruan gizarte zerbitzu publikoen babesa. Azken finean gizarte laguntzetan inbertitzen den euro bakoitzeko 1,5 berreskuratzen dira; gizarte politiketan ez da inoiz alperrik gastatzen, pertsonengan inbertitzen baita. Eta laguntza horiek kritikatzen dituzten politikari ezagun batzuek jakin bezate gizarte laguntzetan oker banatzen den euro bakoitzeko iruzur fiskalean ehun galtzen direla.

Bilatu