Juan Luis Mugertza Unanue

Egungo giza-bizkarroia

Bestelakoa entzuten baldin badugu ere, giza-bizkarroiak edota jantxakurrak ez omen du larritzeko arazo handirik. Tarteko ahaleginek, hazkurarena esaterako, zenbait unetan, deseroso sentiarazi badute ere, giza-bizkarroiaren egoera ona da, orokorrean. Egunerokoetan oso eroso bizi da, eta bizitza luzea antzematen diote, batzuek bizi maila txarra dutelarik ere. Hori dela eta, espezietan espezimena ei da, arituen ustez. Izan ere, orain arte erabilitako txertoek sekulako arrakasta izan dute populazioaren sektore horretan. Dirudienez, edozein egoeratan erraz moldatzeko ahalmenak lagundu egin dio espezie honi maila guztietan zabaltzen. Lehen, estatusak bereizten omen zuen gainontzeko espezieengandik. Egun, nahiz eta mundua oso gaizki dagoela jakin, langile, langabetu, etorkin, gazte askok… bat egin ohi dute bizkarroiaren filosofiarekin. Gainera, ezer gutxi behar dute gosea baretzeko. Gehienek hautestontzia dute elikatzeko modu bakarra; eta, ausartenek, noiz edo noiz, taberna zuloa, dastalekua, telebista…, aldarrikapenak egiteko bozgorailua. Zertarako gehiagorik! Bestalde, bere espeziekoak odola xurgatzen badio, ez du oso gaizki ikusten; aukeran beti hobeto gertuko jantxakurrak egin ohi badu, urrutikoak baino. Beraz, bizkarroiaren biziraupena bermatuta dago. Orain hizkera baino ez dugu moldatu behar, eta guztiok batera BE!BE!BE! oihukatu, egungo giza-bizkarroiak segida izan dezan, eta gure ondorengoek egindako lan eskerga balora dezaten.

Bilatu