Joseba Barriola

Beste bat gehiago! Non dago Bob Dylan?

Urriaren 15ean dispertsioa salatuz egin genuen manifestazioan, aldamenean nuen Marijo. Ahots borobil ederrez oihukatzen zuen: «Euskal Presoak!» Eta nik erantzun «Etxera!». Animosa bera, animoso ni. Bere lagunekin solasean entzun nion, urtetan, gure ohiuak beti-beti berdinak zirela. Sentsazio berdina nuela, esan nion. Errutina moduko batean, manifa errutinarioak egiteko arriskuaz... Bat bateko «berrikuntza» batzuk aho txikiz eta irrifarrez frogatu genituen.

Askatasuna da muina. Presoena... eta Herriarena, hau da, herriko jendearena, gurea. Zeren presoak preso daude eta gu, herritarrok ere, preso gaude. Kartzela erraldoia (cárcel de pueblos) da Espaniako Estatua. Eta kartzel erraldoi honek, baditu sakoneko arrazoi eta mekanismoak, eta ageriko agerpenak: presoak agerpen horietako bat dira, mordaza legea beste bat, erabakitzeko eskubidearen ukazioa, euskara bigarren mailako hizkuntzatzat balioetsia (Konstituzioan, hasteko), ilegalki eta legalki lapurtzen digutena (ustelkeria, aurrekontuak, murrizketak, etxekaleratzeak, Kutxabanken pribatizazioa), «terrorismoaren» definizio zital interesatua eta manipulazio mediatikoa, telebista eta komunikabide gehienen bidezko lavado de cerebro (‘Diario Vasco’, adibidez). Ez al daude emakumeak, emakume izateagatik, mehatxu iraunkor baten pean? Adibideak asko dira. Eta Kartzel horren zaindariak, presoak atxilotuta mantentzen duten berdinak dira.

Etxera da muina. Etxean nahi ditugulako. Nahiz eta etxea, gure etxea, arlo guztietan, menpekotasunean egon. Etxera nahi dute presoak, eta etxea nahi dute Europako mugetan dauden milaka errefuxiatuak, eta gure artean etxegabetuak, edo etxe bat alokairuan lortzeko gorriak ikusi behar duten etorkinak. Etxera! Eta ez pena sentimenduz. Sentitu bai, presoen samina. Baina presoak, bereziki gaixo direnak, bizitzaren aldeko apustua egiten ari direnak dira. Eta presoen oinarrizko, funtsezko jarrera eta praktika horri, alaitasunezko eta animozko jarrera dagokio. Nahiz eta gogorra izan, denok batera alai harresiak zulatzen. Eta aski da 78ko Erregimenarekin bat egin dutenen faltsukeriaz! Eta aski da zurikeriaz!

Horregatik «Euskal presoak etxera!» ez da batzuen eskaera. Demokrazia duin baten oinarrizko elementua da. Eta jende humil eta zapalduen beste etxeratze batzurekin erresonantzia egiten duena. Jaione eta biok, jarraituko dugu ohiukatzen: Euskal presoak etxera!

Zer esan nahi zuen, bada, Jaionek, manifaren amaiera aldean bota zidanean: «Beste bat gehiago! Non dago gure Bob Dylan?» Ulertu niona esango dut bi hitzetan eta okurrentzia bat. Poza, manifa ederra izan zelako jendez. Desioa bat bezala, manifetan ere, jarduera orokorrean bezala, gauden garaietara sakon egokituriko irudimena askatzeko desioa. Jaionen hitzetan Bob Dylan, nire ustez, horixe zen. Bizi eta askatasun-indarra berritzen eta berritzen duen irudimenaren eztanda. Eta okurrentzia? Agian Ametsen Liburuan badugu esloganetan irudimena en acción jartzeko iradokizunak!

Bilatu