Rosa Estela

Bazen behin Gladys izeneko neska bat...

Bazen behin, Egian, Gladys del Estal izeneko neska bat. Gaur egun, Gladys mundu osoko mugimendu antinuklearraren sinbolo da, baina, gure garaian, guretako bat zen soilik: gertuko pertsona, gurekin batera helduen irakaskuntzan aritzen zen laguna, eta auzoko talde ekologistako kidea.

Bere gurasoak Errepublikaren aldeko borrokolariak izan zirenez, Venezuelara erbesteratu ziren Espainia- frankistaren errepresiotik ihes eginik, eta han jaio zen Gladys, 1956an.

Familia egiatar horren haurra, lau urte zituelarik, hona itzuli zen, betiko itzuli ere. Hasieran Aldakonean bizi ondoren, Atotxako dorreko etxebizitza batera aldatu ziren, eta, horrela, Gladys inguruko ikasteetxetan ibili zen, lana lortu arte.

1979ko ekainaren 3an, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunean, José Martínez Salas guardia zibilak buruan tiro bat jota hil zuen Gladys, Tuteran, hamaika lekukoen aurrean.

Orduko gizarteak mobilizazio handiez erantzun zuen, eta gogoratu beharra dago Donostian egindako manifestazioan, EAJren partez, orduko alkate Jesus Maria Alkain manifestazioaren buruan egon zela, eta PSOEk ere mobilizazioak babestu zituela.

Erbestean jaiotako Egiako alaba izan arren, eta Euskal Herrian hezi eta hazia bazen ere, Gladys «venezuelar» gisa agertu zuen Espainiako prentsak, «kanpoko infiltratua» zela adierazi nahian. Baina, arestian esan bezala, gaur mito bihurtu den Gladys guk gertutik ezagutu genuen: adiskide umoretsua, ekintzaile garbia eta lagunen artean beti ziria sartzeko prest zegoena.

Eta hil zutela 36 urte betetzen den honetan ere horrela oroitzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, ekainaren 7an, 12etan, Eguzkik antolatu ohi duen omenezko ekitaldian bilduko gara, Gladys Enean; izan ere, Gladysek berak maitatzen erakutsi zigun parke horrek guretzat nekez izan dezake beste izenik. Animatzen bazarete, han topatuko gara.

Bilatu