Mª Luz Marqués | Uribe ESIko zuzendari gerentea

Erantzuna Miren Loizaga Legarrari

Osakidetzan urteak daramatzagu euskararen erabilera normalizatu nahian. Administrazio gehienak baino geroago hasi ginen egiteko horretan (euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko Dekretua 2003koa da eta lehenengo euskara-plana 2005ekoa), eta gaur egungo egoera perfektua ez bada ere, lan handia egin eta nabarmen aurreratu dugu. Sopelako osasun-zentroaren kasuan, 2005ean profesional elebidun bakarra izatetik (erizaina), 2016an euskaraz artatzeko gai diren 4 mediku, 3 erizain eta 4 administrari izatera pasatu gara (osasun-zentroko profesionalen erdia). Horretarako, euskararen ezagutza lan-kategoria guztietako hainbat lanpostutan derrigorrezkoa izatea ezarri dugu, profesional batzuk euskara ikasteko liberatu ditugu eta hutsik geratu diren lanpostuak profesional elebidunek bete dituzte.

Hala ere, Sopelako osasun-zentroan oraindik ez dugu pediatra euskaldunik. Euskara-plana martxan jarri genuenean pediatra lanpostu bi zeuden Sopelan, lanpostu biak profesional titularrek beteta, 1981etik bat eta 1992tik bestea. I. Euskara-plana (2005-2012) martxan jarri genuen urte hartan pediatra biak ziren 50 urtetik gorakoak (Osakidetzan planaren hasieran 45 urte baino gehiago zeukaten profesionalek eskubidea dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik salbuetsita egoteko). Bi lanpostuetatik bati ezarri genion derrigortasun-data (euskara jakiteko betekizuna) titularrak erretiroa behin hartuta, lanpostua beteko zuen hurrengo  profesionala euskalduna izan zedin. II. euskara-planaren (2013-2019) hasierarako pediatriako hirugarren lanpostua sortuta  zegoen eta horri ere euskara jakiteko derrigortasuna ezarri genion. Aurreko oposizioan pediatra lanpostu hori eskaini zen, baina zoritxarrez lanpostu hori ez zuen oposizioko pediatra bakar batek ere aukeratu. Lanpostu hori laster ebatziko den oposizioan betetzea espero dugu, aurten edo beranduen datorren urtean. Eta plana amaitzen denerako pediatra euskaldun 2 izatea da aurreikuspena.

Sopelarako pediatra euskalduna lortzen dugun arte proposatzen dizugun konponbidea da gertuen dagoen osasun-zentroko pediatraren zerbitzua jasotzea: 3 km-ra dagoen Urdulizko osasun-zentroan. Esan bezala, aldi baterako konponbidea proposatzen dizugu, gure helburua zerbitzu guztiak osasun-zentro guztietan euskaraz ere eskaintzea baita.

Bilatu