Euskal eskola publikoan, liburutegiak zabalik!
Ainhoa Muxika | Koldokide guraso elkartearen izenean
2017/11/15

Euskal Eskola Publikoa jasaten ari den murrizketak direla eta, eskola askotako liburutegiak itxita daude. Liburutegietan lanaldi osoz diharduten liburuzainek erretiroa hartzen dutenean, Hezkuntza Sailak ez du haien ordezkorik bidaltzen, eta, ondorioz, eskoletako liburutegiak mailegu zerbitzu huts bilakatzen ari dira. Hauxe gertatu zaigu Errenteriako Koldo Mitxelena ikastetxean.

Neurri horrekiko erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu.

UNESCOk berak manifestu bat du eskola liburutegiei buruz idatzia, non argi eta garbi geratzen den eskolako liburutegiek duten garrantzia.

Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoan etengabe egiten dituen murrizketek eragin zuzena dute gure seme-alabek jasotzen duten hezkuntzaren kalitatean,eta guraso gisa ezin dugu horrelakorik onartu, Hezkuntza Sailaren betebeharra baita kalitatezko euskal hezkuntza publikoa eskaintzea.