Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Atzerritarrak

Ez dakit konturatu ote zareten, zenbait hedabide eta komunikabidetan, konparaziora, EITBn, estatistika datu batzuk ematen dituztenean Euskal Herriari buruz, batez ere Eguberri, Aste Santu eta udako oporren gainean aritzen direnean, aipatzen dituztenean bisitarien kopuruak, honako esaldiak erabili ohi dituzte, esate baterako, <bisitari gehienak madrildarrak eta kataluniarrak izan dira. Gero, atzerritik, gehien etorri direnak ingelesak, txinatarrak eta frantsesak izan dira>. Bueno, bada, honela ikusita eta entzunda, ematen du atzerritarrak bakarrik direla Espainiako Estatukoak ez direnak, eta suposatu beharko dugu, beste horrenbeste gertatzen dela Frantziako Estatukoekin ere. Orduan, esaldi horiekin zer esan nahi digute, adibidez, Galiziakoak, Andaluziakoak, Extremadurakoak, Landetakoak, Bretainiakoak, Normandia Beherekoak eta Pikardiakoak Euskal Herrikoak direla, alegia, ez direla atzerritarrak, edo, behintzat, ez direla argentinarrak, mexikarrak, kanadarrak, japoniarrak edota senegaldarrak bezain atzerritarrak? Hau da, pentsarazi nahi al digute lehenengoak ez direla euskaldunontzat erabat atzerritarrak eta bigarrenak, ordea, bai?

Nik dakidanez, historian zehar, Euskal Herriko pertsonei deitu zaie euskal herritarrak eta atzerrikoei, hots, Euskal Herrian ez jaiotakoei, atzerritarrak. Gero, jakina, badakigu norberak, nahi baldin badu eta, batez ere, uzten baldin badiote, aldatu ahal duela bere nazionalitatea. Baina, Euskal Herrian zer arazo dugu? Bada, denok dakigun bezala, bi Estatuk (Frantzia eta Espainia) gaituztela konkistatuak, kolonizatuak eta menperatuak; horixe da gure tragedia latza hitz gutxitan esanda. Noski, espainiarrak edota frantsesak direnek edo sentitzen direnek, ez digute holakorik sekula santan onartuko, baina euskal herritarrak garenok eta bertan bizi izateagatik hala sentitzen direnek, badakigu eskubidea dugula eta dutela aldarrikatzeko gure euskal herritartasuna, nahiz eta batzuek ez ontzat eman arrazoi politikoengatik, eta batik bat, indarraren arrazoiengatik.

Hortaz, hau guztia argi eta garbi utzi ondoren, ez dakit zer mesede egin nahi diguten euskal hedabide eta komunikabide batzuek, bi kontzeptuak nahasten dituztenean, alegia, esaterako, madrildarrak edota paristarrak atzerritartzat ez jotzen, eta bai, ordea, hegoafrikarrak eta suediarrak.

Nik uste dut, Euskal Herriko hedabide eta komunikabideek argi eta garbi eduki behar dituztela kontzeptu hauek, batez ere euskaldunak, abertzaleak eta independentzia zaleak baldin badira, jende arrunta gehiago ez nahasteko eta ideiak argi eta garbi izan ditzagun.

Bilatu