Patxi Aznar Bellido

Beharra

Historian zehar sua asmatu zenetik oraingo ordenagailura arte bizitza errazteko eta hobetzeko gizakiok eduki dugun pizgarririk garrantzitsuena beharra izan da.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen birziklatzeko beharra, zentzu honetan Europako Parlamentuaren adostutako zuzentarauak ditugu. Ildo horretatik abiatuta nire ustez gai honetan egungo Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuaren akatsik nagusia hauxe da: zabor bilketa eraginkorra egin gabe edo, beste modu batez esanda, herri guztietan lortzea posible diren helburuak finkatu gabe, errauskailuaren eraikuntza iragartzen digute, beraz, normala da ondo birziklatzen duen jendeak Foru Aldunditik interes ilunak defenditzen ari direla pentsatzea.

Markel Olanorentzat zenbait herritako erdipurdiko birziklatze tasa kontzientziaren ezaren ondorioak dira, horrela behintzat esan zidan berarekin izandako elkarrizketan. Nik, aldiz, Tolosan, eta Arrasaten gertatutakoa ikusi ondoren, motibo desberdinengatik gogoeta horri hurrengo ikuspuntutik helduko nioke; aipatutako herrietan hilabete eskasetan atez ateko sistema erabili gabe bikoiztu dute zabor bilketaren tasa, beraz jendearen kontzientziazioa lantzeaz gain neurriak hartzea nire ustez ezinbestekoa da.

Oraingo Ahaldun Nagusiak materia organikoa birziklatzen duenari %20 hobaria ematea pentsatuta dauka, kontua da, zabor bilketa eraginkorra egin nahi izanez gero, hobariaren neurri horrek aurretik jarrita egon beharko litzatekeen helburua betetzen ez badu, aldatu behar dela, eta ez hainbat udaletan gertatzen ari den bezala; besteak beste, Lasarten, Urnietan edo Amaran emaitza kaskarra emanda ere, metodo berarekin jarraitzea.

Bukatzeko hurrengoa gogoratu nahi dut: zabor bilketa gaiari erantzun egokia ez emateagatik Co2ko isurketa handia egiteaz gain, energia ikaragarria galtzen da, eskasak diren baliabideak ahitzen dira, denona den dirutza mordoxka xahutzen da, ez dira beteko gai honetan Europako zuzentarauak horrek ekar diezazkigukeen ondorioekin eta hori gutxi balitz udaleko zergak ordaintzean ondo birziklatzen dutenen eta ez dutenen arteko injustizia mantenduko da.

Bilatu