Oier Imaz
Filosofian Lizentziatua

Zergatik ez noan Bilbora

Arraroa da inork egin ez dizun galdera bati erantzutea. Baina egia da ere, egoera suertatu denean, inork ez didala galdetu; baiezkoa asumitu da, nonahi, ezezkoa zela jakinda. Egoera paradoxikoa. Hala ere, galdera hor da… Zergatik ez noa larunbatean Bilbora? Eta erantzun aurretik deialdia irakurri dut erabakia hartzeko.

Deialdiaren mezua simplea da: Amnistia aldarrikatu behar da, gatazkaren iturburuak gainditu gabe ez dagoelako konponbiderik, eta konponbiderik gabe ez dago errepresaliatu gehiago egongo ez denaren bermerik.

Baina argudioak arazo potoloak ditu:

Lehen arazoa dugu, zapalkuntza gaindituko duen momentua zein den argitzea. Nazionalaren kasuan pentsatzen dut autodeterminazio eskubideaz ari dela. Baina, autodeterminazioa unilaterala da, edo ez da izango. Edo hori dirudi, behintzat, eskura ditugun adibideei erreparatuz. Eta Espainiako estatuak ez du erakutsi gai horretan jarrera aldatzeko inolako borondaterik duenik. Hortaz, momentua unilaterala bada, bestearen borondatea aintzat hartu gabe eman beharreko urratsa bada, nola lotzen da horrekin amnistiaren gauzapena?

Bigarren arazoa: Presoen etxeratzea eta zapalkuntzaren amaiera txanpon beraren bi aldeak dira. Elkarrizketa batean Sendoa Juradok esan bezala (Deia 2015-09-17), biak ala biak herritarren gehiengo baten babesaren bila ari dira. Galdera da, zein herritarrena? Mugitu behar den posizioa Madrilen bada, euskal gehiengoa ez dela nahikoa argi geratu da behin baino gehiagotan. Aldiz, ez dut ikusten nola espaniar herritarren gehiengo batek bere egingo duen amnistiaren aldarrikapena. Baina, hara begira jokatzen da partida. Han baitago kartzeletako giltza.

Azkenik, aipatzen da konponbidea errotik eskuratu gabe, ez dagoela bermatzerik errepresaliatu gehiagorik ez izatea etorkizunean. Baina, eskuratuta ere, ez da bermerik. Demagun autodeterminazio eskubidea onartzen zaiola Euskal Herriari, baina erreferenduma galtzen dela. Bitartean, estatuak ez dio uko egingo bere proiektua indartzeari (mozal legea, adibidez) eta horrek errepresaliatuak sortzen ditu. Horiek ez dira, orduan, politikoak? Edo amnistia egoera permanente bihurtuko da? Are gehiago, demagun, zapalkuntza gainditzea ez dela autodeterminazio eskubidearen onarpena, baizik eta independentzia. Inork pentsatzen al du zapalkuntza soziala gainditzeko nahikoa dela estatua izatea?

Beste era batera esanda, Euskal Errepublika independente batean ere, gatazkaK egongo dira eta kartzelaK, eta poliziaK, eta bankuaK, eta indarkeria matxista… Hortaz, pentsatzen dut errepresaliatuak ere egongo direla. Eta ez dut uste erro horiei guztiei soluziorik aurki dakiokenik soilik Euskal Herrian eta momentu jakin batean. Ez gara sozialismoaren pozima magikoa duen komikietako herrixka isolatu bat, han ere gizonezkoek emakumeak mototsetik tiraka arrastaka eramaten zituztela ahaztu gabe. Estatua izateak gatazka bat gainditzen du eta besteak gainditzeko tresnak kualitatiboki hobetzen ditu. Baina ez ditu automatikoki konpontzen.

Hortaz, pentsatzen dut, gatazkaren ondorioei dagokienean, Espaniari bidali beharreko mezua ‘teknikoa’ dela, eta ez politikoa. Motzean: presoak eta konpetentzia euskal herriratzea, hau da, Madrili bere legea betetzeko eskatzea. Eta bide batez, eztabaida Madrildik ahalik eta gehien urruntzea, hots, Euskal Herrira ekartzea. Horretarako aski da onartzea presoek eskubideak dituztela pertsonak direlako, preso egonda ere, gatazkaK egonda ere. Eta haien kaleratzeak zentzua luke, ez kartzelara eraman zituen arrazoiak gainditu direlako (horiek, edo batzuk behintzat, beldur naiz luzerako ez diren…), baizik eta ETAren jardun armatua amaitu delako. Eta estatuaren logikan horrek eraman zituen kartzelara. Eta ez, horrela ere ez dago garantiarik, baina aukera gehiago bai.

Azkenik, ez dut bat egiten onak/ txarrak eskemarekin. Gatazka egoera batean konprometitzea lokatzetan sartzea da eta ezin da hortik hain garbi eta txukun, leial eta zintzo, koherente eta eskuzabal atera. Beti pentsatu izan dut gatazka ulertzeko moduan Euskal Herria eta Espainiaren arteko desberdintasun handiena dela hemen kontraesanak onartzeko gai garela, baita besteenak ulertzen saiatzeko ere, eta horrek egiten gaituela gai beste zeozer izateko. Haiek aldiz, ez. Haiena Egia da, ez dago ezer aldatzeko beharrik, egia zabaldu baino ez. Joxe Azurmendik esaten duen moduan, espaniar demokraziak errebelazio erlijiosoaren antza gehiago du demokrazia liberal modernoarena baino.

Horregatik, zilegi iruditzen zait nire arrazoiak ez konpartitu eta Bilbora joatea. Ez dut problemarik ikusten horretan. Baina nik ez joatea erabaki dut. Ez baitut kontzeptua aldarrikatzearekin deitzaileek egiten duten ekarpena ulertzen. Ezta proposatzen duten agenda. Zeozer faltako zait... Eta, edonola, kontzeptu bat aldarrikatzera ez naiz joango. Salbuespena egingo nuke, presoak balira deitzaileak. Arrazoia simplea da, ezkertiar ororen betebeharra da gatazka baten aurrean gehien sufritzen duenaren alde jartzea, nahiz eta batzuetan haien aldarrikapena, ulertuta ere, konpartitu ez. Baina hau ez da kasua.

Bilatu