Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Elkarri/ Lokarri

Bihar, martxoaren 7an, Lokarrik bukatutzat joko du bere eginkizuna, horretarako, Bilboko hotel batean, eguerdiko 12:00etan, ekitaldi publiko bat eginen du pertsona ezagun askorekin. Jarraian, 14:00etan, hiri horretako jatetxe batean bazkaria eta musika izanen dira, azken hogeitaka urte hauetan, Elkarrin eta Lokarrin parte hartuz, nola edo hala, inplikatu den jende guztiarentzat. Horrelaxe eman nahi zaio bukaera duina, Elkarrik eta Lokarrik egin duten ibilbide duinari.

Osotara, 23-24 urte trinko izan dira gutxienez. Atzean gelditu dira hamaika bilera, batzar eta biltzar; beste hamaika kale-agerraldi, elkarretaratze, sinadurak biltze eta esku-orriak banatze; makina bat kezka, ardura, hotza pasatze, eta abar, eta abar. Kide batzuek oraindik jarraitu egin nahi zuten, beste batzuek, ordea, lehenago bukatu nahi zuten…

Argi eta garbi dago, ez dela egin, egin ahal zen guztia, eta egin den guztia ez dela egonen egina modurik egokienean, eta, akatsak, hanka-sartzeak, eta bat eta beste ere hor joanen zirela. Bestalde ere, ezin da esan orain lortu dugun egoera hau, Elkarri eta Lokarriren lanari esker izan dela soil-soilik, jakina, ez eta askoz gutxiago ere, hori argi dago, baina, era berean ere uste dut, akatsak akats, ezin dela ukatu, Elkarrik eta Lokarrik egin diotela beren ekarpentxo positiboa gizarte honi, eta horretan, modu apal batean bada ere, parte hartu dugun pertsona guztiak, iruditzen zait izan dezakegula harrotasun puntu bat.

Beharbada, asko laburbilduta, esan liteke, Lokarriren azken urteotako punturik gorenenak izan direla Sortu alderdiaren estatutuak aurkezteko antolatutako ekitaldia eta Donostiako 
Aieteko Adierazpena. Badakit bai, hau asko sinplifikatzea dela, baina ez dut uste hau denik momentu eta lekurik egokiena gauza guztiak zerrendatzeko. Bestalde, noski, nabarmena da oraindik gauza asko gelditzen direla, euskal gizarte normalizatu bat lortzeko, konparaziora, preso politikoak, hau da, politika hutsa egiteagatik espetxean daudenak, askatzea, gainerako guztiak Euskal Herriratzea, beraien giza eskubide guzti-guztiak erabat errespetatzea, egia osoa ezagutzea, alde guztietako biktima oro aitortzea eta merezi duten ordaina ematea, gizartearen bizikidetza bultzatzea, adiskidetzea lortzea, eta abar, eta abar. Hitz gutxitan esanda, giza eskubide guztiak errespetatu eta betetzea.

Espainia, Frantzia eta Nafarroako Gobernuek, argi dago, momentuz behintzat, ez dutela deus ere laguntzen aurreko hori guztia eskuratzeko, ez eta erabakitzeko eskubidea egikaritzeko ere, baina, beste alde batetik, garbi dagoena da, orain Sortu alderdia legeztatua egonda, eta, ETA erakundearen borroka armatuaren bukaerarekin, askoz ere errazagoa izanen dela helburu politiko eta sozial horien guztien alde lan egitea.

Bukatzeko, esanen nuke, alde batetik pena ematen duela Lokarri bezalako giza talde bat bukatzeak, baina, bestetik, nik uste dut, oso positiboki baloratu behar dela bere existentzia guztia, eta ni behinik behin, horrekintxe geldituko naiz.

Bilatu