Joseba Azpeitia Eizagirre I ETBko ikuslea

ETBn barrura begiratzeko leihorik ez

Bi urte eta erdi pasa dira, 2012ko irailean “Barrura begiratzeko leihoak” filma jendaurrean aurkeztu zutenetik. Bost euskal presoren (Irati Tobar, Gotzone Lopez Luzuriaga, Jon Ugarte, Jexux Mari Zalakain eta Mikel Antza) inguruko dokumental filma da beste bost euskal zuzendarik, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategik zuzendutakoa.
Presoen inguruko bost istorio txikik osatzen dute nagusiki filma eta komunikabide nagusienek presoei buruz eman ohi duten ikuspegitik haratago doa bertan azaltzen dena. Presoa izateaz gain, pertsona agertuko zaigu, bere ingurune hurbila, giza dimentsioa bera. Labur esanda, atxilotua izateko falta zaizkion egunak zenbatzen dituen neska gaztea; 17 urteren buruan Euskal Herrira itzultzen den gizona; preso den alabarekin izandako elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama;  espetxearen bakardadean bere burua topatu nahian dabilen unibertsitateko irakaslea eta 20 urte beranduago gaztetako lagunarekin harremana berreskuratzen saiatuko den ETAko buru ohia agertuko zaizkigu.
Zinez ekoiztetxeak, herritarrek emandako diru laguntzei esker sustaturiko film hau, Euskal Herrian zehar hainbat herritan eman zen, erantzun bikaina jasoaz, 13.000 lagunetik gora ikusi baitzuten (makina bat film eman dira ETBn audientzia txikiagoa izan dutenak). Aurkeztu zutenetik bi urte pasa ondoren, ETBn ematen ez zutela ikusirik arazoren bat ote zegoen jakin nahian,  ETBko zuzendari Edu Barinagarekin hitzegiteko (eskertzen diot telefonoa hartu izana) aukera izan nuen 2014ko abenduaren 9an. Barinagaren iritziz filma “interesgarria” zen eta ekoizleekin arazorik ezean telebistan emateko asmoa agertu zuen. Jarraian, Zinez-eko arduradun batekin (Josu Martinezekin) harremanetan jarri eta beraien aldetik inolako arazorik (ez ekonomiko ez gainontzekorik)  ez zegoela adierazi zidan.
Kontuak kontu, lau hilabete pasa dira abenduaren 9tik eta tarte horretan aurretik ETBn emandako dozena bat film edo eta emankizun (“Kutxidazu bidea Ixabel”, “Izarren argia”, “Amerikanuak”, “Baztan”, “Xabin Arana”... Baionako errekortariak, Trikiti emanaldiak...) enegarren aldiz errepikatu dituzte. Beraz, Barinaga jauna, ezin esan “Barrura begiratzeko leihoak” film “interesgarria” emateko tarterik ez duzuela izan. Errepikapenaren errepikapenak eman beharrean, zergatik ez egin tarte bat orain arte inoiz eman gabekoei?
 Aitzakiarik behar izatean, jakin, filmeko preso bat, Irati Tobar, epaiketa egin eta sententzia atera zain dagoela. Jexux Mari Zalakain kazetaritza fakultateko irakasle laguna berriz, Egin egunkariko administrazio kontseiluan idazkari lanetan aritzearren, zortzi urteko kondena osoa betetzear da hilabete batzuren buruan.
Aitzakia ederra beraz, aitzakiarik behar ez duen film hunkigarri duin hau, behingoz bizkar emateari edo izkin egiteari utzi eta guztion zergetatik finantzatzen den Euskal Telebistan emateko.

Bilatu