Roman Elosegi Etxabe I Zaldibia. Federazio fitxa zenbakia: 1.517

Andrakan (Lemoiz), idi dema polemikoa

Zaldibiako gure Igartzaeta baserrian, bizi guztian izan dugu idi parea baserriko lanetarako.

Aurtengo urte arte, 2014, inoiz ez dugu idi demetan parte hartu. Duela 5 urte, geure baserrian sortutako txahal txikiak handitu, idi bihurtu eta hezitzea erabaki genuen.

Idiak, saiatuak eta bizkorrak zirela ikusirik, idi demetan probatzea erabaki genuen. Aurtengo urtean zehar, hainbat demetan parte hartu dugu eta emaitza oso onak lortu ere bai.

2014ko urriaren 07an, Bizkaiko Andrakan Euskal Herriko 16 idi parerekin lehiatzeko aukera izan genuen. Izena eman eta azkeneko tandan lehiatzea egokitu zitzaigun. Gure txanda iritsi aurretik Bizkaiko “Artazaren” idi pareak zuen markarik onena, ordu erdiko denboran 65 plazekin.

Gure txanda iritsi zenean, eta 50 plaza pasatxo eginak genituenean eta 68 plaza egiteko denbora erreferentziarekin genbiltzanean, Jose Maria Markaida epaileak gure idiak gerarazi eta idien lana baliogabetu egin zuen. Esplikazioak eskatu genionean, gure idiek simaur asko eta labainkorra egiten zutela eta horrek dopinaren traza edo zuela erantzun zigun. Zur eta lur geratu ginen.

Federazioaren albaitaria han zegoenez, gure idiei nahi zuten analisi edo eta proba guztiak egiteko eskatu eta erregutu genien, Jose Maria Markaide epaileari eta Bizkaiko Herri Kiroletako lehendakari den Juan Migel Ranerori.

Hauek, erabakia hartua zegoela eta beraz guk ikusteko zer egin erantzun ziguten behin eta berriz. Federazioaren albaitaria joan egin zenez, telefonoz deitu genion azterketa egitera etor zedin eskatu asmoz.

Telefonoa hartu orduko moztu egin zuen eta berriro saiatu ginen arren deitzen, ez zuen berriz telefonorik hartu.

Azkenean Santaderko albaitari bati deitu eta berak hartu zituen idien analisiarako laginak goizeko 2ak inguruan. Hau guztia guk eskatuta.

Laborategiko emaitzak eskuratu ditugu eta nahi dituenarentzat eskuragarri jarri nahi ditugu.

Jasan dugun jarrerarekin minduta eta harrituta gaudenez, Bizkaiko eta Euskal Herriko Herri Kirol eta Jokoetako Federazioei eskatzen diegu erantzun publiko eta argia berehala.

Bilatu