Iñigo Gorrotxategi Rodriguez

Euskal preso politikoak gose greban, elkartasun gunea borrokan

Bost egun dira jada Hernaniko Tilos pasealekua Elkartasun Gunea bihurtu genuela. Bitartean, duintasunezko borroka bat daramate Fresneseko euskal preso politikoak, Itziar Morenok pairatzen deun isolamendu egoera salatu eta bukatzea eskatzeko. Herri mugimendutik sortutako gune honetan mota guztietako jarduerak burutzen ari dira: eztabaidak, hitzaldiak, musika emanaldiak, elkartasun ekimenak, herria informatzeko balio duten ekintzak eta jarduerak, finean.

Gure herritar, senide eta lagun dugun Ugaitz Errazkinek beste lau preso politiko gizonezkoekin batera hasi zuen gose greba izan zen gure pizgarri, eta guztiona den borroka honen elkartasunez bete ditugu gure kontzientziak gure herrikideenak eta orokorrean Euskal Herri guztiarenak. Elkartasun gunea 24 orduko espazio bat da, adin eta mota ezberdinetako herritarrak biltzen dituena, eta funtsean horrek ematen dio indarra. Aurreko asteazkenetik ari gara borrokan gure burkideekin batera eta bertan preso ohiak, senideak eta zer edo zer aportatu nahi izan duten pertsonak izan ditugu gure artean.

Nabari da denbora berri hauetan ez gaudela prest amore emateko eta ez ditugula gure kide eta burkideak espetxe zuloan bakarrik utziko. Herri honen bidea batera egingo dugu haiekin, bai ziegetan bahiturik dauden bitartean, eta baita ere handik ateratzen ditugunean. Muxu eta elkartasun besarkada iraultzaile bat Itziarri, eta nola ez, Ekhiñe, Iratxe, Oier, Xabier, Saul, Enrique eta baita ere Ugaitz Errazkin herritarrari.

Hernaniko Elkartasun Gunetik herritar oro animatu nahi dugu Euskal Herrian zehar mobilizatu dadin eta preso politikoen aldeko borrokan parte hartu dezan, herri bezala, EPPK bultzatuz eta babestuz. Haiek barrutik eta guk kanpotik tira behar dugulako horma guztiak bota eta denak etxean eta aske izateko.

Fresnes S.O.S!
Amnistia eta autodeterminazioa

Bilatu