Fermin Zabaltza Aleman

Alde Zaharra berriz euskarazko haur eskolarik gabe?

Nola uler daiteke Eskubide Sozialetako kontseilari Miguel Laparra jaunak Iruñeko Alde Zaharra euskarazko haur eskolarik gabe uzteko asmoa izatea? Nafarroako Gobernuak 5 haur eskola ditu Iruñean, eta bakar bat ere ez da euskaraz. Gehiegi eskatzea ote da horietatik batean bederen euskaraz ikasteko aukera izatea?

Gogoan izan dezala: Nafarroako hizkuntza da, eta Iruñean legezko estatusa dauka. 2016-2017 ikasturtean, San Frantzisko eskola publikoan, 38 haurretatik 29 matrikulatu dira D ereduan 3 urtekoen artean. Adierazle objektibo samarra da. Beraz, haur eskoletako eskaintza orekatzeko, Laparra jauna Alde Zaharreko haur eskola publikoarekin has liteke. Edo ez du inolako asmorik euskarazko irakaskuntza aukeratzen uzteko?

Haur eskolei buruz, Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdien arteko akordioak hauxe dio: «Herritar guztiak Haur Hezkuntzan sartu ahal izan daitezen ziurtatzea (...) eskatzen duten hizkuntza errespetatuta» (Hezkuntzari dagokion 21. puntua). Eskubide Sozialetako kontseilariari eskubide sozialak bete ditzala eskatzen diogu.

 

Bilatu