Joseba Barriola

Etsigarria eta zoragarria

Igande arratsaldean ETB1-en aurtengo Korrikaren dokumentala eskeiniko zutela entzun eta gogoz nengoen ikusmira orokorraz gozatzeko prest. Etsigarria egin zitzaidan zoragarria den Korrikari buruzko horrelako dokumental etsigarria egin eta gero telebistan botatzeko kemena izatea. Dokumentalaren muina Korrika bera izan beharrean, aurkezle ibiltariaren (korrika kilometro batzuk, furgonetan gehiena) agujetak, suspiriuak, «gora hau» eta «gora bestea», zein goxoa txokolatea goizean, txanpaña edanez, hau da Gasteiz edo horrelako oharpen geografikoak... Etengabe bere presentzia, bera balitz bezala Korrikaren muinaren muina. Gehiago zirudien espektakulo baten turismo-gidaria. Irrikitan nengoenean Iruñeko bista orokor bat ikusteko... hantxe «gidaria» zegoen kale estuaren irudia. Edo Gasteizkoa, edota... «Gidariaren» aurpegia beharrean, offezko ahotsaz entzun, eta gauza mamitsuagoak, alaigoak, biziagoak entzun, eta zuzenean irudia eta ahotsa jendeari eman... Askoz hobe.

Emanalditik salbatzen diren momentuak dira, hain zuzen, jendeak hitzegiten zuenean. Ez zuen programa honen programatzaileak ordu asko gastatu «Mirari Itzela» den Korrikaren barruan mirari txikiagoak bilatzen eta herri ibiltariari hitza eta irudia emanez zerbait zoragarria sortzen. Hori bazen agindu zioten papera, nire doluminak aurkezleari.
 
Etsigarria bukatu eta segituan, “Herri txiki, Infernu Handi” egitasmoan Lakuntzari buruzko atala eman zuten. Oraingoan, berriz, anuntziotan ikusitakoaz mesfidantzaz ikusten nuena, engantxatu ninduen eta gozatu nuen hasieratik bukaeraraino. Horixe bai dela herrigintza, Mario Zubiagaren hitzetan. Eta naziogintza ere. Eta erreparatzen baduzue herri osoa batzar batean bildurik zegoela, eta adiskidetasun giro izugarri batean, eta euskaldunak, ijitoak, marrokiarrak, asto musikariak eta kandadu hertsiak, behi negozio borobilak eta apaiz ezagutu aurretik haur izandakoak, Idazkari Nagusi bertsolari mitinero goxo eta sakona, Gobernu kide lokatzero eta gastronomikoak... Han bilduta zeuden baldintza guztiak, estatugintza umoretsuz, Lakuntzako Errepublika Askea aldarrikatzeko.

Egia esan prudentzia pixka batekin ez ziren horretaraino heldu. Izan ere zoragarria izan zen dokumentala, baina, hala ere... Ez al da egia “Herri txiki, Infernu handi” esaera zaharraren azpian gordetzen den mendetako jakinduria? Agian Lakuntzan bertan badaude, egon, infernu txikiak handitzeko arriskua dutenak! Horiek, infernu txikiak egiten dira batzutan etsigarriak. Saioa, aldiz, zoragarria.

Bilatu